HITZAK BATUZ, HERRIAK JOSI "Euskara, esamoldez harilkatzen den hitz-errota"
Duela aste pare bat gutxi gorabehera ikasle batek (Jesus Mari) bere herriko hizkera biltzen zuen liburu bat oparitu zidan; iaz, Lakuntzako Aiaupenanik euskara taldeak Lakuntzako Udalaren eta Sakanako Mankomunitatearen laguntzaz atera zuen Aiaupenanik, a ze itzek! izenekoa hain zuzen ere.
Ez dakizuenontzat, Aiaupenanik Lakuntzako hizkeran harridura adierazteko erabiltzen den esamoldea da, eta Ai ama! edo Ai ene! esamoldeen sinonimoa dela esan dezakegu.
Gogoan dut aurreko ikasturtean, klasea bukatu ostean kafe bat hartzera joan gineneko ostegun batean, Jesus Mariri komentatu niola nire poemetan euskal herriko toki ezberdinetako hitzak edo jadanik erabiltzen ez zirenak txertatu nahian nenbilela, eta berak esan zidan bere herrian hango hitzak eta esamoldeak jasotzen zituen liburu bat osatzen ari zirela, eta argitara emanen zutela, herritarrek testigantza horiek eskura izan zitzaten. Segituan erantzun nion oso interesgarria izanen zela liburu hori lortzea, eta lehen esan bezala, duela gutxi lortu nuen, eta, oraindik, irakurtzen bukatu ez badut ere, oso garrantzitsua iruditu zait gai honi heltzea.
Asko gara, zorionez, gero eta gehiago, esparru ezberdinetan gure herriko hizkera bizirik iraun dezan ahaleginetan ari garenok, esaterako, dokumentazioa digitalizatzen, herriko puntu zehatz batzuetan herriaren inguruko informazioa azaltzen duten panelak jartzen, ikastaroak sortzen, kultur ekintzak egiten, baita horien promozioa ere, eta bar.
Bermeon (nire herria) ere Etxalak taldea, Itsuki Irratia, Guzan herri plataformako kideak, eta beste hainbeste ikertzaile eta afizionatu ari dira herriaren ñabardurei erreparatzen eta balioan jartzen, hura mantentzeko asmotan.
Bermeoko Etxalak taldeak adibidez, urtero, diagnostikoak, ikerketa lanak, hasnarketak egiten ditu, baita auzolanak,topaketak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, kontzertuak antolatu ere. Herriarengatik egiten ari diren guztia gehiagotan izan beharko genuke kontuan. Senatik datorkie eragile izateko grina, eta nabaritzen da haientzat egoera larria dela eta, ondorioz, seriotasunez jokatzen dutela euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean.
Gai honi jarraiki, Itsuki Irratiak esaterako, bere aletxoa jartzen du egunero, Bermioko esamolde edo hitz baten etimologia zein errealitatean nola erabiltzen den inguruko informazioa ematen baitu, horrela, herriaren ondarea entzuleen eta herritarren artean zabalduz.
Eta, ildo horretatik, Ondarea hitza aipatzen badugu, ezin ditugu ahaztu Asier Romero Andonegi eta gainerako lagunak, Galerna taldeko kideak, eta Ekaitz eta Janire, Talako Kantinaren arduradunak herri nortasuna eta izaera definitzen dituzten ekintzak gauzatzen baitituzte, eta, are gehiago, ikerketa mardulak ere burutu (izan) baitituzte herriaren garapenari bultzada emateko. Era berean, gogor lan egitearen, kulturaren hedapenaren eta herriko auzolanaren sustapenaren ondorioz, herriko auzoetako festak berreskuratzera ere iritsi dira, Alde Zaharekoak, San Martinekoak, San Miguelekoak alegia.
