Artikulua :: Irati Jimenez 2025/10/21

Idazteari buruzko galdera batzuk

Idazlearen ofizioa beste edozein bezala, bere konpromisoekin edo ardurekin datorrela eztabadaezina iruditzen zait, eta EIEk eskaintzen didan leku honetan bertan, duela hilabete nioen moduan, euskal literaturaren kasuan, ardura horiek bereziki inportanteak iruditzen zaizkit, geure hizkuntzaren eta gure herriaren egoera hauskorragatik. Euskaldunok ez daukagu errepublikarik eta gure lurralde historikoak bi Estatu eta hiru administraziotan banatuta daude. Hizkuntza propio bat izatea da, maila handi batean, geure izatea ematen diguna eta gure literaturari bere garrantzia ematen diona. Eta idazleoi garrantzi horren mailako ardura eskatzen diguna.

Ardura hori ez dela inondik ere derrigor onartu beharrekoa esan beharrik ez dago. Hala ere, esan gabe doa idazle bakoitzak libertate osoa duela nahi dituen konpromisoak hartzeko. Nahi dituen guztiak eta nahi dituenak besterik ez. Baina dazle edo herritar bezala arduratuta bagaude hizkuntzarekin, nazioarekin, herriarekin edo dena delakoarekin, orduan geure buruari galdetu beharko diogu zer den idazle bezala gauza horien alde egin dezakeguna. Gauza batzuk garaiaren araberakoak izango dira, jakina. Baina badago, nire ustez, denok onartu beharko genukeen konpromiso bat.

Artearen autonomiaren aldeko idazleek ere onartzeko moduko konpromiso bat.

Gabriel Garcia Marquezen ustez, idazle baten lehen konpromiso iraultzailea ondo idaztea izan beharko litzateke.

Ados nago.

Eta ez zait okurritzen nor egon daitekeen kontra. Idazle kontrairaultzaileak edo iraultzan sinisten ez dutenak edo iraultzari buruz ezer jakin nahi ez dutenak ere ezin ditut imajinatu konpromiso horren kontra ezer esaten. Are gehiago, idazle batek ez badu onartzen, konpromiso bezala, lan on bat egiten saiatuko dela, nekez egin dezake beste konpromiso batzuei buruzko aldarrikapen sinesgarririk.

Garcia Marquezen ideia horrekin ados egotea ez da nahikoa ondo idazteko, jakina. Baina ados egotea ez da gutxi. Pentsatzen dut ados egongo direla baita artearen autonomian sinisten duten idazleak ere. Benetako literaturak gizartearen exijentzietatik libre egon behar duela sinisten duten idazleak artearen izenean hitz egiten badute, orduan onartzen dute emaitza artistikoaren kalitatearekin konpromiso bat.

Idazleak ados, irakurleak pozik.

Beste edozein esparrutan, beste edozein produkturekin eta beste edozein zerbitzurekin kontsumitzaileek, bezeroek edo herritarrek kalitatea eskertu egiten badute, zaila da imajinatzea zergatik ez litzatekeen liburuekin gauza bera gertatuko. Liburuak ez dira altzariak edo sagarrak baina muebleak edo sagarrak erosten digutenean nahiago izaten ditugu ondo egindakoak eta zapore onekoak, ahal bada. Ez dut uste liburuekin diferentea denik. Eta hau guztia esaten baldin badut, ez da gauza ebidenteak eta mundu guztiak konpartitzen dituenak esateko gogoa daukadalako, alderantziz baino.

Irakurleak ez dakit jabetzen diren. Eta ez dut uste kritikoak konturatzen direnik. Baina guk, lagunok, guk jakin beharko genuke noiz eman diogun geure buruari edozer publikatzen baimena, geure buruari ganorazko zerbait publikatzeko obligazioa jarri beharrean.

Guk bai. Guk jakin beharko genuke noiz egin dugun egin genezakeen libururik onena.

Sinetsi behar genuke idatzi dezakegula liburu on bat.

Jakin beharko genuke noiz lortu dugun.

Eta lortzen ez badugu, ez genuke publikatu beharko. 

Izan ere, batzuetan idazleak sentitu dezake ez daukala idaztea beste erremediorik. Badagoela bere baitan bera baino indartsuagoa den ahots bat eta ahots horrek idazteko exijitzen dionean, obeditu egin behar diola. Gerta daiteke. Idazlea zorionekoa bada, gertatu egiten da. Baina idaztera obligatuta sentitzen bagara ere, zorionez, inork ez gaitu argitaratzera obligatzen. Eta uste dut, bene-benetan uste dut, behar bezain ona ez den testu batek, bukatu gabe publikatu dugun lan batek edo kasurik larrienetan, ia hasi gabe publikatu dugun liburu batek kalte egiten duela. Epe laburrean, literaturari. Epe ertainean, irakurleei. Epe luzean, kulturari. Eta goiz ala berandu, idazleari berari.

