Hollywooden distiraren itzala
Hollywoodeko gidoilariek greba egin dute baldintza ekonomiko hobeak eskatzeko. Ikus-entzunezko plataformetarako egindako lanaren ordain gisa diru gehiago jasotzea nahi zuten eta hilabete baino gehiago luzatu den lan-uztearen ostean, akordioa lortu dute Zinema eta Telebista Ekoizleen Akademiarekin. AEBetan zinemaren industrian lanean aritu izan diren idazle, aktore eta zuzendariek makina bat gora-behera pairatu izan dituzte historian zehar eta haien bizipenek hainbat fikziozko obra inspiratu dituzte, bai zineman eta baita literaturan ere.
XX. mendeko lehen hamarkadetan industria horren garapena gertatu zen. Hasieran, produkzioak soinurik gabekoak ziren baina 1927. urteko The jazz singer filmak (hau da ofizialki irudiekin batera soinua ere bazeukan lehen pelikula) funtsezko aldaketa ekarri zuen eta, horri esker, urrezko aroa hasi zen. Hain justu ere, Damien Chazelleren Babylon filmak mutua zen zinemagintzatik soinudunerako trantsizioa nola gertatu zen erakusten du. Fikziozko lan honetan Margot Robbinek jokatzen duen paperak aktore lanean arrakasta bila doan pertsonaiarena egiten du. Izan ere, sorreratik bertatik joan ziren pertsonak estudioetara filmetako izar bilakatu nahirik baina denek ez zuten lortu, gutxi batzuek baino ez. Dirua eta ospea bilatu arren aurkitu ez duen pertsonaiaren istorioa ez da soilik zinean kontatu, ordea. Esate baterako, literaturan antzeko kasu bat errealismo handiz aurkeztu zuen Horace McCoy idazleak Hobe nuen etxean gelditu liburuan (Igela argitaletxea, Fernando Reyren itzulpena). Aktorea izateko ametsa hurrengo baterako utzi beharrean da eleberri honetako protagonista.
XX. mendea aurrera jo ahala industria oparoa bilakatzen ari zen zinemarena eta produkzio estudio handiek (Metro-Goldwyn-Mayer, Twentieth Century Fox, Paramount) talentua bilatu zuten. II. mundu gerraren ondoren Kalifornia zuzendari askoren aterbe izan zen, aurrez Europatik naziengandik ihesi joan zirenena ere bai. Wilder, Lubisch, Fritz Lang… zerrenda luzea da. Bitarteko gehiagorekin lan egiteko aukera izan zuten. Aldi berean, pantailara eramateko istorio onak sortu zitzaten idazleengana ere jo zuten produktoreek; Raimond Chandler, Tenesse Willians, edo Willian Faulkner izan ziren kontratatu zituztenetako batzuk. Azken honek gerora (1949) literatura Nobel saria jasoko zuen, besteak beste, Hotsa eta ardaila liburu laudatua idazteagatik. Obra txundigarria, idazleak ez duelako istorio guztia kontatzen eta irakurleak osatu behar duelako AEBetako hegoaldeko familia aristokrata baten gora-beheren errelatoa. Alabaina, Faulknerren esperientzia mikatza izan zen zine industrian. Hau gogoan, (harengan inspiratua ote zen espekulatu zen) nola ez ekarri hona Cohen anaien Barton Fink pelikula. Bertan, antzerki idazle bat (John Turturrok antzeztua) Hollywooden lan egiteko kontratatzen zuen produkzio etxe bateko nagusiak baina, tamalez, sortzaileak blokeo egoera latz bat jasaten zuen fundamentuzko ezer idaztea uzten ez ziona. Filmak hainbat sekuentzia ahaztezin utzi zizkigun oroimenean.
Los Angelesen idazle gisa karrera egin nahirik ibili zen beste bat John Fante izan zen. Charles Bukowskik, liburuen salmentan arrakastaren aparretan igeri egitera salto egin zuenean, hura irakurtzeko gonbita egiten zuen. Fantek, nobelagintza albo batera utzita, 1940ko hamarkadaz geroztik gidoilari lanean pasa zituen urte batzuk Hollywooden. Berak idatzi zituen Richard Quineren Full of life (1956) (bere liburu baten egokitzapena dena) eta Edward Dmytryken Walk on the Wild Side (1962) filmen gidoiak, baina, aldiz, beste istorio asko alferrik idatzi zituen ez zirelako pelikula bihurtu. Jardun hark ez zuen asko gogobete eta horren isla da Bunker Hilleko ametsak liburua, hura hil baino urtebete lehenago argitaratua 1982an, (euskaraz Elkar argitaletxean ikusi zuen argia, 1991an, Aintzane Ibarzabalen itzulpenean). Eleberriko pertsonaia nagusia Arturo Bandini da, idazlearen alter egotzat jo dezakeguna, (protagonista hau bere beste hiru eleberritan agertu zen). Liburuan Bandini Kaliforniako hiri eguzkitsura doa bizitzera eta gidoilari lanean hasten da baina gauzak ez zaizkio nahi bezala aterako eta berak idatzitako gidoia ezerezean nola gelditzen den ikusiko du amaieran. Porrota ezagutuko du honek ere zinemaren meka deiturikoan.