Artikulua :: Iñigo Martinez Peña 2026/11/10

Haurtzaroa desagertu da eta gizartea infantilizatu?

Haurtzaroa, kontzeptu gisa, XVIII. mendeko asmakuntza bat izan zen, Philippe Aries historialariak Umea eta bizitza familiarra antzinako erregimenean liburuan garatu bezala. Aurretik, haurrak helduen modukoak ziren, baina miniaturazkoak: helduak bezala janzten, jaten, edaten eta lan egiten zuten. Hiriekin batera jaio omen zen haurtzaroa: XIX. mendekoak dira derrigorrezko eskolatzea edota haur literatura; XX. mendekoa, Haurren Eskubideen Aldarrikapena… XXI. mendeko hiperkontsumoaren eta errendimenduaren logikak bateratu egin ote ditu haurrak eta helduak berriro?

Haurtzaroaren amaiera aurreikusi zuen jada Arthur C. Clarkek, 1953an, izen horrekin idatzitako eleberri distopikoan. Estralurtar batzuek gizadia konkistatzen dute eta gatazka guztiak amaitu, baina gizakiak gorputzik gabeko adimen huts bilakatzen dituzte. Arazo guztiak desagertu egiten dira… eta baita desira guztiak ere! Denak primeran funtzionatzen du, ez dago ustekaberik, baina jolasteari utzi dion gizarte lau bat deskribatzen da.

Handik urte batzuetara, 1982an, Haurtzaroaren desagerpena deituriko saiakera argitaratu zuen Neil Postmanek. Haren ustez, telebistarekin batera gertatutako desagertzea da: gurasoak etxetik kanpo lan egiten hasi, eta umeak pantailaren aurrean utzi zituzten. Aurreko garaian irakurtzen jakitea ezinbestekoa zen helduon “sekretuetara” iristeko, baina telebistak agerian utzi zituen, gordin-gordin, sexualitatearen eta heriotzaren moduko gaiak. Horrela, umeen eta helduen arteko bereizketa hautsi zen, eta biak parekatu (erronboak ez ziren, antza, oso eraginkorrak izan). Eta pentsa, egun, noraino iritsi den joera hori mundu digitalarekin! Klik batekin edozein gauza ikus dezakegu: bortxaketa bat, hilketa bat… Postmanen ustez, ordea, haurtzaroaren ezinbesteko ezaugarriak dira xalotasuna eta sekretua. Orain garden erakusten dira norbere kabuz eta apurka-apurka deskubritu beharrekoak. Idazleak, horren kontra, haurren inozentzia aldarrikatzen du, ez zentzu nostalgiko edo moralista batean: kontua da heldu bihurtzeko denbora eta bizitza subjektibatzeko tarte hori ematea. Ahaztu egin zaigu haurrek haurtzaroa behar dutela?

Ez du ematen, egun, telebista hain boteretsua denik (bi erronboak zaharkituta geratu dira); Internet bai, ordea, eta badirudi sarean ez dagoela inongo zentsurarik. Horren aurrean, Julen Azconak idatzi bezala, trigger warning izeneko kontzeptua asmatu da: eduki-oharra. Hala, abisua ematen da sareetan edukiren baten berri ohartarazi nahi izanez gero: sexua, biolentzia, drogak (tabakoa eta alkohola izanda ere), hizkuntza iraingarria, animaliekiko tratu txarrak, arrazakeria edo autolesioa, besteak beste. Trigger warning-aren berezitasuna da ez dagoela, antzinako erronboak bezala, umeei zuzenduta, helduoi baizik. Beste behin ere, umeen eta helduen bereizketa desagertzen ari den seinale?

Telebistan ageri den beste fenomeno bat, hori bai, MasterChef Junior, Eurovision Junior edota LaLiga Promisesen estiloko programak dira: umeek helduon moduan hartzen dute parte lehiaketa horietan. Programek egitura bera mantentzen dute adin guztietarako. Julio Gonzalez psikoanalistak horrelakoak ere haurtzaroaren amaiera gisa interpretatzen ditu. Txanponaren beste aldean, ume soldaduek, ume narkoek, helduen moduan aritu behar dute probezia eta guda nagusi diren lurraldeetan. Beraz, modu batean ala bestean, haurtzaroa lapurtzen diegu? Errendimendu berbera eskatzen zaie haurrei eta helduei! Baina errendimenduaren gizartea, agian, haurtzaroaren kontrako gizartea da.

