Artikulua :: Itxaro Borda 2025/03/18

HITZEN BURRUNBA

Mugaz bestaldeko biztanleak -zuek, nagusiki, gure euskal irakurleak- zoriontsu zarete Hispaniako lurraldeko hizkuntza ezberdinak biltzeko GALEUSCA erakundea daukazuelako. Zortez, 90eko hamarkadan zehar, behin baino gehiagotan, enkontru horietan parte hartzeko plazera ukan dut, Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian. Eskualde horietako idazleekin harremanetan egon naiz, -eta nago oraindik-, batzuen mintzairak ikasteraino! Nor ez da oroitzen Andorratik etxerakoan zer nolako erresaka nabaritzen genuen Port de la Bonaiguako bihurguneetan gora gentozela edo Ebre ibaiaren deltan barna ibili ginenekoaz. Memoria zehatz eta hunkigarriak elikatzen du literatura.

Mugaz honaindi honetan aldiz, Frantses Errepublikaren eremuan hots, zailtasunak ditugu estatuko beste hizkuntza autoktonoetan ari diren kultura sortzaileekin batzeko. Urte batez lortu genuen, Bardozen adibidez, bretainiarrak, okzitanoak, alsaziarrak eta ipar Kataluniako idazleak biltzea asteburu baten karietara. Maiatz aldizkariaren inguruan ere saio zenbait egin izan dugu, gehienetan gure lehen auzo biarnesen presentzia baino ez segurtatuz. Elkar trukaketa horiek beti interesgarriak suertatu dira, nahiz eta bilera ixtean bukatuak ziren. Bakarretan, haatik, okzitaniar poeta batzuen lanak euskaratu ditugu, edo, Amaia Ezpeldoien ipuin bat bretainiarrera itzuli zuen Pierrette Kermoal (1944) nobelagileak. Aspaldiko istorioak.

Ez da erraza Frantzia bezala estatu jakobino eta funtsean milimetroan zentralizatu batean, harreman transbertsalak irutea eta lantzea. 1793ko Bertrand Barrère de Vieuzac (1755-1841) Konbentzioko diputatuaren inprekazioak ez ziren debaldetan plazaratu: bere gustuz bretainiarra superstizioaren hizkuntza zen  eta euskara fanatismoarena. Besteak beste. Norberaren kulturarekiko ahalkea ere txertatu zuten XIX-XX. mendeko paristar burgesek. Ez gara aise ateratzen ateka gaitz horretatik. Menturaz, gaur egun, astia eta interesa ere falta zaizkigu, berrehun urteren buruan gurea biziaraztearekin aski lan badukegulako...

Pirinio mendien bizkar hezurretik sobera urrundu gabe, hainbat idazleek sortu dute Touroum bouroum aldizkaria, Auñamenditako hizkuntza ezberdinak bateratuz. Hor agertzen dira euskara, okzitanoa, katalana, aragoiera, gaztelera eta frantsesa. 11. zenbakian galiziera ere leitzen ahal da, portugesa, ingelesa, alemana, arabarra edota ladinoa, Pirinioen itzala luze hedatzen delako lurraren azalean! Aldizkariaren kudeatzaile taldean Luzien Etxezaharreta, Mikel Agirreazkoenaga, Mélanie Cessiecq-Duprat, Marisa Gutierrez Cabriada eta Sergi Javaloyes dabiltza, izen eta izan ezagunak. 2023an zendu zen Jos Roy Bidarteko poetaren oroimena dakar preseski, azkeneko numero honek. Ikusten den legez, joeren, esperientzien, jatorrien, egikeren eta mintzoen aniztasuna ospatzen du Touroum bouroum kolektiboak. Urtean bi zenbaki publikatzen dira eta aurkezpena Baionako Biltxokon antolatzen da festa giro batean.

Titulua biarnesez dauka. Baina bouroum eta euskal burrunba, biak, iturri linguistiko zaratatsu beretatik datozela ageri da : Sergi Javaloyesek Aturri errekaren epopeia poetikoa publikatu zuen 2011n, bilduma elebidun batean. Hau ere ez da atzokoa, biarnesak, gaskoiak eta euskaldunak elkarrekin nahas-mahas ibili direlako, batek bestea asetzen, batzuetan aspertzen ere, nola ez! Touroum aldizkariak ondorioz, errepikatzen ditu behialako hizkuntzen urmaeletan  gertatzen ziren kaskak, kolpeak, besarka eta traizio ikusgarriak oro. Xarnegutasunaren ideia zabaltzen laguntzen du, kreolizazio eta mestizai peskizan, halako oreka bizigarri baten bila.

Uste dut gurutzaketa literario horiek on direla, horrela, bakoitzak ikusten bide duelako ez dela bakarrik, bere xokoan, diglosiaz edo bazterketa soziokulturalaz sufritzen duena. Frantses Konstituzioaren 2. artikuluak baztertzen dituen mintzaira guziak pairatzen ari dira La langue de la République est le français eta gure eskola zaharretako hormetako Il est interdit de parler basque et de cracher par terre erranen artean hats-bahiturik: hitzen burrunba geldiezina da, entzuten ez den arren.

Itxaro Borda