GUZIZKO ANDRE NOBLE
Erranen dute gauzak, gertakariak eta behar ez diren zerak nahasten ditudala, batere funtsik gabe. Iragan asteartean, adibidez, Macron eta Borneren erretreten erreformaren kontrako manifestaldi jendetsutik landa, Baionako Lapurdum izeneko interpretazio zentrotik pasatu naiz, Ioannes Leiçarragaren Testamendu berria eta Kalendrera ardatz ireki duten erakusketa ikusi nahian. Kultura gune hori, behiala, ogi-bihi, balea gurin edo haragi lehorrak gordetzen ziren soto batean zabaldu dute, den-dena poliki konpondurik alabaina. Gustatu zitzaidan eskaileretan behera jaistea, lurraren sabelaren sakonerako xendran banindoa bezala, mailaz maila, kolpez kolpe, aldi honetan atean ez nuela pilora urdinaren edo gorriaren artean hautatzeko premiarik!
Euria ari zuen eta Baionan barna nenbilen, urratsean, erretiro duin baten esperantzarik gabeko mundu mortalean iraunarazi gogo gaituzten gizakien kontra marmaraz: blasfematuren duenari, etzaio barkaturen. Ohartzen nintzen nire posizioaren ridikuluaz: ChatGPT ospetsuaren garaian, nola errotu nezakeen izpiritua 1571ko itzulpen batean? Zerk ninduen hainbeste erakartzen Lapurdumeko sarrerako tabletan, behatz puntaz, orrialdeak pasarazten nituen bitartean? Oraindik ere irakurtzen ahal nuen euskararen XVI. mendeko grafia hunkigarriak zoratzen ote ninduen? Isilik geratu nintzen uste nuelako Leizarragaren Testamenduaren liburua 1990ean Euskaltzaindiak plazaratu zuen 1900eko Schuchardt eta Linschmannen edizioaren neurri berekoa zela, baina ez, askoz txikiago da jatorrizkoa, sakelako liburu baten izarikoa... eta mutuac minça eraciten ditu.
Baskische Bücher von 1571 dakar azalean etxean dudan aleak, azal berdexka dauka eta alemanezko aitzin-solas monumentala. Ene liburutegian ez da balio handiko libururik, gehienak sakelakoak dira, merke erosiak, merke ere saltzen ahal ez ditudanak. Baina hor ditut eskumenean, Primitiaren BNF-eko faksimilea, Oiartzabal kapitainaren nabigazio gida eta Tartasen predikuen suma arroganta, beti ere ongi hiltzeko bidean. Ez nituzke ahantzi behar, haur hotza nintzenean, Oragarreko erretoreak oparitu zidan Axularren Gero erraldoiaren Villasanteren argitalpena, Labriteko Ioanaren poesien eta memorien bilduma eta Inchausperen Le verbe basque aztoragarria.
Lapurdumeko sarreran, goizeko manifestazio trinkoan jadanik gurutzatu lagun-aire bat aurkitu nuen. Iruditu zitzaio(ke)n, sindikalista famakoa izanik, ez nukeela Leiçarraga ezagutzen: Beskoitzekoa zela argitu zidan, eta euskara batua erabiltzen zuela... miresmen kutsuz ahoskatzen zizkidan azken hitz hauek. Ez nion deus erran, baina nire baitan ari nintzen, “euskara betidanik batua izan dunk, hizlariak ditunk ez-batuak!” Nire arraileria larriak ez zuen ez buru, ez buztanik, baina sekretuki poztu nintzen, aurkitu nuen ilkibideaz. Zokoño batean ezarria zuten obra originalak emozio zirrista eztiz ito ninduen. Ez dakit zenbat minutuz egon nintzaion begira, halako lapsus tempo belikos batean gatibu.
Kalbinista zelako maite dut Leizarraga, itzultzaile pikarraien eredu delako Albreteko Guziz andre nobleak ez omen ziolako Testamenduaren euskaratzeko lana ordaindu, berpizkunde garai emankor eta gatazkatsuan bizitzea egokitu zitzaiolako eta horren lekukotasuna etzan zuelako paperean, hor direlako Agramondeko, Beltzuntzeko eta Mehaineko jaun zaldunen itzalak, Aturri eta Biduze haranetako euskarazko eleak bertan kausitzen ditudalako, etxekoen euskalki kasik galduen melodia ozen eta mikatzak, Beskoiztarren urguilu zantzuak eta bere Naffaroaco resuman ere Satani gerla eguitera Jainkoren batek deitzen zuen Joana Erregina!
Testamendu berriaren alea bilatu nuen egongelan sartu baiko. 1571n Rochellan inprimatu itzulpena hor neukan, justuki, Matrix filmaren eta The L word telesailaren DVD banaren artean. Kokapenik egokiena, Leiçarraga gaur egun bizi balitz loriatuko zelako erretreten erreformaren kontra protestatzen, Tina eta Bettyren amodiozko harremanak epaitzen, desio guziak bizio direla murduskatzen eta ahal duenean gurekin Bar du marché jatetxean airoski bazkaltzen: eztituc goffeturen ez egarrituren guehiagoric...