Sormen lana :: ARITZ GORROTXATEGI 2022/11/09

Idazleak ikastetxetan

Literaturaz eta irakurzaletasuna sustatzeaz eta zabaltzeaz ari nintzen enegarrenez ofizioko kide batzuekin (“iragan egun batez ostatu batean”…). Zer egin daiteke eskoletan ikasleak zaletzeko eta letren ingurumarian murgilarazteko? Zer mirari klase behar ote dugu irakurle kopuruak gora egin dezan? Abiapuntua, nolanahi ere, ez da oso baikorra. Izan ere, duela 30 urte, artean nire belaunaldikoak nerabeak edo gaztetxoak ginela, ez ziren askoz gehiago irakurzaleak, tantaka zenba zitezkeen. Jakina, elkartzeko joera genuen, eta horrek uste baino gehiago ginela sinestarazten zigun. Egia da orduan literaturak bazuela halako prestigio bat, baina denbora nobleki galtzeko alferlantzat jotzen zuten gehienek, batez ere helduek eta gurasoek. Letretako ikasleen erokeriak baino ez ziren gureak. Oraindik etorri gabeak ziren teknologia berriak, eta, ondorioz, ikus-entzunezkoen presentzia erabatekoa zen, nahiz garai hartan oraindik jendea irakurtzen ikusi autobus edo trenetan. Gaur ia ezinezkoa da hori. Gehienak pantailari begira doaz, hatzak ziztuaren abiadan mugituz. Tartean harri pare bat jarriz gero, ia ziur sua piztuko luketela. Aurrerabidea esaten omen zaio horri. Itsu-itsuan egin genituen geure teknologia horiek, ia gurtzeraino, eta orain gero eta gehiago dira teknologia horien ondorio larri eta kezkagarriez ohartarazten gaituzten ikerketak eta adituak (ikus, adibidez, Nicholas Carr-en ¿Qué está haciendo internet con nuestras mentes?). Azken batean, teknologiaren erabilera ez da jendeak uste duen bezain maleziagabea, halako teknologiek gure pentsatzeko modua aldatzen baitute. Entzungo zenuten, noski, teknologia berrien guruek pantailetatik urruntzen dituztela euren seme-alabak 16 urte bete arte, Waldorf pedagogia librea nahiago dutela.

Baina natorren harira. Eskolaz eta irakurzaletasunaz ari nintzen. Duela gutxi, hain zuzen ere, nirekin ikastolan ikasitako lagun batekin topo egin nuen. Aspaldi ikusi gabe geundenez, elkarren errepasoa egiteari lotu gintzaizkion. Zer moduz seme-alabak, zer moduz inguruko lagunak, Realari buruzko kontuak… Asteazkenero egunkarian idazten dudan artikulua irakurtzen zuela esan zidan, eta eskertu egin nion pazientzia eta leialtasuna. Eta, bide batez, ikastetxe berean ikasiak ginenez, aspalditik harrituta naukan kontu bat aipatu nion. Izan ere, bagara ikastola beretik (“zeinaren izena ez dut gogora ekarri nahi”) eta belaunaldi bertsutik ateratako hiru idazle. 1975ekoak gara bi, 1976koa bestea. 1975ean jaiotako beste horrek nik artikuluak idazten ditudan egunkari horretan kolaboratu izan du, eta 1976koak, berriz, ostegunetako zutabea idazten du bertan. Elkarrekin topo egin izan dugunean, inoiz edo galdetu izan diogu elkarri ea gure ikastola horretatik deirik jaso ote duten, hitzaldi bat emateko edo gure liburu bati buruz hitz egiteko. Bi lagun idazle horiek baieztatu izan didate haiei ez dietela inoiz deitu izan. Neuk ere baiezta dezaket ez nautela inoiz deitu. Egia da ikasi nuen ikastolan enpresaritzarekin eta ingeniaritzarekin tematuta zeudela. Antzera jarraituko dute gaur egun, ingeniarien eta enpresarien harrobi izaten. Ziur asko datu horiek jakinaraziko dizkiete gurasoei matrikulazio garaian, eta gurea bezalako gizarte pragmatiko eta materialista batean, amu erakargarria izango dira dudarik gabe.

Baina badira aipatu egoera are ulergaitzagoa egiten duten beste zenbait datu. Esaterako, gaur egungo zuzendaritzan eta irakasle postuetan gurekin garai batean ikasitako ikaskideak daude. Ezagutzen gaituzte, eta badakite idazleak garela. Ez hori bakarrik, gure irakasle izandako bat argitaletxe ezagun bateko lehendakaria ere izan da. Bada, hori hala izanda ere, ez dute gutako inor ikastolara deitu ikasleen aurrean hitz batzuk egitera. Azken finean, ez gara ingeniariak edo enpresariak. Ez ditugu oinak lurrean, jende bohemioa edo zentzugabea omen gara, edo arriskutsua, auskalo zer ideia inokulatuko baitizkiegu gaur egungo ikasle xaloei.

Adibide partikular bat baino ez da, eta jakin badakit beste ildo bat jarraitzen duten ikastetxeak badaudela, baina zerbaitek esaten dit gure ikastolaren adibidea nahiko orokortua dagoela, literaturak ez duela prestigiorik, eta ez zuela lehen ere. Zaila ematen du une honetan ikuspegi zurrun eta utilitarista hori aldatzea, baina horretan jardun behar dugu. Irakurle gazteei zuzendutako hitzaldi batean, García Lorca poetak denok barruan daramagun eromen haiza literaturaren bidez elikatzera gonbidatu zituen. Hura gabe “benetan zentzugabea” bailitzateke bizitzea.

ARITZ GORROTXATEGI