Oro har, egungo haurrek neurriz kanpoko exijentzia pairatzen dutela ematen du, etorkizun ziurgabe baterako bikain prestatuta egoteko mandatuaren menpe. Era guztietako eskakizun motak jasaten dituzte: notetan, hizkuntzetan, kirol-errendimenduan, epaitegietako familia kontuetan, identitateari buruzko erabakietan, janzteko eran, ondo pasatzeko eta zoriontsuak izateko aginduetan, aplikazioren baten bidez beren bizitza besteei erakusteko joeran (10 urtetik beherako haurren % 50ak telefono mugikorra dauka). Horretarako, noski, gurasoek ere maila eman behar dute… “Guraso-ekintzailetza” hori kritikatzen du Santiago Gerchunoffek, Ume-gauzen garaian saiakeran. Gurasoek lan-proiektu gisa tratatzen dituzte umeak, beren burua optimizatzeko eta perfekzionatzeko moduen bila. Baina umeak ez dira “gu”, eta gurengandik aparteko zerbait direla kontuan hartuta maitatzea (beren sekretuak gordetzen uztea) aldarrikatzen du Massimo Recalcatik. Helbururik gabe maitatzea eta zaintzea da kontua, haurtzaroa helmuga zehatzik gabeko denbora gisa hartuta. Ildo horretatik, kezkatuta adierazten du Natalia Ginzburg idazle italiarrak anglofonoak ez diren gurasoak umeei ingelesez egiten entzuten dituela parkeetan. Kezkagarria egiten zaio norbere hizkuntza eta horrekiko gustua, horrekiko maitasuna, baztertzeko prest egotea, seme-alabak “perfekzionatzeko”. Kritikagarria da, haren ustez, arrakastatsua izateko beharra maitasuna edo jakin-mina baino gehiago transmititzeko joera. Ingelesa, gitarra, marketina edo adimen emozionala injektatu nahi diegu? Geuk ere “superguraso” titulua eskuratzea ote dugu helburutzat, seme-alabak gorabehera? Urtebetetze-festetan ez bazaude guraso txarra zarelako susmoa zabaltzen da, haurrek jolasteko helduen begiradaz kanpoko espazioak behar badituzte ere… Gurasoen burnouta edo erreta egotearen sindromea aipatzen da gero!

Haurren kontuetara etorrita: zertan jolasten dute egungo umeek? Hegelek edo Freudek, besteak beste, esaten zuten nagusiak izatera jolastea zela ohikoena. Jolastea, gainera, kontu serioa da umetan: mina, heriotza, sexualitatea eta bakardadea irudikatzeko modua izan daiteke. Superheroietara jolastuta, mugak irudikatzen dituzte; ezkutaketan arituta, helduari “gal nazakezu?” galdetzen diote, “ni bilatzeko adina maite nauzu?”. Desira ez baita sekula anonimoa izaten, eta desio aztarnen bila aritzen dira umeak, helduengandik jakintzaren bat eskuratu nahian…

Egun, ordea, helduek protokoloen bidez erantzuten dute eta umeek poltsikoan daramate jakintza, smarphonean, helduengana jo beharrik izan gabe. Interneteko tutorialetara bideratutako autodidakta bihurtu ditugu? Helduak eta umeak, bestetik, gailu berberekin entretenitzen dira. Homer Simpson datorkit burura, bideokontsolaren aurrean! Egia esan, zeharo aldatu da haurtzaroan heroiak irudikatzeko modua ere: umezurtzak izan ziren garai bateko protagonistak literaturan (Dickensen Oliver Twist edo Twainen Tom Sawyer, esaterako); ondoren, guraso bananduen haurrak izan ziren protagonista zineman (horra hor E.T. estralurtarra edo Karate Kid pelikuletako umeak); eta, azkenik, guraso trakets edo memeloen seme-alabak dira, egun, telesailen garaiko pertsonaiak (seme-alabak aita baino azkarragoak dira The Simpsonsen edo Peppa Pigen behintzat). Ibilbide kultural bitxi hori deskribatzen du Gerchunoffek, eta zer pentsa ematen du. Heldu bihurtu gabe zahartzen diren gizakiak ageri zaizkigu han-hemen? Etengabeko kontsumitzaileak izaten jarraitu nahi duten pertsonak?