Horregatik, idazleak ondo idazten saiatu behar gara. Eta behin ondo idazten dugula uste dugunean, hobeto idazten. Izan ginen idazlearekin lehiatzea literaturak eskaintzen duen lehiarik nobleena. Hemingwayren ustez, egon daitekeen lehia noble bakarra.

Eta gu baino askoz hobeto idatzi zuen halako arbaso bati, ez naiz atrebitzen arrazorik ez zuela esatera.

Besteak beste, arrazoi zuelako.

Zenbat idazten dugun, nola eta zer

Inoiz ez dira euskaraz gaur egun publikatzen diren baino liburu gehiago publikatu. Kopuruari dagokionez, liburuak asko ugaldu dira. Euskal hiztunak ere ugaldu bai. Irakurleak, ostera, kontrako norabidean joan dira. Galdu egin ditugu. Neure buruari askotan galdetu diot eta askotan galdetzen diot nolakoak diren irakurle horiei eskeintzen dizkiegun liburuak. Zenbatek merezi duten publikatu diren moduan publikatzea. Zenbat diren irakurleek merezi dituzten moduko liburuak. Zenbat diren ondo egindako ariketak, hasieratik irakurtzeko motiboak ematen dizkigutenak, bukaeran behar diren moduan bukatu direla sentiarazten digutenak. Zenbat diren irakurketa apasionanteak, lorpen benetan triunfalak. Ez dut esaten liburu guztiak halakoak izan daitezkeenik -ez dut uste liburu guztiak halakoak izan daitezkeenik-, baina uste dut idazleok era horretako anbizio gutxiegi dugula. Eta ez dut esaten beste batzuk eduki ezin ditugunik -eduki ditzakegu- baina irakurleek eskertuko ligukete, tarteka, geure buruari liburu memorableak egitearen erronka jarriko bagenio eta erronka horri apaltasunez eta esperantzaz helduko bagenio. Jakinik beharbada beti frakasatuko dugula, baina sinetsirik ez dugula beti frakasatu behar.

Esan nahi dut ondo dagoela idazle izatea, beste anbiziorik gabe, eta ondo dago idazle izateko anbizioa izatea, baina ondo legoke idazle bezala ere anbizio handiak izango bagenitu. Liburu handiak idaztearen anbizioa, esate baterako. Eta liburuz liburu hobeto idaztearena, adibidez.

Zer den ondo eta zer den hobeto eztabaidatu daiteke. Baina uste dut gutariko bakoitzak badakiela noiz egin duen gauza bat ondo eta noiz ez. Eta ez dakienak beharbada hasi beharko luke pentsatzen zergatik ez dakien eta nola jakin dezakeen. Izan ere, edozein ofiziotan ezinbestekoa da norbere eta besteen lana ebaluatzen jakitea eta idazleok gizartean ze prestijio daukagun ikusita, ez dut uste itxura ona emango genukeenik publikoki onartuko bagenu ez dakigula ondo idatzitako gauza bat eta txarto idatzitako gauza bat bereizten. Kontua ez da egin ote daitezkeen gauzak hobeto. Beti egin daitezke hobeto. Kontua da nola egiten diren hobeto. 

Hitzak egokiak aukeratzearen, moduren batean ordenatzearen eta apur bat ganoraz erabiltzearen ofizio honetan, nola hautatzen dira hitzik onenak, nola jartzen dira gehien komeni den ordenean, nola erabiltzen dira merezi duen zerbait egiteko. Hobeto idatzi behar dela esatea erraza dela esan dezake edonork eta egia da. Kontua da nola egiten den hori.

Niri dagokidanez, ez dut uste nola hori erantzuteko beste modurik dagoenik ez bada geure buruari zer galdetzea baino. Idaztera esertzen garenean, zer kontatuko dugun erabaki behar dugu. Eta uste dut komeniko litzatekeela erantzunen bat jasotzea. Gehiegitan idazten baitugu zer idazten ari garen erabaki gabe. Eta aukeran, beti da hobe zerbait esatea edozer esatea edo ezer ez esatea baino.

Edozer esateko, hobe da ezer ez esatea. Ezer ez idaztea.

Eta ezer ez esateko, hobe da ez esatea ezer. Ez idaztea ezer.

Idaztekotan, askoz hobe da zerbait esatea.

Hori da ondo idazteko modurik onena.

Zerbait kontatzea

Eta behin zerbait kontatzen hasita, zergatik ez dugu kontatuko nahi duguna. Esan nahi duguna esaten dugunean hitzak erraz etortzen dira. Zer esan nahi dugun dakigunean, esan egiten dugu. Batzuetan esan nahi dugunari eustea izaten da zaila. Are zailagoa izaten da gauza bat nola egiten den ikastea edo jakitea, gauza hori zer den ez badakigu. Baina zer galderari erantzuten diogunean hasten dira argitzen nola galderaren erantzunak.

Zer. Ondo idatzi nahi badugu, hori da geure buruari egin beharko geniokeen lehenbiziko galdera.

Gero datoz beste guztiak.

Nahi baduzue, datorren hilabetean elkarrekin egingo ditugu. Hemen berton. Geure artean.

 

Irati Jimenez