Artikulua :: Yolanda Larreategui 2026/10/08

Happy meal

Guztiok ezagutzen dugu, gutxi-asko, jatetxeetako haur-menuen eskaintza sinple eta monotonoa: makarroiak, kroketak eta solomoa (edo oilasko bularkia) patata frijituekin. Erdi prezioan, barazkirik gabe diseinatutako plater konbinatu koipetsua jartzen diegu aurrean “bestela ez du ezer jango” aitzakia lasaigarri eta pozoitsua irensten dugun bitartean. Haurrentzako otorduak —atzean jostailu bat nahiz pantaila baten distira ezkutatzen dituzten Happy Meal famatuak— ultraprozesatuez, elikagai bigunegiez eta erraz mamurtzen diren produktuez osatuta daude. Ez dute ahalegin berezirik eskatzen, ezta ahosabaia hezten ere. “Ikasiko dute eskolako jantokian, lasai”. Eta, iristen direnean, komeriak hasten dira: ez dakite denetik jaten, ez dituzte ehundura ezberdinak onartzen eta jantokia gudu-zelai bihurtzen da. Etxean irakatsi ez dena eskolak bideratu behar du. Bada, zoritxarrez, berdintsu gertatzen ari zaigu hizkuntzarekin, elkarrizketarekin eta irakurketarekin ere.

Gure gizartean "Hizkuntza-Happy Meal"-a nagusitu da. Etxean, askotan, agindu laburrak, esaldi moztuak eta hiztegi bakuna besterik ez zaie eskaintzen haurrei. Edo, okerragoa dena, pantaila bat jartzen zaie aurrean afaltzen duten bitartean, isilik egon daitezen. Eta ondoren harritu egiten gara PISA azterketetako emaitza kaxkarrak ikusten ditugunean edo irakurmen-ulermenean haurrek dituzten gabezia erraldoiez jabetzean (dislexia eta beste nahasmendu batzuk salbu, jakina). Eskolari mirariak eskatzen dizkiogu, baina ahaztu egiten zaigu irakurketaren eta pentsamendu konplexuaren itsasargia ez dela klaseetako mahaigainean pizten, sukaldeko mahaiaren inguruan baizik.

Baina, nor da lazeria honen benetako erantzulea? Erraza litzateke gurasoen eta irakasleen bizkar gainean erantzukizun osoa uztea, baina auziak sustrai sistemiko eta politiko sakonagoa dauka. Gertatzen ari dena kapitalismo basatiaren eta Silicon Valleyren estrategia zehatz baten ondorio latza da. Gaur egun, familia aniztasunak, etxebizitzaren egoera larriak eta gurasoen lanordu kopuru amaigabeak bizitza estresagarri batean murgildu gaitu. Eskolaz kanpoko jardueren pilaketarekin batera, familiei kendu egin zaie denbora. Zaintzarako eta elkarbizitzarako tartea erabat suntsitu denean, kapitalismoak ordezko merke eta kaltegarri bat saldu digu: pantaila. Denboraren eta presentziaren ordez, gailu elektroniko bat ematen zaio umeari. Horrela, Silicon Valleyk gure arreta eta gure giza-harremanak merkantilizatu ditu, mahai inguruko giroa suntsituz.

Galtzen ari garen otordu ondoko giro horretan, ordea, ezinbestekoak diren balioak eta gaitasunak lantzen ziren. Sukaldeko mahaia ez baitzen janaria digeritzeko leku hutsa: adimenaren eta bihotzaren bilgunea zen. Bazkalosteko tertulietan haurrek entzuten ikasten zuten; isilik egon beharreko uneak eta hitza hartzeko txandak errespetatzen ikasten zuten. Nagusienganako errespetua eta maitasuna eraikitzen ziren bertan, etxeko helduek aspaldiko kontuak edo gaur egungo gertakariak kontatzen zituzten bitartean. Belaunaldien arteko zubi horretan, haurrek helduen hiztegia, esamolde aberatsak eta egitura gramatikal konplexuak jasotzen zituzten modu guztiz naturalean, ezer behartu gabe.

Ahozko tradizio eta aberastasun hori gabe, irakurketa-idazketaren prozesua benetako mendi tontor bihurtzen da haurrarentzat. Irakurketan bi fase bereizten dira: dekodifikazioa (letrak soinu bihurtzea) eta ulermena (testuaren zentzuaz jabetzea). Dekodifikatzeko trebezia eskolak irakatsi dezake, baina ulermena etxean ereiten den kognizio-lorategia da. Nola ulertuko du haur batek liburu batean irakurtzen duena, lehenago ahoz kontzeptu horiek guztiak entzun, dantzatu eta barneratu ez baditu? Etxeko tertulietan haurrek testuinguru zabalak eta munduaren ezagutza jasotzen dituzte; abstraktua dena zehatz egiteko gaitasuna garatzeko aukera dute. Bestalde, irakurtzeak arreta-denbora luzea eta haria ez galtzeko gaitasuna eskatzen ditu: elkarrizketa luze bat entzuteko eta bertan parte hartzeko gauza den haurrak soilik izango du liburu baten kapitulu oso bati jarraipena egiteko pazientzia mental hori.

