Artikulua :: IOSUNE DE GOÑI 2023/10/26

HAIZEZKOA, KRESALEZKOA

Betidanik sentitu izan dut nire bizitzatik alde egiteko beharra. Txikia nintzenean argi nuen ez nuela Burlatan, Nafarroan edo Euskal Herrian bizi nahi. Egia esan, ez nuen inon bizi nahi, ez nuen bizileku edo inguru zehatz eta mugatzaile baten menpe bizi nahi. Bidaiaria izan nahi nuen, nomada edo espiritu aske bat, seme-alabarik gabea, harreman monogamorik gabea, nire amestutako hegoei su emateko gai izan zitezkeen eskurik, gorputzik, katerik gabea. Idazle izan nahi nuen, eta arkeologo ere bai. Lurraren azpian dagoenari buruz idazten zuen bidaiaria.

14 urte nituenean, nire adineko pertsona batek munduan ezer baino gehiago maite ninduela esan zidan lehen aldian, ez nintzen gauza bera erantzuteko gai izan. Munduan gehien nahi eta maite nuena lotura eta mugarik gabe bizitzea zen, haizezkoa izatea, kresalezkoa, Fantasia 2000 pelikulan agertzen zen udaberriaren espiritua bezalakoa.

Hortik gutxira, hala ere, barnean neraman itzala eta mina (edo kanpotik zetorren indarkeria) handitzen joan ziren eta ihes egiteko edo bizirauteko modu berriak bilatu behar izan nituen: alkohola, drogak, autolesioa, maitasuna eta plazerik gabeko sexua, egunero hamaika gauza egitea barruan zegoena ikusi eta sentitzeari uzteko, inoiz ez gelditzea. Bidaiatzea, baina orain benetan, liburuetatik haratago, ahal nuen guztia. Zenbat eta urrunago, orduan eta hobeto.

Gaur egun ez naiz alde egiteko beharra sentitzen duen pertsona bakarra. Sistema kapitalistak etengabe ekoiztera, aurrera jarraitzera, edukia sortzera, partekatzera, kontsumitzera, berriz ere ekoiztera, inoiz ez gelditzera, indarrik ez badugu ere aurrera jarraitzera eramaten gaitu, esaldi honek duen erritmo frenetikoan, baina komarik gabe, arnasa hartzeko atsedenik, denborarik, babesik gabe. Ezin dugu gehiago. Baina ez gara aitortzera ausartzen, ez besteen aurrean, ezta geure buruaren aurrean ere. Aurrera jarraitu behar dugu. Lo egiteko pilulak irensten ditugu, gehiago eta azkarrago eta hobeto ekoizten jarraitzeko pilulak irensten ditugu. Besteekin alderatzen gara, egunero, behin eta berriro. Eta gutxiago garela sentitzen dugu, eta horrek gehiago ekoiztera eramaten gaitu.

Baldintza horietan, nork ez du bere bizitzatik alde egin nahi? Nork ez du basora ihes egitearekin amets egiten, landarez eta liburuz betetako etxe bat eraikitzearekin, zibilizaziotik at, hiritik urrun? Nork ez du mugikorra paretaren kontra zanpatu nahi? Eta, aldi berean, ihes egiteko behar hori baretzen duten mekanismoak martxan jartzen ditugu (egunero hamaika gauza egin barruan dagoena ikusi eta sentitzeari uzteko). Mugikorra paretaren kontra zanpatu beharrean, sare sozialetan orduak ematen ditugu, disoziatuta, sistema suntsitu nahi dugula ahazteko sistema elikatuz. Ihes egiteko desioari ihes eginez. Ezin dugulako sistema suntsitu. Ezin garelako basora bizitzera joan…

Edo agian bai.

Azken asteak Hendaiako itsaslabarren gainean, zuhaitzez inguratuta dagoen baserri batean eman ditut, bakarrik. Gauean, etxeko atea irekitzen dudanean, iluntasuna besterik ez dut ikusten. Haizearen hotsak paretak zeharkatzen ditu, itsasotik ateratako harriekin egindako pareta horiek, eta, bat-batean, armiarma, sugandila eta ubarroiekin hitz egiten ari naizela konturatzen naiz. Antsietatea edo mina agertzen direnean, itsasora noa. Olatu bilakatzen naiz. Edo eskua zuhaitz baten azalaren gainean jartzen dut, basoaren taupada sentitu ahalko banu bezala. Eta pixkanaka, denborarekin, egunero bazter berdinetatik paseatuz, argiaren mugimendua eta koloreak ikasiz, barnean dudan hori entzuten hasi naiz. Eta kanpora begiratu dut. Eta kanpoan eta barruan dauden gauzak nahasi egin dira, hitz egin didate, koaderno batean idazten hasi dira.

Badakit honek ez duela betiko iraungo. Sistemak berriro irentsi egingo nauela, ez diodala Instagramen disoziatzeari utziko (oraingoz bederen). Baina iluntzean, itsaslabarretara korrika edo kantatzen edo liburu batekin joaten naizenean eta ura hain urdina denean, hain nahasita dagoenean, udaberriaren espiritua izan nahi zuen ume horrekin gogoratzen naiz. Eta orduan bai, orduan beldurrik gabe, besteekin alderatu gabe eta egin behar ditudan beste hamaika gauzetan pentsatu gabe idatz dezaket. Lurraren azpian dagoenari buruz idazten duen bidaiaria izan. Urrunera ihes egiteko beharrik gabe. Nire amestutako hegoei su emateko gai diren notifikazio, eginbehar, sintoma, arazo ekonomiko eta indarkeriarik gabe.

IOSUNE DE GOÑI