Artikulua :: Miren Mindegia 2024/07/02

Hortzak zorroztu

Furgoneta eta kamioi txikiak han-hemen ostatu eta peñetako despentsak betetzen, arropa txuria dendetako erakusleihoetan salgai eta etxetako balkoietan hedatuta, bisitariak nonahi, zapi gorria lepotik zintzilikatzeko prest… Giro berezia sumatzen da Iruñeko kaleetan azken egunotan. Jendartean, sentipen arraro xamarra partekatzen dugunaren sentsazioa, urduritasuna, galbana, gogoa eta ezinegona nahasten dituen toki estrainio horretan. Hurbiltzen ari dira, hemen dira kasik, oroitzeko eta ahazteko bere “unetxo” guztiekin datoz. Eta ez dakigu zer datorkigun.

Ezinbertzean, emakumeak garen biztanleriaren erdiarentzat, sanferminek badakarte pisu gehigarri bat, bestaz gozatzeko oraindik ere eskubiderik ez dugula gogoratzen digun bizipen historial luze batetik eratortzen dena. Denek ala denek jasan izan baitugu, modu batera edo bertzera, sotilago edo bortitzago, indarkeria egoeraren bat testuinguru honetan. Beste kontu bat da indarkeria egoera hori identifikatzen jakin dugun edo ez. Baina jasan, jasan ditugu. Gure-gureak batzuk, besteenak ere, denonak aldi berean. Egoera hau besta testuinguru guztietan errepikatzen dela erratea soberan dago, baina egia da sanferminek badaukatela gehigarri bat, urte luzez marketing kanpaina gisa lege eta araurik gabeko paradisu matxirulo bezala saldu izanaren ondorio. Askatasun delako hori, doike, gizon zuri heteronormatiboentzat bideratutakoa zen (eta da), aski ongi genekien (eta dakigun) bezala. “Etorri eta egin ezazu txortan nahi haina” bezalako mezuak, esplizituak zein ez, ez genituen sekula gurekotzat hartu. “Kasu zer egiten duzun, ez edan sobera, ez elkartu ezezagunekin, ez bueltatu bakarrik etxera” bezalakoak, aldiz, guk, soilik guk, jasotzen genituen.

Etsigarria da bestak hasi baino lehenago ere ezinegon sentsazio hori eduki behar izatea. Hortxe hasten da hain zuzen ere zapalkuntza, injustizia. Aski ongi gogoratzen dut nerabe nintzenetik sanferminek itsatsita zeramatzatela arrisku usain hori. Ez zen geldiarazten zintuen izu bortitz bat, alerta egoera sotil bat baizik. Basotik doan azeria begirada zorroztu eta belarriak tente jartzera eramaten duen seinale isil baina ukaezin bat. Bortxaketak salatzen ez ziren garaiaz ari naiz. Orduko hartan, gogoan dut kasik eguneroko ogia zirela Iruñean. Sarasate pasealekuko tonbolaren bertsio makur baten moduan, zorte kontua zen nori tokatuko zitzaion eta zoria eta ardura, biak ala biak, norberarenak ziren.

Aunitz gertatu da, bai bortizki gertatu ere, ordutik ona eta, tristeki, egundaino ezin dugu erran egoera iraultzea lortu dugunik. Kasu eta izen zehatzak gogoratzerakoan sumina eta gorrotoa biziberritzen diren arren, beharrezkoa suertatzen da ere mugimendu feministatik egindako borrokari esker lortutakoa nabarmentzea, gertatutakoa denboraren galbahetik igaro ondoren kontatzea. Gure burua kontatzen dugunean lortzen baitugu emandako urrats horietako bakoitza finkatzea, atzera bueltatzeko arrisku handia duen bide malkartsu honetan.

Hain zuzen ariketa narratibo horixe bera egiten du Almudena Carracedok eta Robert Baharrek idatzi eta zuzendutako No estás sola dokumentalak, 2016ko sanferminetan gertatutako talde bortxaketaren kasua kontatu bakarrik ez, eta sexu indarkeria matxismo sistemikoaren testuinguruan zehaztasunez kokatzen duen filma. Egunotan ikustea eta berrikustea merezi duen lan honek argiki erakusten digu Nagore Laffageren hilketatik hamar urtera gizarte mailan emandako jauzi erraldoia. Etsipenetik gorrotora, paralisitik ekintzara doan jauzia, hain zuzen ere. Tristura isiletik, “Hau ez da abusua, bortxaketa da!” oihuaz Euskal Herri osoko kale eta plazak betetzera doan berbera.

Gure burua horrela kontatzen dugunean sanferminek eragin diezagukeen ezinegon sentsazioa neurri batean baretzen dela iruditzen zait. Egia da errealitatea ez dela nahi haina irauli. Ez dugu berdintasuna erdietsi, ez besta giroan ez beste inon. Gure gozatzeko eskubidea mugatuta dago. Indarkeria matxista aurrean daukagu. Eta Iruñeari sanfermin usaina dario baina, orain, begiak eta belarriak bakarrik ez, eta hortzak ere zorroztu dituzten azeriak gara.

 

Miren Mindegia