HALABEHARRA?
Noizean behin ikusten dut, bazkaldu ondoren, EITB Kultura izeneko programa. Espazio horrek leiho bat eskaintzen die egungo euskal sortzaileei –eskultoreak, margolariak, zinemagileak, arte plastikoetakoak, musikariak, antzerkilariak, diseinatzaileak…–. Artista guztien ahozko adierazpen hizkuntza euskara da. Gehien-gehienetan gazteak dira eta programan beren kezka eta erronken berri ematen dute. Programaren estetika aski berezia eta landua da, abangoardista, esango nuke, baldin eta hitz horrek zerbait esan nahi badu gaur egun; beharbada zuzenagoa da esatea garai batean abangoardistatzat jotzen zen estetika hori lantzen dutela, zeinera ohitu baikintuzten TVEko eta zeharbidez, beharbada, Europako beste telebisio batzuetako antzeko programek.
Honaino dena ongi, edo gaizki ez, behintzat.
Beharbada nire pertzepzio halabeharraren ondorioa izango da –aitortu dut hasieran ez dudala programa beti-beti ikusi, batzuetan baizik soilik–, baina artista euskaldun gazteen kultur proposamenen txanda denean, literatura-gomendioak emateko ordua iristean, demagun, konturatuta nago artista euskaldun gazte guztiek erdarazko liburuak gomendatzen dituztela. Gehienetan gaztelaniazkoa, inoiz ingelesezkoa edo frantsesezkoa. Kasik, ikusteko nago programa horretan euskal liburu bat gomendatzen duen norbait. Haiek bezala, euskalduna eta gaztea den idazleren baten euskal liburu bat, esaterako. Hori bakarrik gertatzen da hitz egiten dutenak euskal idazleak edo euskal editoreak direnean; gainerakoan…
Itsasoa irensten ari den irla gero eta txikiago baten biztanleak gara euskal idazleak? Ez dugu ezer eskaintzeko beste diziplina batzuetako euskal artistei? Horren txarrak garela uste dute? Edo guk sortu dugu interes falta hori, gure zilborkeriarekin? Beste nonbait dago arazoa, ausaz? Non? Inoiz pentsatu dute beste euskal sortzaile horiek zer atarramendu edukiko luketen beren sorkariek denok haiek bezala jokatuko bagenu? Edo ingelesezko liburu bat gomendatzen dutelako sortzaile hobeak direla –edo hobetzat hartuko ditugula, unibertsalagotzat– uste dute? Galderak pilatzen zaizkit eta ez dut erantzun bakar bat ere aurkitzen.
Azken garai hauetan, beste askotan bezala, nahiago nuke nire pertzepzioa guztiz okerra balitz, halabeharraren ondorioa baino ez.