Artikulua :: Iratxe Ormatza 2025/07/15

Hizkuntza eta kultura, maitasunaren eta ilargiaren antzean

Sortzailea bakarrik dago hausnarrean, barruko beharrizan batetik hasten da, barruan kabitzen ez zaion beharrizan handiegi batetik. Grinaz heldu eta biribildu arte ekinean segituko du. Burutu eta gero erakustaldia hasiko du: hizkuntza-kideekin partekatuz lana osatuko du.

Hizkuntza bat edo beste bat hartuko du sortzaile elebidunak arrazoi intimo, sozial edo politikoengatik. Guztiei ez die modu berean eragingo, eta batzuei izan liteke hizkuntzak gutxi eragitea. Hala ere, sortzaileak berbak aukeratu beharko ditu: zer oihartzun edota soinu duten, zer eragiten dioten berari eta hizkuntza horretako hiztunari.

Uste bat dabil aspalditik herri honetan ordea: gauza bat da hizkuntza eta beste bat hiztunak, hizkuntzak komunikatzeko dira, tradizioak jasotako ohiturak dira eta berez errepikatzen dira, sortzaileak ohiko lana nahi ez duten eta premiazko ekarpena egiten ez duten pertsonak dira, ordaindu gabe ere sortzen dutenak, diru-sarrerak ez dira beharrizan bat haientzat.

Hizkuntza bat kultura bati dagokio, ostera; bereizezinak dira. Hizkuntza bat ez da komunikatzeko morse kode bat, ez da existitzen hiztunengandik, komunitatetik, kulturatik aparte. Hizkuntza hiztunek, komunitateak eta kulturak osatzen dute. Hiztun aktiboak eta hizkuntza horretan bizi direnak behar ditu hizkuntza batek, komunitatearen muina eta mamia dira, sua eta garra.

Hizkuntzak gerora hiztunak izango baditu, komunitate horrek burujabea izan behar du, kulturan ere burujabea. Hiztunek, berriz, kultura behar dute oroimen kolektiborako, tradizioak gaurkotzeko, irudimen garaikidea eratzeko, mundu berriak sortzeko, bestelako berbak eta esamoldeak barneratzeko, baita sortzeko ere. Horretarako sortzaileak (ere) behar dira, kultura eraldatzeko, irudimen gaurkotuak sortzeko, geure burua, iragana, oraina eta geroa azaltzeko eta ikusmolde berriak eskaintzeko. Modu berean, sortzaileek ere komunitate bat behar dute, komunitateari entzuteko, jarduteko, ihardesteko.

Euskaraz sortzen duenak euskaldunak behar ditu zirkulua osatzeko. Zein da gaur egungo egoera? Batetik, egoera globala dago: oro har gutxituz doa sorkuntza-lan jakin batzuk (zinemetako filmak, liburuak, arte eszenikoak, musika eta dantza) ikusten, entzuten edo irakurtzen dituztenak, are gutxiago horregatik ordaintzen dutenak. Bestetik, eta gurera etorrita, euskaldun askok erdaraz ikusten, entzuten edo irakurtzen dituzte sorkuntza-lanak, ez daukatelako euskarazko sorkuntza-lanen berri, gaztelaniazko hedabideetan eta edukietan dabiltzalako, eta horiek ez dute zabaltzen euskarazko edukirik ia.

Badago besterik ere. Euskararen kalitatea erdigunera atera da. Azkenean! Hizkuntza-maila apalagoa duten euskaldunei ahalegin handia eskatzen die sorkuntza-lana ulertzeak, handiegia haien iritziz. Euskaraz bizi diren askori ere neketsua egiten zaie euskarazko sorkuntza-lana ulertzea, eta erdarazkoetara jotzen dute. Horien barruan daude euskaraz lan egiten duten batzuk ere, irakasleak, euskarazko C1 duten funtzionarioak, kazetariak… besteak beste.

Beharrezkoa da, beraz, sorkuntza-lanek oihartzun handiagoa izatea (zuzeneko publizitatea eta, zeharka, haiei buruzko solasaldiak), sorkuntza-lanen eskaintza ugaria eta era askotakoa izatea, besteak beste, eta kulturaren arnasguneak sustatzea. Horrek ohiturak aldatzeko bidea emango luke. Hasteko behintzat.

Kulturarako beti dago diru gutxi, kulturako sortzaileak eta herri-ekimenekoak beti eskean egon beharko balute lez. Gehiegitan gaztelaniarekin ere partekatu behar dute, gainera. Kultur dinamika edota proiektu batek indarra hartzen duenean, sarriegi dirulaguntzak ukatzen zaizkio, adarrak inausiz, baita zuztarrak ere inoiz, beste proiektu batzuei ere eman behar zaielako. Euskararen alde daudela diote, eta euskal kulturaren kontra egiten dute. Kulturan inbertituz gero, komunitatea indartzen da. Migrazioaz ere berba egin behar dugun honetan, inklusiorako eta hartu-eman aberatsa sortzeko abagunea da. Aterpe ezin hobea elkarri ulertzeko.

Euskal kulturari lotutakoa beti da prekarioa. Modu berean bizi dira sortzaileak, estu, eta horrek haien buru-osasunari ere eragiten die, eragin eta eraso. Kulturak sortzaileak behar ditu, eta artistek sortzeko lan-baldintza duinak behar dituzte. Behar egiteko denok behar dugu lan-baldintza duinak.

Baina, herri honetan, kanpora begira bizi gara nor garen jakin barik. Gehiago dakigu AEBetako institutuetako giroaz, poliziez eta soldaduez, geure iraganaz eta orainaz baino. Hango bizimoduak ikusten, irakurtzen eta entzuten ditugu. Horrek desafekzioa, hoztasuna dakar, geureari duen balioa ez ematea, ardurarik ez hartzea.

Hizkuntza batek hiztunak behar ditu, hiztunek komunitatea behar dute, komunitateak kultura behar du, kulturak sortzaileak behar ditu eta hizkuntzak eta hiztunek kultura behar dute. Beraz, hizkuntza biziberritzeko, kultura biziberritu behar da.

Hizkuntza eta kultura, ilargiaren eta maitasunaren antzean, handitzen ez badira, txikitzen dira. Ez dago erdibiderik.

Iratxe Ormatza