Intimitatea(k)
Intimus hitzetik dator intimitatea hitza. In aurrizkiak adierazten du nolabait barnean dena. Intimitatea orduan, barnean duguna, norberak barnean daukan elementu gisa ezaugarritu daiteke. Definizio eta ezaugarritze bila ibili ziren Goizalde Landabaso, Miren Agur Meabe eta Xabier Gantzarain idazleak Geroa Hemen hitzaldi saioan.
Hainbat definizio argitaratu izan dira historian zehar. Zentzu guztietan xelebreena aipatzearren, Marylin Monroek intimitatea horrelaxe definitu zuen: “bide profesionala publikoan egiten da, talentua aldiz, intimitatean”. Meabek adierazi bezala, berehala zalantza eman daiteke definizio hau. Bertsolaritzaren adibidea ekarriz, talentua publiko baten aitzinean erakusten da. Noski, talentu hori intimitatean aitzinetik landua dela.
Dena dela, Jean Baudrillard filosofoaren ikuspegia ekarri nahi izan dut hona; intimitatea baita, bere ustez, “geure buruarekiko eta beste norbaitekiko ispilu eta konplizitate joko bat”. Definizio hau elikatze aldera, Gantzarainek hitzaldian bertan aipatu bezala, intimitatea partekatzea dena da. Alegia, norberaren intimitatea bestearekiko trukean eraikitzen da, denboran zehar, izaki sozialak garen heinean.
Meabek aldiz, intimitate mota ezberdinak plazaratu ditu. Emozionala, sexuala eta sozialaz izateaz gain, gaineratu du intimitatea literarioa ere izan daitekeela, fisikoa ere bai, sexuala izan gabe edota erlijiosoa ere bai. Batik bat, intimitatea positiboa edota negatiboa ere izan daiteke neurri batean.
Gantzarainek ekarri bezala, bi pertsona ezezagunen arteko begirada sakon bat izan daiteke intimitatea. Metroan, egun batez bi begiraden arteko unea biziki berezia izan daiteke, intimoa eta intentsiboa, pertsona hori ez duzulako berriz ikusiko. Bi begirada horiek gorrotozkoak ere izan daitezke nahi ez dugun pertsonarekin topo egiten baitugu sarri. Orduan, zauriarekin ere lot dezagun intimitatea. Sally Rooneyk, Normal people eleberriaren egilearentzat intimitatea “beste pertsonak mindu zaitzakeen onarpena” da.
Hemendik hainbat galdera atera daitezke: intimitatea da zinez barnean bakoitzak duguna? Ez dea bestearekiko partekatzearen bidez eraikitzen norberaren intimitatea? Intimitatea kulturala da? Politikoa da? Aldakorra da? Zenbat intimitate mota daude? Non gelditzen da gure intimitatea sare sozialen eragina ikusirik?
Intimitatea kulturala da. Gizakiak garen heinean, kultura baten eraginetik haziak eta heziak izan gara, nolabait ttipitatik kulturaren errekak bustitzen gaituen antzera handitu gara. Nola gure kultura kapitalismoan ere murgildua zaurgarri agertzeak ez digu mesederik egiten. Noski zaurgarriak garela eta bestearekiko intimitatean garaturiko konfiantzak lagun dezakeela bide horretan. Honen harira, bistan da gizarte heteropatriarkalak hezkuntzaren bidez hain zuzen, gizonoi anitzez autokontrol gehiago edukitzea irakatsi digula. Ondorioz, batzuetan anitzez errazago zaigu emakume bati gure arazorik intimoena kontatzea gizonezko bati baino. Gizonon artean filtroak ipintzen al ditugu intimitateaz mintzatzean? Lehiakortasunean bizi gara. Nola ez, Instagram aipatzea tokatzen den heinean, bestearen biziak inporta digu, guk gure bizia haren bizia baino hobea dela erakustera eramaten gaitu: argazkiak argitaratuz, gure intimitatea erakusleiho bihurtuz baita besteen intimitatearekin lehian emanez ere.
