Haurrek ez daukate taburik, helduok ditugu, eta nire ustez, haur-literaturan gehiago lantzen ez baditugu, arrazoia da guk geuk ez dakigula nola egin
Nola sortu zen Marimatrakak idazteko ideia? Hasieratik argi zenuen liburu-saila izango zela ala lehenengo kontakizuna idatzi eta oraindik kontatzeko asko zegoela sentitu zenuen?
Marimatrakak Irria aldizkarian jaio ziren, 2016an, aldizkariko editoreen eskaerari erantzunez. Nire kabuz, beharbada, ez nituzkeen horrelako pertsonaiak sortuko. Izan ere, Marimutila naiz eta zer? liburuan edo nobelan umore pixka bat dagoen arren, ez nengoen horri zentraltasuna ematen ohituta. Eta eskaera hori zen. Niretzat, beraz, erronka izan zen, eta hasiera batean, kosta egin zitzaidan. Baina ez naiz zailtasunen aurrean amore ematekoa. Aukera ederra zen umorea lantzeko. Buruan dut hirugarren ipuina idazterakoan sentitu nuela bide onean nengoela. Ordutik beste hirurogei bat ipuin egin dut aldizkarirako... eta hamabi liburu.
Liburuak egiteko proposamena Elkar argitaletxetik etorri zen, istorioek funtzionatzen zutela ikusita. Liburuetara salto egitean bildumak beste dimentsio bat hartu zuen: istorioak landuagoak ziren, bai edukiaren aldetik, bai eta batez ere alde grafikoan: komiki zatiak testu jarriarekin tartekatuko ziren, eta diseinu aberatsa edukiko zuten liburuek: bi orrialdeko irudiak, forma eta kolore ezberdinetako elementuak... Nire lanak ere beste neurri bat hartu zuen (baita Iosurenak ere, noski): ipuin bakoitzeko gidoi moduko bat egiten hasi nintzen, lan egiteko modua guztiz aldatu zen. Aldi berean, marimatraken mundua zabaltzen hasi ginen, aberasten, bai inguruari begira, pertsonaia eta paisaia berriak asmatuz, bai pertsonaien barruko emozioei begira.
Marimatrakak liburuen protagonistak Noa eta Lea ahizpak dira. Pertsonaia horietatik, zer gustatzen zaizu gehien? Benetako neskak hartu dituzu eredu gisa pertsonaiak sortzeko?
Gehien gehien gustatzen zaidana bere haurtasuna da, eta hori laburbiltzen zaila den arren, ezaugarri hauek aipatuko nituzke: naturaltasuna, bat-batekotasuna, orainarekin duten lotura, xalotasuna, bizitasuna, gozatzeko duten gogoa, tolesgabetasuna... eta noski, barre eragiten duten bere bihurrikeria guztiak. Niri haurrekin egotea asko gustatzen zait, oso lotuta daudelako bizitzarekin, eta marimatraken ipuinak idaztean horrelako zerbait sentitzen dut, haur batzuekin nagoela, egiten dutena ikusten eta horrekin barre egiten. Idazten nagoela askotan barre egiten dut, eta orduan ondo ari naizela iruditzen zait. Helduak ere haien begiradarekin ikusten saiatzen naiz, eta oso osasungarria da hori.
Noa eta Lea ez daude zuzenean ezagutzen ditudan haurrengan oinarrituta, baina gertu ditudan eta izan ditudan haur batzuek (ilobek, adibidez, txikiak zirenean) haien nortasuna eraikitzen lagundu didate.
Hamabi liburutan zehar, bi ahizpek era guztietako abenturak bizi izan dituzte hainbat lekutan: San Fermin, Inauteriak eta Gabonak ospatu dituzte, detektibeak izan dira... baita koronabirusari ere aurre egin diote. Taburik badago, haurrentzako idazten duzunean? Zure ustez, haur-literaturan edozein gai landu daiteke/behar da? Zergatik?
Marimatrakak bezalako bilduma bat egiteak pertsonaiak egoera eta testuinguru oso ezberdinetan kokatzeko aukera ematen du. Ipuin bakarra idazten duzunean, pertsonaien alde bakar batzuetan jar dezakezu arreta, ipuinak kontatu nahi duenak behartzen baitzaitu aukeraketa bat egitera. Noa eta Lea, aldiz, era askeagoan landu ditzaket, eta zentzu horretan, haur errealagoak dira. Gero, hasiera-hasieratik, istorioak errealistak izan dira. Haurren esperientzietatik gertu dauden egoerak aukeratzen ditut. Ondoren, zein gai edo zein ikuspegitik landu dezakedan pentsatzen dut. Adibidez, Gabonen inguruko ipuinean garbi neukan opariak oso bigarren mailan geratuko zirela; Inauteriak aurkeztean, horrelako jai bat ez dela haur guztien gustukoa agertzen da; edo, hondartzan, gorputz biluziak marraztea proposatu nuen. Niretzat kontua ez da zer gai lantzen den, baizik eta nola lantzen den. Zentzu horretan, esango nuke ez dela taburik egon behar, baina bai arreta handia jarri behar dela kontatzeko moduan. Badira haurrei aurkezteko zailak izan daitezkeen gaiak: bortxakeria, dirua, erlijioa edo sexua, kasu, baina egoki landuz gero, nik ez dut arazorik ikusten. Haurrek hitzez azaldu ezin dutena errepresentazio bidez landu beharra daukate, eta ipuinek modu ezin hobea eskaintzen dute horretarako. Edozein egoera islatuta egon beharko luke gure literaturan; izan ere, haurren bizipenak oso anitzak dira, eta batzuek ez dute berea inon islatuta ikusten.
