HARTZAREN ITZALA PIRINIOETAN
2072 metro gorako Bonaigua portuko C-28 errepide ertzean, Sorpeko oihanaren aldetik, jende askok filmatu dute hartz familia bat paseatzen, zuhaitzetara igotzen, ama bat eta bi ume dirudienez. Irudiak, Kataluniako telebistan azaldu ziren arratseko berri-sailetan. Hartzak ikustea gertakari mediatikoa bihurtu da, bereziki Auñamendi kate osoko ipar eta hegoko maldetan, duela zenbait urte arras erauzi zirenez geroztik. Aberearen eta gizakiaren -baina gizakia ez al da bera ere abere bat?- harreman luze eta gatazkatsuaren historia horrek, hizkuntza ezberdinetan harilkatzen diren gure kultura eta literatura pirenaikoak betetzen ditu. Historia hori da hemen kontatuko duguna.
Errenazimenturaino, gizakia naturaren menpe bizi zen, piztia erraldoiek, galerna suntsitzaileek eta sineste idorrek hazi beldur irrazionalez trantsitua. 1498tik hara, ordea, ustezko europar “zibilizatuak” afrikar, amerikar eta asiar kontinenteetako “salbaiak” ezagutu zituen. Nahitara laburtuz, erran genezake, berdinaren ezabaketa justifikatzen jarri zirela teologoak eta filosofoak: René Descartesen (1596-1650) arabera, gizaki euro-zentratuak munduan barna, “naturaz nagusi eta jabe egiteko bezala” ekin behar zuen. Ekin zuen bai, baina, “bezala” hitza ahantziz. Salbaia, iletsua, paganoa, femeninoa, latina ez zekitenak etsai bilakatu ziren, naturaren eta kulturaren arloan dakizkigun ondorio latzekin. Sorgin auziak giro horretan garatzen dira (1590-1610).
Mendeetan ehizatu zen hartzak, salbaiaren kontrako borroka sinbolizatzen du. Euskal Herrian eta Aragonen aspaldian desagertu zen. Hartzaren presentzia bakarrik maskaradetan, ihauterietako dantza zenbaitetan eta etxe batzuen fatxadetan zizelka moduan sumatzen da. Aspeko haranean, adibidez. Harrizko muturrak ikusten dira Etsauteko egoitzetan edo Bortzeko elizako zutoinetan. Hartzekiko ibarrak aldiz oseras deitu izan dira, hala nola Aran, Pallars, Andorra eta Ariegeko departamenduak. Eskualdeotan, hiru mendez, zazpi ehun hartz baino gehiago erail zirela idazten du Olivier de Marliave kazetariak Histoire de l’ours des Pyrénées ezinbesteko obran. Erran gabe doa, hartz ehiza, jaunen eta nobleen zeregina zela. Bearnoko Gaston Distiratsuak (1331-1391) hartza amultsuki aurkeztu zuen, 1388ko bere Ehizaren Liburuan, hartzaren eta gizakiaren arteko funtsezko eitea azpimarratuz: “hartzak bere emeari larrua jotzen diolarik, gizonaren eta emaztearen pare egiten du. Ondoren, harzdun denean, harpe batean gordetzen da erditzen duen arte.” Hartzaren neguloa ere deskribatzen du. Bistan dena, hartz bat hiltzen zuenaren izena eta ospea belaunaldi batetik bestera iragaten zen, sepia koloreko argazkiekin batera, balentria bat zelako: gure arbasoak oroitu dira “hartza ikusi duen gizonaz...”
Canelle zen pirinear jatorrizko azken hartza (ursus arctos). Canellen gorpua Tolosako (Okzitania) natur museoan kontserbatzen da. 2004ko azaroaren lehenean, 64 urteko René Marquèze ehiztariak hil zuen, Aspeko Urdosko mendietan, “Hartzaren Pasaia” izeneko lepoan preseski. Herio horretatik lekora, salaketa eta sumindura uhin bat hedatu zen, batez ere ekologisten lerroetan. Bere buruaren defentsan tiro egin ziola berretsi zuen 2008an Pauen “espezie gerizatua suntsitzeagatik” egin zitzaion auzian. Libre atera zen. Halaber Santa Graziko Jean Xutahandi-Elgoien laboraria. 1968an, Kakueta eta Ehüjarre arroilen tarteko eremu leizetsuan gurutzatu zuen abereari eskopeta kolpe zehatza bota zion. Izenik ez zuen hartz hau ere “Artzpasia” xendan kausitu zuen bekoz beko. Ordukoz, hartzen hiltzea legez kanpoko ekina zen Frantzian. Ehiztariek bazekiten zigor potoloak ukaiten ahal zituztela, baina ehiza mota honek zainetan isurtzen zuen adrenalina atabikoaren indarra handiagoa zen.