Idazmenari dagokionez, berriz, gauza bera gertatzen da. Idaztea ez da soilik ortografia zuzena izatea. Pentsamendua egituratzea da. Mahaian bere eguna ordenatuz kontatzen ikasi duenak ("lehenengo hau gertatu da, ondorioz beste hau egin dugu, eta amaitzeko..."), badaki bereizten zein den ideia nagusia eta zein bigarren mailakoa. Ahoz argumentatzen, kausa-ondorio erlazioak ezartzen eta bere iritzia defendatzen ohituta dagoen umeak askoz tresna intelektual gehiago izaten ditu marradun orri baten aurrean jartzen denean. Idazmena ahozko pentsamenduaren ispilu hutsa baita.

Dena den, tresna horiek guztiak ez dira ezerezetik jaiotzen. Guraso eta irakasleok ezinbestekoa dugu geure buruari galdetzea zein adibide ematen ari garen. Ezin diegu haurrei liburu bat eskuetan hartzeko eskatu, helduok alboan sakelako telefonoari lotuta eta scrolling amaigabean harrapatuta gauden bitartean. Salbuespenak salbuespen, haurrek ez dute egiten esaten dieguna, ikusten dutena baizik. Irakurzaletasuna eta pentsamendu kritikoa kutsatu egiten dira; liburu bat irekitzeak sortzen duen lasaitasuna eta jakin-mina helduen jokabidean ikusi behar dituzte lehenik. Bai, irakasleengan ere bai.

Nori eskatu behar diogu, beraz, aldaketa? Batetik, politikariei eta erakundeei: kontziliazio erreala, lan-ordutegi giza-legezkoak eta pantailen erregulazioa bermatu behar dizkigute. Baina, bestetik, gizarte gisa gure etxeko ateetan barna muga sendoak jartzea dagokigu, mahaia pantailarik gabeko eremu babestu izendatuz eta gu geu komunitate horren lehen adibide bihurtuz.

Datu objektiboek erakusten dute bide hori dela eraginkorrena. PISA azterketetan irakurmen-ulermenean emaitzarik altuenak lortzen dituen herrialdeetako bat Japonia da: han oso argi dute, eta hitz egiteko zein isiltasunerako espazioak, heziketa zorrotza eta adinekoenganako errespetu itzela babesten dituzte. Baina ez daukagu haraino joan beharrik. Europan, Eslovenia da adibiderik argiena. PISAko goiko postuetan dago eta bertako haurren ehuneko handi batek parte hartzen du Bralna Značka izeneko mugimenduan, hau da, familian zein komunitatean liburuen inguruan hitz egiteko 1960az geroztik indarrean dagoen egitasmo publikoan.

Esloveniako mugimendu honek badauka guretzat bereziki azpimarragarria den ardatz bat: belaunaldien arteko lankidetza eta transmisioa. Irakurketa ez baita umeen edo ikasleen kontua soilik; gurasoak, aitona-amonak eta komunitate osoa zeharkatzen dituen zubia baita. Ipuin baten aitzakian, adinekoen jakituria eta gazteen ikusmira berriek topo egiten dute, irakurketari eta ahozko transmisioari zentzu sakona emanez.

Bralna Značka moduko ekimenak erraz kopiatu eta geureratu ditzakegu hemen. Liburuen inguruan komunitatea sortzea, adin desberdinetako jendea elkartzea eta ahozko elkarrizketa bultzatzea gure tradizio euskaltzale eta herrikoitik oso gertu dagoen zerbait da. Baina, prest al gaude helduok geure bizimodua eta lehentasunak aldatzeko? Zer nolako lekua uzten diogu gure eguneroko bizitza azkar eta estresagarrian benetako elkarrizketari? Happy meala baztertu eta lapikokora itzultzeko benetako ahaleginik egin nahi al dugu? Hortxe koxka.

Azken batean, gurea bezalako gizarte batean, sukaldeko berriketaldia, elkarri patxadaz entzuteko ohitura eta tertulia luzea dira gure altxorrik handienak. Ez dezagun utzi teknologiaren lasterketak edo denbora faltak ohitura horiek ezabatzen. Berriro ere geure mahaien inguruan elkartzeko gai izan behar dugu, bertan ereiten baitira gure haurren hezkuntzaren eta gizartearen benetako etorkizuna.

 

 

https://www.yolandalarreategui.com/

 

Yolanda Larreategui