Artikuluaren hasieran aipatutako liburura bueltatuz, gauza kuriosoak ere gertatzen ari zaizkit liburua irakurri ahala, izan ere, konturatu naiz hizkerak euren artean, Lakuntzakoa dela, edo Bermeokoa dela, ez direla hain ezberdinak, hau da, antzekoa den hitz mordoa badela (guk pentsatzen duguna baino gehiago) edo gauza bera esateko erabiltzen direnak; eta horren adibide batzuk paratuko ditut hurrengo esaldietan.
Aberie, Afaai, Altzue, Akordatu, Alkatie, Alperra, Andrie, Astie, Azokorie/ Azukorie, bapatien, bidie, bixerra, bizkerra, kafie, danboliñe, desberdiñe, dirudune, dolumiñe, edar(ra), egarrittute, aitte/aitxe, elbarrittute/elbarritxute, erlie, Febrerue, Garagarrille, Gezurre, Gorentzi/Gorantzi, Gosie, Gorringue, Gozue, Ikuttu, Igerri/Igarri, Isterra, Jabie, Jaune,Kolkue, lapurre, setiembrie, Lastue, Lagune, Lepue, Lurre, Luzie, Maietz(a), Neskazarra, Neskatue, Olgatu, Orbela, Oskorri, Ostue, Otsue, Parientie, Samiñe, Saskela, Sekule, Soñekue, Sorue/Solue, Taldien, Tomatie, Ud(i)e, Urrie, Urtie, Zaplastekue, Zarra, Zozue, Zulue, Zurgiñe eta Zurre adibidez, esan genezake hitz hauek eta aldaerak aldaera, berdin-berdin edo antzera esaten eta erabiltzen direla Lakuntzan zein Bermeon, baita liburuan aurki ditzakezuen beste hainbeste hitz eta esamolde batzuk ere.
Beste kuriositate bat aipatu beharko banu, esanen nuke, intonazioak garrantzia handia duela hizkera guztietan, eta horrek markatzen duela hitz edo esamolde baten erritmoak zein berezitasun dituen, esaterako, bizia den, motela den, serioa den, txantxa edo ironia adierazten duen, eta abar.
Artikulu honekin erakutsi nahi dudana da euskalkiak edo hobe esanda, euskal hizkerak, oro har, ez direla oztopo, hizkuntzaren ikaskuntzan pauso bat aurrera egiteko baizik; eta, nola ez bada, sakontzeko erabiltzen ahal ditugula. Eta, halaber, Batuarekin uztartzen ahal den hiztegi bat sor dezakegula, hau da, hitz hauek gehitzen badizkiogu, jendea euskara landuago bat erabiltzera animatuko dugula.
Aurretik esandakoa baliatuz, esanen dut niretzat oso garrantzitsua dela herritarrek zera hauek eskura izatea, liburuak, testigantzak, artxiboak,... ekintza hauek guztiek gaur egungo ahozkotasuna aberastea ahalbidetzen baitute. Eta, horrez gainera, ezagutzen ez ditugun, hiltzorian dauden, eta erabili gabe gelditzen diren hitz horiek berreskuratzeko aukera paregabea baita.
Bukatzeko, bi gauza esan nahiko nituzke. Lehenik, eskerrak eman nahi dizkiet poema liburu berrirako dokumentazio lanetan laguntzen ari zaidan pertsona orori, eta nola ez, jakin gabe ere sugarra piztu zuen Aiaupenanik elkarteari. Guztiei, esker mila beraien herrien hizkuntza-ondarea babesteko adierazi duten prestutasunagatik, eta hein handi batean, lana errazteagatik. Bigarrenik, esan nahiko nuke, ikerketa lana Bizkaiko, Iparraldeko eta Sakanako hizkeran zentratu dudan arren, ez naizela horrekin bakarrik konformatuko, eta gustatuko litzaidakeela euskal herriko zoko ezberdinetako hizkeren ahalik eta informazio gehien jasotzea.
Espero dut laster zuen berri izatea, eta liburuak, edo artxiboak izatekotan, nirekin konpartitzea.
Hurren arte.