Artikulua :: Matxalen Bezos Arketa 2026/10/15

HERNANI, KULTURZALEON HARRIBITXI

Hernaniko Liburu eta Disko Azokaren seigarren edizioa ospatu zen joan den urriaren 3an. Azken urteotan parte hartu dudan azokarik kuttunena dela esanen nuke, eta hori guztia Dobera Elkarteari esker.

1991n, Hernanin, euskarazko kultura zabaltzeko ideia piztu zen arren, 1993. urtera arte ez zen burutu herritarrek pentsatua zuten hori. Elkartea euskara bultzatzeko eta euskal kultura indartzeko helburuarekin sortu zen,  hori lortzeko, euskararen erabilera soziala indartzea dute ardatz, haiek dioten bezala, "eginez eta eraginez" sortzen baita komunitate bat.

Argi dago Hernani herri euskalduna dela, eta sortzaile asko duela erakusteko. Hala ere, elkarteak berak azpimarratu duenez, momentu honetan kaleko erabilera da haien erronkarik handiena, euskal herriko herri dezentetan bezala, ezagutza eta herritarren erabilera ez baitatoz bat.

Azokari esker, euskarazko liburuak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera eskaintzea da elkartearen xedea, salmenta gunea ez ezik, euskarazko kulturaz gozatzeko espazioa ere izatea nahi dute. Hau da, euskarazko kultura kalera ateratzea.

Sortzaileak, liburuak, diskoak, herritarrak, oro har, plaza berean elkartzen dira. Horrek, euskarazko kultur eskaintza handia badagoela erakusten du, hartu-emanak egiteko, ezagutzeko eta kontsumitzeko aukera emate horrek komunitatea izatera ahalbidetzen du.

HAzoka azoka bat baino askoz gehiago da, euskarazko festa eta topagune gisa dugu sortzaileok, baita urtez urte lanean aritzen diren langile eta boluntario horiek ere.

Aurten, Sabin Oregi eta biok izan ginen han Hatsa Elkartearen eta Dakit argitaldariaren partetik. Egia esateko, giro ederra sortu zen bertaratutakoen artean,  familia ugari bildu zen, umeei zuzendutako eskaintza handia zelako, eta haiek gustura baino gusturago ikusi nituen.

Umeez gain, gurasoen aurpegiak ikusita, haiek ere izugarri gozatu zuten, eta dantzan eta kantua ere aritu baitziren batzuk.

Hasteko, goizeko 10:30ean, Karabeleko konpartsa izan zen azokari irekiera eman ziona, abesten hasi genuen eguna, horrez gainera, eguraldiak ere dezente lagundu zuen.

Ondoren, 11:00ean, Haur txokoan, 3-7 urte bitarteko umeetzat zuzendutako musika tailerra burutu zen. Umeek musikarekin duten harremana ikaragarria iruditzen zait; zenbat irri, zenbat dantza, zenbat sntsazio, emozio... umeen aurpegiak ikusita gu ere pozez zoratzen!

Minutu batzuk beranduago liburu aurkezpenak hasi ziren. Lehendabizikoa, XOR eta BELTZ izan zen. Aniztasunaren eta askatasunaren aldeko apustua egin zuten Anek, Maialenek eta Iñakik.

Hauek bukatu ostean, Aritza Bergara hurreratu zen eszenatokira GALTZA eta GORRI aurkeztera. Mitologia, fikzioa eta eguneroko bizitza uztartuz sortutako obra eder honi buruzko kontutxoak azaltzera, eta bitxikeri batzuk ere bai.

Honen guztiaren ostean, 12:00an, MUXIN ETA ZAPOTXIN pailazoen txanda iritsi zen, eta Baserrienea disko berriaren aurkezpena gauzatu zuten oso modu ludikoan eta dibertigarrian. Disko honetan pailazoek baserriko bizimodua goraipatu nahi izan dute melodia landuen eta itsaskorren bidez.

Hurrengo ekitaldia 12:30ean hasi zen. Ai ama! A zer nolako barre algarak egin genituen Tessa Andonegiren eta Ainhoa Aierberen Muskarekin kontuz umorezko ikuskizunarekin. Itzel aritu ziren biak, baserritarrez jantzita, eta euskal musikako abesti klasikoen letren kritika egiten, uneoro ironia umorearekin tartekatzen.

Bukatzeko, 13:30ean, ARBASOAK taldeak euskal kanten bertsio ederrak kantatu zizkigun, eta horrekin eman zioten itxiera azokari.

Beste behin ere, lehen esan dudan bezala, hara joateko aukera izan genuen, eta oso eskertuta eta beteta itzuli ginen etxera. Esker mila, Nagore eta Dobera Elkarteko kide guztiei, datorren urtean elkar ikusiko dugulakoan.

GORA Dobera Elkartea!!

GORA HAzoka!!

GORA Hernaniko familiak!!

Matxalen Bezos Arketa