Haurrek ez daukate taburik, helduok ditugu, eta nire ustez, haur-literaturan gehiago lantzen ez baditugu, arrazoia da guk geuk ez dakigula nola egin.
Idazle bezala, zer gustatzen zaizu gehien haurrentzako liburuak idaztetik? Zer eskaintzen dizu haur-literaturak, helduentzako literaturak ematen ez dizuna?
Hasteko, arestian aipatu dudana: haurtasunarekin kontaktatzeko aukera. Haurren munduetan murgiltzeko bidea ematen dit. Bestetik, haurrak irakurlerik hoberenak dira, filtrorik gabe sartzen dira istorioetan, fikzio ituna berehalakoan ematen da. Gaitasun aparta daukate istorioekin konektatzeko eta gozatzeko, gustuko badituzte, jakina. Eta irakurle fidagarriak dira, helduak ez bezala: istorioa nork idatzi duen berdin zaie, liburuak zenbat sari dituen edo testua hezigarria den, muinera jotzen dute zuzenean. Konektatzen dute ala ez. Kalitate-kontrol zorrotzena dira.
Zer gertatuko da, zure ustez, Noa eta Learekin? Nerabe bihurtuko dira eta gazteentzako liburu-sail baten protagonistak izango al dira?
Ez dut uste... Irakurleak bai, nerabe egingo dira eta beste bilduma eta liburu batzuk topatuko dituzte.
Literaturan beti izan da zaila emakumezkoen erreferentziak (idazleak zein protagonistak) aurkitzea. Gauzak aldatzen ari dira, zure ustez, pixkanaka-pixkanaka bada ere? Belaunaldi berriek guk izan genituen baino erreferentzia gehiago dituzte? Uste duzu Lea eta Noa erreferentzia izan daitezkeela gaur egungo neskentzat?
Bai, zorionez, gauzak aldatzen ari dira. Erreferente gehiago dago, baina benetako aldaketa erreferente horiek balietsiak izatean datza. Emakume idazle apartak egon dira lehenago ere baina ez dira baloratu, ez dira kanonean egon, edota zuzenean historiatik ezabatuak izan dira. Askotan garai bereko gizonezko idazle famatu bat hartu eta ia ezezaguna den emakumezko beste bat irakurri eta amorrua besterik ezin da sentitu. Zergatik eman zaio lehenengoari bigarrengoari zor zitzaiona? Gizona zelako, besterik ez. Diziplina guztietan gertatu da eta gertatzen jarraitzen du. Sinestu nahi dut hori ere aldatzen ari dela. Baina kosta egiten da.
Noa eta Lea neskentzat bakarrik ez, mutilentzat ere erreferente izatea nahiko nuke. Neskak protagonista direnean mutilek interesik ez edukitzeko arriskua dago. Heldu askok, gainera, joera horiek indartzen dituzte, liburuak, arropak edota jostailuak haientzat aukeratzeko orduan. Bada garaia horrekin amaitzeko. Marimatraken abenturak edozein haurrak gustura irakurtzeko sortu ziren, eta edozein haur, neska ala mutila izan, marimatraka izan daiteke. Bildumak dituen irakurleak ikusita, badirudi helburua betetzen ari dela.
Marimatrakak saileko lehenengo ipuina 2016an argitaratu zen. Zortzi urtez Iosu Mitxelenarekin lan egin ondoren, nolakoa da zuen sormen-prozesua? Zer eman die Iosuk Leari eta Noari?
Iosuren lana funtsezkoa da bilduman. Bera gabe marimatrakak ez lirateke marimatrakak izango. Hasiera batean, Iosuk Noa eta Lea marraztu zituen eta nik itxura hori zeukaten bi neska bihurrien abenturak asmatzeari ekin nion, egoera ezberdinetan jartzen, euren keinuak iradokitzen. Iosuk bere modura interpretatzen ditu. Joan eta etorriko prozesua da. Testua eta irudia elkarren menpeko dira. Egoera barregarriak eta muturrekoak eskatzen zizkidan berak, nik holako edo halako xehetasunak sartzea... Liburuekin hasi ginenerako ulermen maila handia zen eta hamabi libururen ondoren, pentsa. Testua eta gidoia egiten ari naizenean bere estiloa daukat buruan, eta berak, marrazkiak egitean, nik zer kontatu nahi dudan, eta nola, oso presente duela badakit.
Zer eman die Iosuk Noa eta Leari? Umore dosi handiak. Hori nabarmenduko nuke. Komikiaren artea menperatzen du, oso trebea da aurpegierak eta mugimenduak adierazteko orduan. Haurrak barrez lehertzen dira bere marrazkiekin. Xehetasun bereziak sartzen ditu eszenetan, bere kabuz askotan, eta horrek ere istorioak aberasten ditu. Aldi berean, errealismo handiko irudiak sortzen ditu, helikopteroaren erreskatea edota sanferminetako erraldoiak eta kilikiak marraztu zituenean bezala.
Zeri buruzkoa izango da hurrengo Marimatrakak? Zer espero dezakegu Noaren eta Learen etorkizunean?
Bildumako liburu bakoitza kolore batekoa da. Eta hurrengoan beltzarekin ausartu gara. Udazkenean aterako dela esaten badizut, erraza da gaia asmatzea... Lehenengo ipuina oso beltza den gau bati buruzkoa izango da, eta bigarrenak eguna gautzen duen fenomenoa izango du protagonista. Noaren eta Learen etorkizunean... edozer gerta daiteke! Nik neuk ez dakit.