zutabea :: Bertol Arrieta 2022/04/27

HURA LEHERTU IZAN BALITZ

—Hura lehertu izan balitz, zu ez zinen hemen egongo.

Eta algara ezin ozenagoa segidan. Hala oroitzen dut aitona Julian, barre-karkailaka, nahiz eta mila deabruren jenioa zeukan. Ikaragarrizko eztabaidak izaten zituen bere alabarekin. Nire ama da bere alaba.

Gordeta daukat liburuen artean egunkaritik moztutako errekorte bat, bere argazki eta guzti, 90. urtebetetzean nire amak enkargatu zuena. Egunkarian agertzeak egin zion ilusioa!

Aurpegi borobila, betaurrekoak, burusoil nabarmena, orin handi bat ezkerreko begiaren gainaldean, ahoa erdi irekita, ezin jakin algara bat edo garrasi bat jaulkitzeko prest.

Izugarrizko grina zeukan jateko, gerra eta gerraostea bizitako askoren moduan. “Earra ziok” esaten zuen, berdin arrautza frijitu soilarekin edo txuleta onenarekin.

Ez ote zidan hikaz egiten?

—Hura lehertu izan balitz, hi ez hitzan hemen egongo.

Lausoak dira txikitako oroitzapenak. Azkenean ezin jakin norberarenak diren, edo asmatuak edo…

Beren etxeko korridorean ikusten dut hitzok esaten, lurrean eserita, purearen plater sakona eskuetan, ni nintzen 3 urteko haurrari koilara eskaintzen, “jan ezak, benga”. Badakit argazkiarengatik oroitzen dudala horrela, badelako nonbaiten halako argazki horitu bat: aitona purea emanez niri, korridorean eserita. Ipurterre bat omen nintzen, ezin mahaian jarri bazkaritarako ere.

Badakit ezinezkoa dela orduan nintzen 3 urteko haurrak istorio hau gogoan gordetzea. Aurrerago ere kontatu ote zidan?

Gabon gauean betetzen zituen urteak eta angulak ekartzen zizkigun afaltzeko, harro. Ez ziren hain lotsagarriki garestiak garai haietan, baina batere merkeak ere ez edonola. Ospakizun bikoitza ondo zelebratu beharra zegoela esaten zuen. Urte osoko bere kapritxo bakarra izaten zen, ez zuen dirurik alferrik xahutzen.

Aitona guztiek daukaten ohitura bera zuen, nire 40 urteak ondo beteta ni ere tarteka errepikatzen hasi naizena: sopak egiten zituen kafesnetan.

Santoñan entregatu ziren Loiola batailoikoak.

Ez zen nolanahikoa izan hartu zuen poza, Eusko Jaurlaritzak dirutxoa eman zionean Batallón de Trabajadoresen esklabo-lanetan egindako bi urteengatik.

Donostiako portuan bada itsasontzi bat bere izen berekoa. Bi daude, egiazki: “Aitona Julian” eta “Aitona Julian II”. Zer egin ote zuen aitona Julian honek bilobaren batek baporeari bere izena jar ziezaion?

Bera hil zenetik ez dut angularik dastatu.

“Basoan ezkutatu ginen. Bazekiten han geundela. Ziztuan pasa ziren hegazkinak, bonbak bota zituzten. Hiru metrora erori zitzaidan bat. Hiru metrora! Soinu lehorra egin zuen. Ez sinistekoa, e! Hura lehertu izan balitz…”.

Eta barre-algara ozen hura gero.

“Jan purea, benga!”.

Bertol Arrieta