Artikulua :: Hasier Larretxea 2025/11/13

Ikusten nauzu, baina jada ez nago hemen.  

Ikusten nauzu, baina jada ez nago hemen.

Bestearen begirada behar al dugu egon ahal izateko?
Mugimenduak ikuslearen eraldaketa eskatzen al du?
Begiradak jarraitzen ez duen puntu horretan zer gertatzen da?
Zein gertaeratik aitzinera itxi beharko genituzke begiak?
Badira burua bueltatu gabe ikusten ez ditugunak?
Eta burua bueltatuko bagenu, zer gertatuko litzateke?

Zer da proiektatzen duguna?
Proiektatutakoak egiten gaitu?
Eta zer itzultzen dizu bizitzak?
Gertaerek? Solasaldiek? Egoerek?
Ezkutatzearekin zerbait lortzen al dugu?

Mundua salbatuko dugu, ala gu mundutik?

Zer da salbatu beharrekoa? Gu ala haiek?
Zer gara gu eta zer dira haiek?
Aingurek salbatzen gaituzte? Sustraitzeek?
Itzalen mugimendu jarraiak?
Egunero adarren kulunkaren azpian iragaiteak?
Zergatik salbatu beharra dago?
Nondik egin dezakegu ihes?
Irtenbiderik bada?

Eta obsesioen batuketaz gain, zerbait ez al dugu izan nahi?

Hutsuneen batuketaren emaitza al gara?
Eta zuri, zerk obsesionatzen zaitu?
Non duzu mina?
Non duzu zauria?
Uko egiten dugun guzti hori baino ez ote gara?

Lehen galdu egiten ginen, orain ihes goaz.

Gotorlekuak irauli genituen, baina ez genuen itzulerako bidea zein zen ikasi.
Ba al dakizu zeren ihesi goazen?
Non ote dago mamua, tigrea edo basapiztia?
Galtzea ez ote da ihes egiteko modu bat?
Ihes egitea al da salbamena?

Eta ez gaude nahi dugun tokian, baina ba al da nahi dugun tokirik?

Errefusa da gure bandera zauritua.
Iraganekoa birrintzea, gureari zentzuren bat ematea.

Esan nor baztertzen duzun, eta esango dizut nor zaren.

 

*Oharra: Letra etzanean doazen esaldiak Izaki Gardenak taldearen “Orube” (Alde Iluna, 2024) diskokoak dira.
Hasier Larretxea