Artikulua :: Garazi Albizua 2026/03/10

HAU EZ DA NOBEDADE BAT. May Ayim, munduko poesia kaierak. Itzultzailea: Garazi Ugalde

Zenbat hilabetez, astez, egunez, minutuz liburu bat da nobedade? Zer esan nahi du nobedade hitzak? Nora garamatza? Eta, batez ere, nola?

Nobedade bat irakurtzea kimera bat da. Esku artean, gaur, kaleratu den eta erosi berri duzun hori zahartzen ari da; herdoilduz doa eta orriak hauts bilakatuko dira mugikorrak erakusten dizun beste horren mesedetan: beste autore batek beste zerbait egin du, eta beste batek, eta enegarren batek baita ere.

Argitaratze abiadura horrek gu jan aurretik, salba gaitzala, bada, literaturak.

2020ko azaroan, kaleratu zen Munduko Poesia Kaiera bildumaren baitan, May Ayimen poesia, Garazi Ugaldek euskarara ekarritakoa.

Hitzaurrean, Beñat Sarasolak dio: «Poesiari ez zaio gehiegitan aitortzen zauria zauritzeko dohaina». Goazen ba, aitortzera. Sar gaitezen May Ayimek azaleratutako min horietan guztietan, goazen orduko zauriak gaurkora ekartzera, edo gaurkoa ordura, izan ere, kapitalismo neoliberalak eragindako oinazea denboragabekoa da.

Urrutiko eskarnioak lausotzen zaizkigu, urrun daudelako, errutinak tenteldu gaituelako edo, zinismoak besarkatuta, ekintza eza arrazoitzen ikasi dugulako. Ez dakit urrutiko minak urrutiko ahizparenak ote diren, ezta ahizpatasun kontzeptua dekoloniala izaterik duen; Mayri galdetu diot, berak erantzun: «begiratzen zaitut/ eta urrunean/ iraganean/ aurrera eta atzera/ nabil/ zuri/ AHIZPA/ deitzeko/ arrazoi bila».

Haren poesiaren erritmo lasaia eta gaitasun narratiboa irakurlearengan sartzen dira, lekukoari hitz egiteko eta mugidaren parte izatera bultzatzeko. Ez erortzeko merkatuaren zulo amaigabean eta, bide batez, kapitalismoak hauspotutako ironiatik askatzeko. Izan ere, «zure ametsa kontserbatu dute/ kontserbatu eta saldu, neba/ postalak eta posterrak/ hiru lerro historia liburu batean/ “I Have a Dream”/ eleberri amaitu bat».

Ezinbestean, Mayi Ayim irakurtzeak norberak bere buruari galderak egitea da: ba al da aurre iritzi gabeko ezagutzarik? Kultur orokor batek nola jan ditu azpikulturak? Nolakoa da gurea? Jerarkiaren zein tokian dago, zein kulturarekin alderatuz gero? Zer lortzen da iritzia emanez? Zer isilik geratzen? Zer da ahizpa izatea? Zeintzuk dira ahizpatasunaren mugak? Zein da familiaren papera? Zer arroi ari da gertatzen gaur, orain, momentu honetan?

Literaturak galderak sorrarazten ditu, batzuetan sekula otu ez zaizkigun korapiloak sartuko dizkigu erraietan. Batzuetan, galderek ez dute erantzunik izango, —gehienetan—; batzuetan, galderek ez dute iraungi datarik izango —gehienetan—–; batzuetan, erantzun baten premiak gehiago irakurtzera, hitz egitera, edota, akaso—gutxitan—, ekintzara bultzatuko gaitu.

Batzuetan, beharrezkoa den liburu bat dugu eskuartean. Zaindu. Irakurri May Ayim.

Zeureganatu.

Nobedadea ez den AEBren indarkeria dela eta ez dela, nobedadea ez diren May Ayimen bertsoak:

 

iraultzaren beste muturrean

 

kafea edatea

asaldaturik

erailketez eta eguneroko heriotzez

solasean

 

itxaropena eta sumina

haziz doaz

“plastikoaren ordez jutea” ekintzetan

 

nikaraguako eta

tanzaniako kafea eta

hegoafrikako

fruiturik ez

 

ahal duguna

egiten dugu

uzten diguten

horretan

 

eta politikariak

iskanbiletan

korapilatzen direlarik

eta armaz hornituta

gizalegera eta ordenara

deitzen duten

bitartean

 

terroristatzat

erreko dituzte

erreboltari bakanak

eromenaren ertzean

pilatzen da heriotza

 

begirada katiluan

entseatu du mehatxua

areago ikertzen bada

harriak

jaurtitzen

hasiko gara

 

 

Garazi Albizua