Artikulua :: Garazi Albizua 2026/11/17

HAU BAI DA NOBEDADE BAT Tonta, Jasone Osoro

Jasone Osorok kaleratu berri duen Tonta eleberriaz hitz egin nahi dizuet. Nobedadea da liburua, baina literatur lanek zeharkatzen dituzten betieroko gaiek hezurmamitzen dute testua: maitasuna, galera, bakardadea, inbidia, suberbibentzia, arrarotasuna, zahartzaroa, familia, nia. Liburu hauek argitaratze urtea gainditzen dute, denboran errotzen dira, eta nobedade izateak edo ez, ez du axola. Horrelakoa da Jasoneren eleberria. Hala eta guztiz ere, Tonta aurten argitaratu da, Ereinek kaleratu du azaro honetan.

Sozietatean bizi gara, taldea behar dugu bizirauteko, eta, halere, askotan, hurkoaren beldur gara. Hirietako espazio publikoak ez dira hiritar guztientzat aproposak, etxebizitza askotako tamaina ez da bizigarria, zenbaitetan. Munduan bizi gara, mundua zelan bizi jakin gabe. Eta, halere, batzuetan bakardadearen baitan zirrikitu bat irekitzen dugu, besteari zintzotasunez aitortzeko gure nahiak edota beldurrak:

«Gustuko janariez:

Behin katu bat jan nuen, untxia zelakoan.

Egunean sagar bat baino ez nuen jaten garai batean.

 

Umetako zauriez:

Asko ditut. Denak eskolan egin dizkidate.

Asko ditut. Asko eskolan egin ditut.

 

Kontsumitutako drogez:

Alkohola eta farmakoak.

Argaltzeko pilulak, txarrenak.

 

Traizioez:

Ez dut traizioa ezagutu.

Iritsiko zaizu. Mingarrienak, lagunenak dira.

Ez dut lagunik.

Hobe»

Baina harremanak aldatuz doaz. Tentsioa garatuz doa narrazioak aurrera egin ahala; protagonisten elkarbizitzak eta pertsonaien beldurrek zein norgehiagokek harilkatzen dute isolatutako hotelaren amarauna. Hotelak erraiak balitu, irakurlea horien lekuko litzateke. Artistaren estudiora sartuko gaitu Jasonek, eta hor dago artearen mamia: haragia eta odola.

«Modeloa, ni, zutik pintorearen aurrean. Hankak irekita. Besoak luze lurrerantz. Atzamar lodian inurridura sentitu nuen unean, izter artean hezetasuna. Hilekoa jaitsi berri zitzaidan. Odol arrastoa alutik behera».

Intsektuek, hegaztiek, ugaztunek, hotelak, zahartzaroak, miseriak eta edertasunak sortzen dute ekosistema maitagarria, desiragarria. Jateko modukoa. Izan ere, eleberrian janaria dasta daiteke, gosearen usaina zein testura:

«Aita, sukaldean afaria prestatzen. Merkatuan erosi berri zuen lupia garbitzen, ezkatak kentzen. Lupiaren zilar koloreko azala, sabel zuria. Lupiaren begi handiak, hortz zorrotzak. Gustuko nuen aitari laguntzea lupiari tripak ateratzen. Arrak oraindik erdi hilda. Herio usain hura nire azazkalak lohitzen. Gustuko nuen lupiari gatza botatzea, olioz zipriztintzea, labe beroan sartzea. Lupia hitza latinezko lupus hitzetik dator, otsoak bezala, arrainak ere gose basa duelako. Aitak bezala».

Eta guzti-guzti horren baitan, argi izpi bat. Munduan bizitzeko aukera.

Eleberri laburra da Jasonek idatzitako Tonta nobela, eta, era berean, eleberri erraldoia da Tontak aterpetutako espazioa.

 

Garazi Albizua