Artikulua :: Miren Mindegia 2024/06/04

Hobetu beharra

Hitzaldiak. Foku, su artifizial, eszenatokitzar, colab, brilli-brilli, koreografia, boom eta bideo-pantaila erraldoien garaian, soiltasun idorreko ekitaldiak dira hitzaldiak. Pertsona bat gai baten inguruan solas egiten publiko baten aurrean. Bertzerik ez. Amu gutxi ditu berez jendetza erakartzeko, osagai urri clickbait masiboaren eragina izanen duen post bat idazteko ere. Ezdeusa, iragarpenen iragarkien aroan –azken aldian hain modan jarri den egiteko modu honek hausnarketa sakon bat eskatzen du–.

Eta hala ere, badira “sold-out” kartela zintzilikatzen duten hitzaldiak. Erran gabe doa “sold-out” figuratiboa dela, gehienetan hitzaldiak doan izaten diren heinean. Lepo dagoen areto bat ikusten dudanean, nire buruari galdetzen diot ea zerk eramaten duen jendea zerbait erranen duen norbait entzutera, bestelako pretentsiorik gabe. Edo akaso inoizko eta inongo pretentsiorik handienarekin, zer dakit nik. Entzuteak, printzipioz hain ekintza sinplea denak, esfortzu ikaragarria eskatzen baitigu. Gure arreta solas egiten ari den horrek erraten duen horretara zuzentzera behartzen gaitu. Atentzioa: komunzulo digitaletik behera joan zaigun gaitasun horixe bera. 

Tira, ba ahalegin hori egitea hautatu duten jendez lepo zeuden bi hitzalditan egoteko aukera izan dut azken aldi honetan. Horietako bat Irantzu Varelak Iruñeko Emakumeen Etxean emandakoa, berriki plazaratutako Lo que quede bere lehen liburuaren harira. Zer erran Varelaren inguruan dagoeneko erran ez denik. Ikaragarria dela egin duen lana, hitzaren zentzu zabalenean: ikaragarri ona, ikaragarri gogorra, ikaragarri beldurgarria, ikaragarri dibertigarria. I-ka-ra-ga-rri-a. Aretoa murritz, oso murritz gelditu zen aurkezpenean eta, bero ikaragarria eginagatik ere, leihoak ixtea erabaki genuen bertan sardinak latan bezala geundenok, kanpoko obra asotsari Irantzuren ahotsa gailentze aldera. Giro itogarri baten aldeko apustua argia zen, hitz askatzaileetara heltzearen truke. Inork ez zuen han hitz bakar bat ere galdu nahi. Leku hartatik feminista izateaz konbentzituago, erradikalago atera ginenaren sentsazioa daukat. Indarberritze sentsazio bat. Noizbehinka beharrezkoa den adrenalina txute bat bezalakoa izan zen ironiaz, umorez eta egiaz blaitutako bere solasa. 

Bigarrena, pasa den astean Katakrakeko goitiko aretoan eserleku eta banku gehiago jartzera behartu zuen hitzaldi bat izan zen, Silvia Federicik eta Raquel Gutierrezek emandakoa. Hain da zabala bi emakume hauen jakintza, ordu eta erdiko tartea eskas gelditu zela beraiekin. Gutierrezek berak esan zuen bezala, bizi gaituen sistema kapitalista basati honek ebatsi digun gauzarik baliotsuena denbora da, eta hain zuzen ere denbora izan zen beraiekin falta izan genuena. Lanaren antolakuntzaz, indibidualismo bortitzaren ondorioez, komunalen beharrez, sareen garrantziaz aritu ginen beraiekin. Eta gerraz, indarkeriaz, militarismoaz eta antimilitarismoaz. Emakumeok mundua zeharkatzen duten eta gu zeharkatzen gaituzten indarkeriaren aurrean egin dezakegunaz. Indarkeriaren beraren zilegitasunaz. Izan ere, indarkeria sistemikoa eta estrukturala denean, zuzenekoa zein zeharkakoa, ez al da balizkoa indarkeriarekin defendatzea? Zer nolakoa izan behar du erresistentzia indarkeria horrek, biolentziaren espirala eteteko? Hitzaldi hartatik feminista izateaz konbentzituago, solidarioago atera ginenaren sentsazioa daukat. Indarberritze sentsazio bat. 

Bi hitzaldien kasuetan, inguratzen gaituen errealitatea ikuspegi berri batetik begiratzeko abagunea izan genuen bertaratu ginenok. Kokaleku berri batean jartzekoa bizitza den ikuskizun handi honetan. Aldatzekoa ere, hobetzekoa, nabarmenki. Kontzienteago izan ginen oraindik ere aldatzeko eta hobetzeko aunitz daukagula. Bi kasuetan, egon izan naizen hitzaldi orotan bezala, publikoaren gehiengoa –%90tik gora erranen dut ez erratzeko batere zalantzarik gabe–  emakumeak ginen. Dirudienez gizonek ez dute aldatzeko, hobetzeko eta, finean, entzuteko inolako beharrik. Dirudienez gizonek ez dute feminista izateko beharrik. 

Miren Mindegia