Artikulua :: JON EUGI 2023/04/20

Informatua egotea kaltegarria da?

Behategiak aurten aurkeztutako txostenak dioenez albisteetan “oso” edo “izugarri” interesatuta daudela dioten pertsonen ehunekoa nabarmen jaitsi da. 2017. urteaz geroztik berriak “batzuetan” edo “sarritan” saihesten dituztela diotenen kopurua bikoiztu egin da herrialde batzuetan. Hau lehendik datorren joera da baina finkatzen ari da. Alegia, pertsona kopuru batek nahiago du ezer ez jakin bere ingurune hurbilean nahiz munduan gertatzen ari denaz. Horretarako argudiatu ohi dutena (hobeto bizi direla ezer ere jakin gabe) harrigarria egiten zait. Ezjakintasunaren zoriona aldarrikatzen dute. Errealitateari bizkarra ematea ez da gomendagarria bizitzaren edozein esparrutan, orduan, zergatik informazioari dagokionez? Pertsona helduen interes falta honek zer pentsatua ematen dit.

Neurri batean, bizi dugun garaiaren isla dela ezin da ukatu. Abiada azkarrean bizi gara, ia ez daukagu denborarik nahi duguna egiteko. Beraz, titularrak soilik irakurri eta kito, zertarako gehiago sakondu albistean. Baina pertsona batzuek ez dute ezta hori ere egiten. Jokaera hori, jakina, pertsona bakoitzaren interes eta kezkei lotuta dago; ezeren gainean inolako jakin-minik izan ezean informatzeko lana hartzeko gogorik ez izatea da normalena. Baina informatu gabeko pertsona kriteriorik gabekoa da, nekez emango du fundamentuzko iritzi arrazoitu bat gai bati buruz. Beraz, txotxongilo baten parekoa da, erraz manipulagarria izan daiteke. Hain justu ere, sare sozialak erabiliz, hauteskunde garaian botoen joera aldarazten saiatzen diren enpresa ezkutuen helburu nagusia izan ohi dira. Ez naiz ezer asmatzen ari; hauek ez dira fikziozko kontuak, gertatzen ari da hauteskundez hauteskunde. Arrazoian baino emozioetan indarra jartzen duten mezu pertsonalizatuak bidaltzen zaizkie, batzuetan, bot edo kontu pertsonal faltsuen bidez, boto-emaile horien botoaren norabidea hautagai jakin baten alde lerratu dadin. Jende olde artaldetuak bere arriskuak ditu, bistan da.

Aldiz, albisteak jasotzeak hezi egiten gaitu eta kriterio bat ematen digu gertaerak epaitzerako orduan. Komunikabideak estatuko hiru botereen (legegilea, exekutiboa eta judiziala) kontrapisu papera jokatzeko jaio ziren, iritzi publikoa informatuz haien gehiegikeriak oztopatzeko helburuz. Horregatik deitu zitzaien laugarren boterea. Gaur egun, komunikabide tradizionalek indar pittin bat galdu dute sare sozialen hedapenaren erruz baina oraindik badute oihartzuna. Saiatzen ari dira joera berrietara egokitzen baina lehen ez zituzten trabak dituzte: jendearen ohitura aldaketak, arreta mantentzeko zailtasunak… Adimen artifiziala sektore honetan ere muturra sartzen ari da eta ikusteko dago izango duen eragina, jada gai baita albisteak idazteko. Webgune baten arabera kazetari lanbideak makinek egina izateko %40ko arriskua du, (idazleenak %49ko automatizazio arriskua). Martxa honetan, agian, makinek idatziko dituzte albisteak etorkizunean eta kazetariak elkarrizketak eta kaleko erreportajeak egiten ibiliko dira; ogibidearen behar berrietara moldatu beharko dira, bizirik jarraituko badute. Edonola ere, beti izango dira kontatu beharreko gertakizunak. Errealitatean agerian nahiz ezkutuago dauden kontuak azalera ateratzea, hori du bere lana kazetaritzak, ondorioz, funtsezko funtzioa betetzen du gizarte moderno honetan. Beraz, bizirik eta sasoiko behar dugu. Horretarako premiazkoa da berriak jaso nahi dituzten pertsonak egotea. Nik, hain txertatua daukat egunero albisteak jasotzearena, arraro sentituko nintzateke egunkariak irakurri, irratia entzun, edo eguneko gertakizunen irudiak telebistan edo interneten ikusi gabe. Kazetari izateak ekarri didan gauza onenetako bat albisteen bidez munduaren martxari erreparatzeko zaletasuna barneratu izana da, lizentziatu nintzenetik urte asko pasa diren arren, utzi ez dudana.

JON EUGI