Hil da arrosa, gora arrosa!
Googleen Greta Gerwing tekleatu eta, bat-batean, txiparta arrosa distiratsuez bete zait pantaila. Bilaketaren emaitza guztiak ere arrosez tindatu dira berehala. Nolakoa den kapitalismoaren makinaria, pentsatu dut, ezin uka ez duela txunditzeko gaitasuna galtzen. Marketing distiratsu eta erakargarrira, tamaina, tankera eta jatorri orotako kontsumitzaileentzat. Sare sozialak estilismo eta outfit zirraragarri bezain inposibleak asmatu dituzten influencer eta influencer-ez bete da eta lehiatilako arrakasta ukaezina izan omen da, zero askotako zifrak bilduz. Zifra hori ere arrosez agertuko da mandamasen kontu korronteetan?
Nire garunean gehiengoaren oldeak zinema aretora eramango nauen edo ez eztabaidatu bitartean, —tira, bakoitzak bere guilty pleasure-ak ditu— ia atzenduta nuen sentimendu irrazional bezain arrazoizko bat biziberritu zait barrenean: haurretan nuen arrosarekiko gorrotoa. Iraganeko gorrotoa izanagatik, sekula hausnartu gabeko sentipen hura berreskuratzea Pandoraren kutxa irekitzearekin alderatu zitekeen. Oroitzen naiz arrosa koloreko edozein arropa janztera behartzen nindutenean izugarrizko kalapitak muntatzen nituela. Oroitzen naiz beti ekiditen nuela kolore hori eskolako marrazki edo eskulanetan. Oroitzen naiz zozoa iruditzen zitzaidala, kurtsia, hutsala. Nerabezaroaren zentzugabekerian ere bide beretik jarraitu nuen, arrosa ukatzen zuen estilismo erdi emo erdi punk arraro bat besarkatuz.
Baina, nondik dator arrosa emakumeon genero rolaren eraikuntzarekin zuzenean lotzen duen korrontea? Uste baino mamitsuagoa da gaia, behin ikertzen hasita, historiako une zehatz batetara eramaten gaitu: Bigarren Mundu Gerrara. Estatubatuarrek dagoeneko garai hartan erakutsi zuten marketing kapitalista sortzeko zuten gaitasun fina. Liskarraren ondoren eta 50eko hamarkada osoan zehar, gobernuaren propaganda eta publizitatea kolore horrekin tindatu ziren, emakumeak zaintzaile eta “etxeko aingeru” gisa zuen rol berria islatzeko. Betty Friedanek “The Feminine Mystique” saiakeran deskribatzen zuen gizartean gaude. Emazte perfektuaren estereotipoak kolore horretako jantziak zituen, baina ez hori bakarrik. Lehen aldiz, seme-alaben generoa koloreen arabera bereizten zen: mutikoak urdinez eta neskak arrosaz.
Arrosaren sinbolismoak hainbat itzulipurdi eman zituen hurrengo hamarkadetan. LGTBIQ+ kolektiboak apropiazio mugimendu argia egin zuen, 1970eko hamarkadan bere borrokaren sinboloak bilakatuz. Arrazoiak bazituen horretarako, izan ere, Bigarren Mundu Gerran nazien kontzentrazio-esparruetan alderantzizko triangelu arrosaz markatzen zituzten kolektiboko atxilotuak. Hala, kolorea zein sinboloa euren aktibismoaren irudian bilakatu zuten handik urte batzuetara.
Mugimendu feminista historikoki morearekin lotu bada ere, arrosaren aldeko apustua egin zuten bestelako erreakzioak ere egon ziren honen baitan. Hala, bai punk kulturak bai Riot Grrl mugimenduak arrosaren zentzu infantilista deseraiki zuten, kolorea berea eginez eta ordura arte zuen zentzu “kurtsia” suntsituz.
Kolorea ordura arteko kontrako zentzuan erabiltzeko mugimenduak hamaika adierazpide aurkitu ditu azken hamarkadetan, moda pasareletan zein arte edo gizarte adierazpen desberdinetan: “tasa arrosa” deitzen diogu emakumeei zuzendutako produktuen interesei, kolore horretakoa da ere bular minbiziaren ikerkuntzaren aldeko sinboloa.
Mugimenduak mugimendu eta apropiazioak apropiazio, galderak oraindik ez du erantzun borobilik aurkitu: boteretzen duen kolorea da hala genero rolari kateatuta jarraitzen du? Kolore feminista bezala aldarrikatu dezakegu? Gure alaba arrosaz janzten badugu, kolorea gureganatzen ari gara ala genero rolak erreproduzitzen jarraitzen ditugu.
2020an Espainiako Gobernuak egindako ikerketa batek ondorioztatu bezala, genero rolak elikatzen dituen haurrei zuzendutako publizitateak oraindik ere urdina-arrosa kolore kodea erabiltzen jarraitzen du hein handi batean mutikoa eta neska arteko desberdintasunean sakontzeko.
“Feminista txarra naiz arrosa gustatzen zaidalako”, dio Roxane Gayk “Bad feminist” saiakeran, eta nik ere ez dut onarpen horrekin batzea beste aukerarik ikusten. Kolorea guztiz gureganatzea besterik ez zaigu gelditzen bada, lema baten pean: Hil bedi arrosa, gora arrosa!