HEZKUNTZA ETA LITERATURA UZTARTZEN DIREN MOMENTUAK
Nire aurreko bi zutabeetan, Txikia…ala txikientzat eta Hitzak falta direnean: istorioak lagun, haur literaturaren balioaz eta istorioek emozioekin konektatzeko duten gaitasunaz aritu naiz. Gaur, bi ideia horietatik abiatuta, beste leku batera eraman nahiko zintuzket: hezkuntzak eta literaturak bat egiten duten espazio horretara.
Lehen Hezkuntzako lehenengo mailetan lan egiten dugunok oso gertutik bizi dugu irakurketaren hasiera. Haur bat lehen aldiz hitz bat osorik irakurtzen ikustea ez da ahazten erraza.
Hasieran fonemak dira, letren soinuak. Silabak. Astiro-astiro ahozkatutako hitzak. Ahalegina. Eta bat-batean, egun batean, zerbait gertatzen da: irakurketa hutsetik ulermenera pasatzen dira. Gogoan dut ikasturte honetan dudan ikasle baten aurpegia “mamua” hitza irakurri zuenean. “Ma-mu-a” bezala hasi zen, ohiko zalantza eta erritmoarekin, eta segundo baten ondoren gelditu egin zen. Begiak zabaldu zitzaizkion eta irribarre erraldoi batekin esan zidan: “Mamua!”, ondoan zegoen mamuaren irudiari seinalatuz. Une horretan konturatu zen irakurtzen ari zena ez zirela soilik letrak, zentzua zuela. Horrelako momentuetan barruan zerbait pizten dela dirudi, eta irakasle bezala zaila da hori hitzez azaltzea.
Irakurtzen ikastea da Lehen Hezkuntzako oinarrietako bat. Izan ere, irakurketa eta idazketa dira gero etorriko den guztiaren atea. Baina nik argi daukat nire lana ez dela haurrei irakurtzen irakastea bakarrik: irakurtzeko gogoa piztea ere bada.
Literaturarekin hor hasten da benetako erronka. Haur guztiek ez dute modu berean konektatzen istorioekin. Horregatik oso garrantzitsua iruditzen zait gure ikasleei aukera desberdinak eskaintzea: formatu, genero eta erritmo guztietako istorioak erakustea. Ez baitakigu inoiz zein izango den klik hori egingo duen liburua.
Askotan haurren eta istorio baten arteko lehen zubia irudi batek eraikitzen du, arreta deitzen dien lehenengo gauza irudia bera izaten delako. Horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua ilustratzaileen lana ere. Bestetan, nahikoa izaten da, ordea, irakasle batek ozenki irakurritako pasarte bat, edo pertsonaia jakin batekin identifikatzea. Batzuetan komiki batekin hasten dira. Eskerrak, adibidez, “Biga!” bezalako bildumei; zenbatetan lortu dudan ikasle bat horien bidez irakurketara hurbiltzea… Asko dira abenturazko nobela batekin konektatzen dutenak ere, eta agian hortik sortu dira gero AIALUR: Maroñoko sekretua nire azken haur-literatura lanean bilatu nahi izan ditudan abentura eta misterio horiek ere.
Nik oraindik eskertzen diot ikastolan Fray Perico y su borrico irakurtzera eraman ninduen irakasleari. Ez dut gogoratzen zein adin nuen zehazki, baina oso ondo gogoratzen dut zer sentitu nuen: lehen aldiz irakurketaz benetan disfrutatzen ari nintzela. Lehen aldiz pentsatu nuela: “Hau gustatzen zait.”
Eta hori da, nire ustez, hezkuntzak eta literaturak partekatzen duten lekurik ederrena: irakurtzea ez delako soilik hitzak ahoskatzea, ezta testu bat ulertu eta horri buruzko galderak erantzuteko gai izatea ere. Irakurtzea konektatzea ere bada, gozatzea. Norberaren barruan zerbait piztea. Eta urtero, daukaten adina daukatela, nire ikasleekin hori lortzea gustatuko litzaidake: irakurtzen ikastea, bai. Baina baita istorioek barruan uzten duten arrastoa deskubritzea ere.
Azken finean, irakurtzen dakien haur batek tresna garrantzitsu bat lortzen du, baina irakurtzea maite duen haur batek, ordea, mundu oso bat.