Artikulua :: Iosune de Goñi 2023/12/29

Hariak

Hasieran ez dut ezer esaten. Kamera analogikoarekin egindako selfie bat igotzen dut eta esperoan geratzen naiz, timelinean agertzen diren mezuak irakurtzen ditudan bitartean. Ezagutzen ez ditudan erabiltzaileek beren burua aurkezten dute, plataforma berria zertarako erabiliko duten azalduz. Izan ere, sare sozial bakoitzak funtzio ezberdin bat bete behar du eta ezin gara Threadsen Instagramen garen pertsona bera izan. Besteekin konektatu nahi badugu, gure izaeraren alderdi bat aukeratu behar dugu: partekatuko dugun edukia zaletasun bakar batean ardaztu, hizkuntza batean idatzi, niaren itzal edo isla soil bat izan. Leku guztietan presente egoteko beharra sentitzen dugu, baina zatituta, dislokatuta, plataforma bakoitzak eskatzen digun moldera egokituz.

Askotan pentsatzen dut monolaborantza eremuak bezalakoak garela: munduari fruitu bakar bat, produktu bakar bat eskaintzen diogu. Edo agian etxe barruko landareak gara, loreontzi marroietan hazten eta zimeltzen diren horietakoak. Basotik urrun, sustrairik gabe, saretzen eta sostengatzen gaituzten beste izaki batzuen laguntzarik gabe, onddoen mizelioarekiko lotura galduta. Baina ez dugu nahikoa bat izatearekin, besteengandik urrun egotearekin. Errealitatea zatitzen dugun bezala, gure burua ere zatitzen dugu, soroan edo loreontzian espezie bakar bat egon dadin. Loturak ezartzeko hariak ebakitzen ditugu.

Antzeko zerbait gertatzen da medikuntzaren esparruan. Gorputza aparatu eta sistema ezberdinetan banatzen dugu, horietako bakoitza modu independentean ulertuz eta osotasun bat garela ahantziz. Baina batzuetan takikardien zergatia ez dago bihotzean. Ehun-konektiboan edo nerbio-sisteman egon daiteke. Gorputz osoan. Edo gorputzetik at, indarkeria-egoera batean, gure ahoetatik sartzen den kutsatutako airean.

Khairani Barokka idazle indonesiarrak dioenez, niaren kontzeptuak jatorri koloniala du eta natura eta kulturaren arteko bereizketaren ondorio da. Mendebaldeko pentsamendu arrazionalak, hizkuntza eta zientziaren bidez, gauzen artean mugak ezartzen ditu, gorputzak entitate independenteak direlako ilusioa sortuz. Baina Barokkaren jatorrizko komunitate indigenarentzat nia beti plurala da. Inguratzen gaituen guztiak zeharkatzen gaitu: beste pertsona batzuen hitzak, istorioak, emozioak, baina baita gure trakeatik behera egiten duten esporak, larruazalaren beste aldean babesa bilatzen duten mikroorganismoak, gure buruen gainetik hegan egiten duten miruak eta belatzak. Autoreak azaltzen duenez, kultura batzuen artean ‘natura’ kontzeptua ez da existitzen. Izan ere, bereizketa hori ez da beharrezkoa: gu ere naturaren parte gara, ideia horri uko egiten tematzen garen arren.

Asko dira gure gizartearen oinarrian dagoen indibidualismo basatiaren adierazleak eta leku guztietan aurkitzen ditugu independentzia eta beregaintasuna goraipatzen dituzten mezuak: zure burua maitatu behar duzu besteek maite zaitzaten, denarekin ahal duzu, ez eskatu laguntzarik, ikas ezazu bakarrik egoten, terapiak zure arazo guztiak konponduko ditu (disfuntzioa zure buruan dagoelako eta zure ardura delako sano eta oso eta aurrera egiteko gai izatea), baina batez ere ez ezazu gainezka egin, ez zaitez ausartu zure gorputzaren ertzak zeharkatzera, beste aldean zer dagoen begiratzera. Gera zaitez larruazalaren barruan, izan zaitez entitate egonkor, aldaezin, monokromatiko bat.

Baina zer gertatzen da besteen beharra dugunean? Zer gertatzen da independenteak izan ezin diren gorputzekin, aparatu edo sistema bakar bati begira konpondu ezin diren gorputz horiekin? Sophie Strand idazle estatubatuarrak desgaitasunak kanpoan eta barruan dagoenarekin komunikatzeko zirrikitu bat irekitzen duela esaten du. Bat-batean, gure hesteetan bakterioak, birusak eta onddoak bizi direlaz jabetzen gara eta haien izenak ikasten ditugu. Edo gure ehun konektiboaren gaixotasunak basoa osatzen duten izakiak elkarrekin lotzen dituen mikorriza-sarean pentsatzera eramaten gaitu. Eta orduan argi ikusten dugu: ez gara bat, asko gara. Edo Andreas Weber filosofoaren hitzetan, «nia bestearen bidez baino ezin da nia izan».

Besteen beharra duten pertsonak gutxietsi eta arbuiatzen ditugu. Baina gaixotasuna edo pobrezia ezagutzen ez dituzten pertsonek ere ezingo lukete bakarrik bizi. Naturaren parte garela esan dut, eta naturaren parte izateak biziaren sare zabalean gure hariak josten eta korapilatzen ari garela esan nahi du, etengabe, elkarrekin, gureak ez diren esku, atzapar, hostoekin.

Azken egunetan eguzkia atera da. Neguko eguzki hotz eta zuria. Eta paseatzera jaitsi naizen aldi guztietan, armiarmek ehundutako hariak ikusi ditut, airean esekita, hegan egingo balute bezala, zuhaitzak eta landareak elkarren artean lotuz, baina baita ere eraikinetako leihoak eta autoak, kale-argiak eta loreak. Bat-batean, begirada lurretik altxatzen dut eta zerbaitek distira egiten du. Ezin dut berriro ikusi, baina badakit hor dagoela: biziaren sarea izaki guztien gorputzak ehuntzen, nire gorputza larruazalean amaitzen ez dela oroitaraziz. Threadsera igo dudan argazkian pentsatzen dut, loturak eta hariak bilatzen dituzten pertsona guzti horietan. Eta polifonia bat izango naizela erabakitzen dut, ez dudala zaletasun bat, hizkuntza bat, niaren itzal edo isla bakar bat aukeratuko. Gainezka egingo dudala, begiratzen ari naizen ur-jauziaren antzera.

Iosune de Goñi