Hain zuzen, kontsumitzaile gisa umeak gara denok: guztioi eskaintzen zaigu bizitzaz gozatzeko modu bera, merkatuaren objektuen bidez. Gogoeta hori egiten du Ana Ruth Najlesek, egungo “umekeria orokorra” salatuz. “Jada ez dago pertsona heldurik”, esaten zuen, modu berean, André Malrauxek Antimemoriak liburuan: ez dagoela gozatzeko moduaren erantzukizuna hartzen duen pertsonarik, alegia.

Peter Bruckneren arabera, erosle heldua umeen eran aritzea da marketin estrategiarik borobilena. Publizitateak ume nahi gaitu! Merkatuaren kapritxoen menpe egoteak jendartea infantilizatzea ekarri du. Peter Pan delako sindromearen ezaugarriak azpimarratzen ditu Brucknerrek Errugabetasunaren tentazioa liburuan: etengabe erosteko gure jokabide inpultsiboa bultzatzen da, produktua lortutakoan arin fustratzeko eta beste zerbait erosteko gogoa pizteko; egoismoa eta bekaizkeria normaltzat hartzeko… Infantilizazioan eta biktimizazioan oinarritzen da nortasun hipermodernoa. Eskubideak exijitu eta betebeharrak ahaztu: hori da, bere ustez, egungo jarrera orokorra. Ondo pasatu, dibertitu, bizitza jolas-parke gisara irudikatu… horra hor infantofiliaren seinaleak. Ez egin ezeri uko! Hori omen da kontsumitzaile garaikidearen paradoxa: aldi berean eskatzea independentzia eta erabateko babesa. Kontsumoak helduak infantilizatzen ditu eta errendimenduak haurrak arinegi bilakatzen ditu heldu. Edo biek egiten dute bat errendimendu kontsumistaren logikarekin?

Baina heldua izateko nahia desagertzen bada, haurtzaroa ere amaitu egiten da. Helduleku baten promesak pizten du haurtzaroa; bideari zerumuga bat ematen dio. Helduon dimisioak, berriz, ez ditu ibilbide hori egiteko pausoak mugiarazten. Zertarako izan heldu, inork ez badu heldua izan nahi, kexak baino ez baditu sortzen? Eulien bazka eleberri distopikoan, adibidez, haur talde bat bakarrik geratzen da irla abandonatu batean (pertsona nagusi guztiak hegazkin istripuan hiltzen direlako eta soilik adin txikikoek bizirauten dutelako). Haurrak elkarbizitzarako arauak adosten ahalegintzen dira taldean, baina desastre hutsa izaten amaitzen du. Istorio gordina. Dena den, kuriosoa egin zitzaidan kontu bat: erreskatatzaileak heltzen direnean umeek negar egiten dute. Aurretik ezinezkoa egiten zitzaien! Nori zuzendu negar hori? Esan bezala, helduak behar zituzten haur izateko. Asimetriak ez dute zertan botere-harreman gisa interpretatu egoera guztietan.

Haurtzaroaren alde eginda amaitu nahiko nuke. Azken batean, Lacan psikoanalistaren arabera, haurtzaroa ez da bakarrik adin tarte jakin bat, momentu kronologiko bat, baizik eta une logiko bat: galdetzeko eta ulertzen ahalegintzeko unea. Eta uste dut haurrentzako denbora hori aldarrikatu behar dela: umeak presionatu gabe, prefabrikatutako erantzunik gabe, dena eskura eman gabe, haien hitzak batzuetan galdera bihurtuz… Ondo legoke errendimenduaren eta kontsumoaren logikatik kanpo, galdetzeko, ikertzeko eta jolasteko denbora “galdu” hori ematea. Galdutako denborari esker egiten gara-eta heldu! Urgentziarik eta errezetarik gabeko denbora horren alde egin nahi nuke.

 

 

Iñigo Martinez Peña