Artikulua :: Miren Mindegia 2023/06/29

Harrotasunez

1992ko uztailaren 6ko goizean Marsha P. Johnsonen gorpua New Yorkeko hiria zeharkatzen duen Hudson ibaian agertu zen, hilik. Gertakaria ez zen sobera ikertu eta handik gutxira kasua suizidio bezala sailkatua izan zen. Marsha emakume trans beltza zen. Marshak ez zuen inporta. Marsha ez zen inor. Edo bai? Hurrengo egunetan, justizia aldarrikatzen zuten hainbat mobilizazio egon ziren, ez bakarrik Marsharengatik, baita poliziak eta justiziak sistematikoki baztertzen eta isilarazten zituzten heteroarautik ateratzen ziren emakume guztiengatik ere. Baina kasu hark bazeukan indar berezi bat, komunitateko lider garrantzitsu eta maitatuenetako bat zen neurrian. Marsha ez zen inor sistemarentzat, baina Marsha LGTBIQ+ mugimenduko Rosa Parks zen.

Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugun honetan, ez dago soberan atzera begiratua egin eta mugimenduan mugarri izan diren horien izenak aldarrikatzea, historiografia ariketa bat egitea. “The death and life of Marsha P. Johnson” dokumentalak horretarako parada ezin hobea eskaintzen digu: protagonistaren heriotza argitzen saiatzen den Victoria Cruz aktibistaren ikerketaren bitartez, trans eta queer mugimenduak gay mugimenduaren askapenaren lehenengo uneetan izan zuen garrantzia nabarmentzen da. Bai Marsha baita haren lagun min izandako Sylvia Rivera ezinbesteko ahotsak izan ziren Harrotasunaren Egunaren abiapuntu izan zen Stonewalleko gertakarien aurkako lehenengo mobilizazioan.

Baina argitu dezagun testuingurua, deus baino lehen. 1969ko ekainaren 28an polizia Greenwich Villageko gay komunitatearen ohiko elkargune zen Stonewall Inn ostatuan indarrean sartu zen. Ez zen estatu indarkeriaren lehenengo erakustaldia izan, bai aldiz erantzun masiboa izan zuena. Marsharen beraren hitzetan, “odol asko isuri zen gau hartan, eta mugimendua hurrengo egunean hasi zen”. Bera zein Rivera mugimendu hartako ahots nagusientakoetan bilakatu ziren berehala, “Gay power!” oihuaren bozgorailu. Marsha ezinbesteko pieza bat zen bere komunitatean, pertsona alaia, enpatikoa eta hurbila zen. Lider natural bat. Bere nortasuna ausardiaz aldarrikatu eta erakusten zuen, errepresio eta indarkeria ororen gainetik balego bezala. Sylviak diskurtso zorrotzak eraikitzen zituen, jarrera borrokalari eta errebeldekoa zen, ez zion ahotsa altxatzeari inolako beldurrik. Biak batera geldiezinak ziren.

Laster ohartu ziren, alta, mugimenduaren lehenengo une horietan alor zehatz batean zentratu behar zituztela euren indarrak: hain zuzen, transexualen eta trabestien mugimenduan. Bien artean STAR sortu zuten, ingelesetik Kaleko Trabestida Ekintzaile Iraultzaileak bezala itzuli daitekeena, kalean bizi ziren emakume trans, drag eta gazte isolatuak laguntzera bideratu zen ekimena. Helburua, pertsona hauei etxebizitza bat, jantziak, arropa eta janaria lortzea zen. Inguru seguru bat eraikitzea, inolako aukerarik eskaintzen ez zien gizarte krudel batean. Txiroak, pariak, gizarteko baztertuak, pobreak, jendeak ikusi nahi ez zituen horiek ziren.

Zapalduen artean, zapalduenak. Dokumentalak erakusten duen bezala, Harrotasunaren Egunaren lehenengo urte horietan goi eta erdi klaseko gizon homosexual zuriak izan ziren mugimenduko ahots nagusiak. Argi gelditu zen hori 1973ko Harrotasunaren Egunean, Riverak bere ahotsa entzunaraztea lortu zuenean. Eszenatoki gainean, bakarrik, trans mugimenduak homosexualen askapenaren alde egindakoa gogoarazi zuenean, publikoaren irain eta txistuak jaso zituen bueltan, gorrotoaren indar guztiarekin. Egun hartan bere buruaz beste egiten saiatu zen. Egun hartan Marshak salbatu zuen. Egun hartan utzi zuen aktibismoa Riverak. Zorionez, bere bizitzako azken urteetan mugimendura itzuli zen Rivera, kolektiboko aktibista historiko bezala sekula galdu behar ez lukeen lekua berreskuratuz. Marsharri dagokionez, zoritxarrez, egundaino ez da argitu haren heriotza.

Esan gabe doa trans kolektiboak aurrerapauso ikaragarriak eman dituela ordutik hona, legediari zein eskubideei dagokionez. Esan gabe doa ere gobernuetan sartzen hasi den muturreko olde fatxistak arriskuan jarriko dituela LGTBIQ+ kolektiboak eman dituen pauso horietako bakoitza, eta kolektiboarekiko indarkeriak eta gorroto diskurtsoek gora egin dutela. Borroka dezagun bada zapalduak izan diren kolektibo guztien alde: klaseak, arrazak eta generoak zeharkatzen dituen mugimendu guztien alde. Borroka dezagun harrotasunez, harrokeria fatxistaren kontra.

 

Miren Mindegia