IDAZKETA SOMATIKOTIK HARAGO
Ziurrenez, noizbait “eztarrian korapilo bat dut” esaldia entzun edo esan izan duzue, kezkatzen zintuzten egoera edo emozioren bat hitzez adieraztea lortzen ez zenutenean. Eta, modu berean, “burua galdu” edo “barruak nahasi” bezalakoak ere seguru erabili dituzuela, eta horrela, gorputzaren zatiren bat eta horrekin lotzen den emozioa oinarritzat duten esamoldeen zerrenda luzea egin genezake.
Eta aztertzeko moduko gaia izan arren, oraingoz ez da nire asmoa analisi bat egitea, irakurketa honi begi bat botatzen dioten idazleek identifika dezaten beren gorputzaren geografiako zein puntu zehatzetan ari den sortzen esku artean duten azken lana. Berriz, testu honen bidez irakurleari beste zerbait eskaini nahi izango nioke, hots, gogoeta desberdina planteatzeko aukera. Arrazoitik urrundu eta gorputzera bidaiatzeko proposamena luzatu. Bai, 80ko hamarkadako film hartan bezala non armadako pilotu bat nimino bilakatu, kapsula batean sartu, eta, hutsegitez, laborategiko untxi baten barnean amaitu beharrean, gizon xelebre baten gorputzera isuria den. Bere jatorrizko izenburua Innerspace izan bazen ere, hemen Euskal Herrian “Txip Miragarria” edo “Barne Abentura” bezala ezagutu genuen. Pentsatzen dut gogoan izango duzuela. Bide batez, eta argigarri gisa, film hori 60ko hamarkadako aurreko film batean oinarrituta dago, “Bidai Harrigarria” izenekoa eta, aldi berean, hura Isaac Asimoven izen bereko lan baten argumentuan sustraitzen da, Fantastic Voyage delakoan.
Dena dela, eta idazkiaren asmoari buelta eginez, historikoki zenbait organoek beste batzuek baino zorte handiagoa izan dute, eta tradizio horren isla, adibidez, jakin dezakegu Becquerren desamodiozko poemek hotz mantentzen ziotela gibela. Edo, again, alderantziz. Batek daki. Kontua da gibelak betiko izango duela etiketa hori bere gain. Hala ere, gure gorputza berriro kodifikatu ahal izango bagenu, literaturaren bidez bada ere –eta ez da gutxi–, haren genetika birsortu ahal izateko. Hori exorzismoa litzateke? Ez dakit, baina askotan, idazten hasi baino lehen, bidaia hori egitera ausartzen naiz. Ez da berez adorea behar, ez baitaude prozesu honetan kapsula txikiak, txikiagotze derrigortuak edo xiringak. Kasu honetan, askoz sinpleagoa da: nire burua bakartu, eta orrialdea nire organismoaren esku jartzen dut. Aitortu beharra daukat, zenbaitetan, arrazoia dabilkidala ukitutxoak ematen eusten ari zaidan organo horretan txintxeta bat iltzatzeko gogoz, jakiteko eta bere biltegi berezian gordetzeko, adibidez, tristura sakon bat zeharkatzen dugun bitartean birikiei heltzen diela emozioaren ikusezinak.
Baina, esan dudan bezala, orain ez zait arrazoimena interesatzen. Emozioak non pilatzen diren edo nondik iragazten diren jakiteko, badaude gidak, edo baita formazio espezifikoak ere, agian idazketa terapeutikoaren esperientziari lotuagoak. Baina horretaz beste egun batean hitz egingo dugu, izan ere, azkenaldian aztertzen ari naizen gaia da, laster emango dudan trebakuntza dela eta. Egiteke dauden gauzen zerrendan utziko dugu, beraz. Oraingorako zerbait sortzaileagoa egiteko apetak eman dit. Demagun, nire gorputz-atalak hizketan jarriko balira, zer esango lukete beren kontura? Saiatu naiz entzuten, eta hauxe da nire gorputzaren desautomatizazioaren fruitu esnaera sentsorialaren lagin txikia.
Bazen behin, esku oso hidratatuak. Inork ez zien lehenago esan haien ukendua agian ez zela besteen gustukoa izango. Izan ere, baziren beste esku hotz batzuk haien beroaren beharra zutenak. Edo, are gehiago, haien lasaitasun eta sendotasunaren bila ibiltzen ziren esku dardartiak ere bazeudela. Gainera, festetan beraiek ziren sorbaldei hobeto eusten zietenak dantza egiterakoan. Narrastien trakzio izugarria. Era berean, beste erresuma urrun batean, beso antxumatuak ez lirateke mesfidantzaz ikusita egongo, atseden hartzen ari diren giharrak bezala besterik ez. Besarkatu, laztandu, dantzatu, aldarrikatu edota umeak altxatu eta gero, hibernaziorako garaia heltzen zaie. Baina ez urtero, baizik eta ia orduro. Beste batzuen sostengua izatea lana da. Geldi egotearen guztiz kontrakoa, eta ondo egindako zereginaren ondorioa. Begien artetik euria ari duenean, esaterako, ez da ezkutatu behar. Ura oparotasuna da. Horregatik, urruneko herrixka horietan, jendea blaitzera kaleratu egiten da. Malkoek garbitasuna dakartelako, eta, batez ere, zoriona.
Jarrai nezakeen, baina zutabe honen espazioak mugatua, horiek dira, besteak beste, nire eskuek, besoek eta malkoek, ahal izango balute, sortuko lituzketen narrazioak. Haien egia. Gainerakoa kopla hutsa da. Ez da izerdia. Ez da deserosotasuna. Ez da ahulezia. Edo ez hori bakarrik.
Egia esan, ariketa honen azpian ez dago soilik l'art pour l'art sorkuntza. Garrantzitsua da oso kontra-dokumentuak sortzea, zeinek ustezko historia nagusiari aurre egiten diotenak, gure historia propioa bada ere. Eta horiek ditugu gure testuak. Gure berbak. Gure emozioak. Gure gorputzak, azken batean. Hortaz, zureek, zer esango zuten? Hemen, lagunak, pasatzen dizuet erronka honen lekuko: idazketa somatikotik harago bidaia egiteko gonbita.