Ipar Ameriketako autoktonoen historia lur eta bizi galtze kronika etengabea den bezalakoa da hartzarena Pirinioetan. Lleidako Milenio editorialak plazaratu Cronica de un exterminio (2001) suma mardulak xehetasunak jasotzen ditu, Zuberoako sineste zaharrak aztertu zituzten Txomin Peillenen eta Junes Cazenaven lekukotasunak ere bilduz. Betidanik, literatura franko eragin du Auñamendietako hartzak, mendiotako bere presentzia, erreala ala sinbolikoa, benetakoa delako. Karia horretara, aipatzen ahal dugu Iker Üthürralt (1997) mitikiltar irakasleak, 2020an, Dakit etxean plazaratu zuen Hartzaren figura euskal kulturan titulua zekarren liburuxka interesgarria. Ikasten da hor, naturaren menpe eta naturaren babesean bizi zirenek hartza “aitañi” deitzen zutela eta abere handien hibernazioak urtaroen erritmoa markatzen zietela.
Hartzak desmasia gaitzak egiten zituen, zaldi, ardi edo behi artaldeetan, -eta horregatik herioz gaztigatzen zuten-, baina bazen halako elkartasun sentimendu bat jendeen eta hartzaren artean. Identifikazioraino joan zitekeena, Santa Graziko hartzaren kantan bezala. Ez dakigu abestian agertzen den hartza, egiazki, animalia den ala Maider neska bortxatu zuen gaizkile bat. Kantaren bukaeran azaltzen da agerpen anbiguoa: Maiderrek aski ditu “lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi” hilabeteak pasatzen uztea hartzaren lanaz jabetzeko. “Oro malezia den” hartz handia Ehüjarretik zetorren, Pusunpes aldetik, Maider neskatxari “gangrenatzen aisa” den “usukia” egiteko. Hala ere, bertsoen ontzaileak, Maiderri etxeko atea ixteko aholkua ematen dio, “zepo on bat heda eta atzaman ezan zankoti” gehituz. Edonon, emaztearen eta hartzaren enkontru arketipikoek, kontakizun lizun eta uhergarriak harilkatzen dituzte.
Pirinioetako espazio geografikoa murriztu zitzaien hartzei, errepideak eta tunelak zulatu ziren, mendiak elur-industriari eta udako turismoari zabaldu, lekurik gabe geratzen zirela laster. Herriak eta hiriak, bizkitartean, jendez ere hustu ziren, laborantzaren industrializatzearekin. 1981etik hona, iparraldean bederen, erabaki zen hartzak berriz sartzea Pirinioetako funtsetan. Hor hasi zen ekologisten eta ehiztari gisa juntatzen ziren taldeen pataska. Hala ere, 1996ko maiatzaren 19an, goizeko zortzietan Garonako departamenduan, Esloveniatik ekarri hartza punpaka abiatu zen, pozik, bere lurralde berrira egokitzeko prest. Melbaren ondotik, Ziva eta Pyros etorriko ziren. Auñamendi erdiko eremuetan, dagoeneko, 76 hartz zenbatzen dira, horietan 21 eme, 21 gazte eta 2022an sortu 13 txiki. Eskoletako haurrek hartzak izendatzeko prozesuan parte hartzen dute, aldiro gerla pizten duen eko-egikerak sozializatzeko maneran.
Ekonomia emankorra bermatzen da hartzaren itxuraren gainean. Asko dira Pirinioetan aurkitzen diren hartzaren ostatu, jatetxe edo hotelak. Araneko hiri nagusia den Vielhako karrikan bertan, burdinazko hartz baten tailua altxatzen da, umeak inguruan jostari dabilzkiola. Hain zuzen ere, Araneko ibarrean gertatu zen konfinamendu denboran, 2020ko apirilaren 9an, bazterrak inarrosi zituen Cachou hartzaren erailketa: autoko antigel delakoz ito orein bat eskaini zitzaion justu hibernaziotik atera zen abereari. Guztia jan zuen. Azken hatsa eman zuenerainoko egunak izugarriak izan zituela dio El fil d’Ariadna argitaletxeak publikatu berri duen Mor d’un os en la vall d’aran izeneko David Marinen liburuak. Katalanez da, ulerterraza. Arrakasta handiz biderkatzen diren true crimes sailen ereduan narratzen digu Cachouren kasua, pertsona bat bailitzan, bi autopsiak eta Eskuadrako Mosoko Pou inspektorearen ikerketa paperean etzanez. Araneko Conselh Generau hurbileko bi kide beren auziaren zain daude.
Bossosteko Aran Parken ikus daiteke hartz bikote bat, hesi altuen erdian noraez, muturrak lurrean eta burua altxatzen dutenean, hauen begietan izua irakur daiteke, libertate nahia, hesien maldan metatzen diren jende masekiko mesfidantza. Anartean, botere publikoek sartze berriak iragartzen dituztenean, herritarrak iratzartzen dira, Tourreko bideetan demagun, “Hartzari Ez” pintadak egiteko eta aurkarien manifestazio jendetsuetan parte hartzeko. Alta Ekain eta Otsozelai harpeetako murruetan marraztu hartzak, mito ala errealitate, hor ditugu oraindik, salbaiena nor den ez dezagun ahantz.