Intimitatea aldakorra da. Adinaren arabera ez dugu intimitatearen ikuspegi bera. Sinpleki, Meabek azpiamarratu gisara, gizakiok aldakorrak garen heinean, intimitatea ere aldakorra izanen da. Norbaitek ezezagun batekin larrualdi bat ukaitea ekintza intimo gisa ikus dezake. Patric Chéreauren Intimité filmak erakusten du nola Jay pertsonaia nagusiak emakume batekin larrutan egiten gelditzen den astezkenero, hitz bat bera ere trukatu gabe. Intimitatea ote da? Edo adikzioa? Azkenean, pertsona bakoitzak intimitatea bere erara definitzen du. Umoretik ere bideak jorratuz, Meabek iragarri zigun bere lagun batek egun batez “pertsona bakoitza armairu bat da” erran ziola. Armairuak zur ezberdinekin egin daitezke, ateak eman ditzakegu armairuari edo ez, kortinak, apalak etab. Finean, zenbat pertsona eta hainbat molde intimitatea definitzeko.
Intimitatea politikoa da. 1970eko hamarkadako “The personal is political” leloari helduz, bakoitzaren orientazio sexualaren aldarrikatzea ekintza politiko gisa har dezakegu. Intimoa denak ekintza politikora garamatza kasu honetan. Honek aldaketaren bidea eman diezaioke gizarteari. Bide beretik, hilabetekoen kudeaketa ere politikoa da. Gogora datorkit nola Meabek Kazakhstanen kasua aipatu zuen. Emazteen hilabetekoen inguruko tabu ikaragarria da, zenbateraino non, 2018an Janar Sekerbaïeva militanteak isuna ukan zuen hilabetekoen inguruko kanpaina bat eramateagatik. Intimoa dena politikoa da ere.
Nola ez, intimitatea eta teknologia berriak jorratzea derrigortu behar dugu geure burua. Berriki, Elon Musken enpresa batek, Neuralinkek, txipa berri bat garatu non kortexean sarturiko txipa izanik, gai den gure asmo fisikoen datuak biltzeko eta nolabait pertsona paralizatu bati laguntzea bere gorputzeko zatiak mugitzen. Ordea, medikuntzaz haratago eraman nahi da teknologia hau, noski. Prest gaude gure intimitatea makina baten menpe uzteko?
Sare sozialetan ere ez dakigu batzuetan noraino irits daitekeen gure intimitatearen muga. Intimitatearen forma berri bat garatzen ari gara? Estimititatearen kontzeptuaz ere aritu izan da Jacques Lacan psikiatra. Intimitatearen parte baten erakustea litzateke estimitatea, nolabait norberaren kanpora begirako “irudi ona” eraikitzeko bidean. Gaur egun Instagram bezalako sare sozialek, norberaren irudia argitara emateko desirak sortzen ditu. Pertsonarentzat nortasun eraikitzailea izaten den arren, norberaren intimitateaz zati bat publikatzea sare horren gunean kokatzea ahalbidetzen digu. Norberaren izatea baieztatzeaz gain, harremanak egiteko zein besteen harreman eta bizitza pertsonalen epaitzeko gaitasuna ere ematen digu. Sareen bidez eta batik bat, estimitatearen bidez eraikitzen baitugu errekonozimendu soziala ere.
Azken azkenik, sareetako fenomenoekin loturik, Intimidad telesaila datorkit burura. Itziar Ituñok antzezturiko pertsonaia nagusiak jazarpen profesional eta pertsonal ikaragarria jasaten du sarean zabalduriko bideo batengatik non ikusten zen bere senarra ez den beste norbaitekin larrutan ari zela. Zenbat izango dira kasu horretan. Argi eta garbi erakusten digu intimitatearen urratzearen salaketa egiten duela telesailak, geroz eta praktika zabaldua izanik sare sozialetan. Intimitatea eta estimitatea, pribatua eta publikoa, non dago muga?
Hainbat galdera zabaldu ditudan honetan, intimitateari doazkion lotura anitzak aldatuz doaz denboran zehar, adinaren arabera, pertsona bakoitzaren eraginez eta teknologiaren ondorioengatik batik bat.
Hau ikusirik, eni behintzat galdera eta erronka gehiago sortzen zaizkit. Eta zuei?