GUTAZ, HAIEK
Kataluniako TV3 telebistaren segitzaile amorratua naiz. Iragan egun batez, Ricard Ustrellek animatzen duen Col.lapse emankizunean atera zen Carolina Yuste antzezlea Arantxa Etchevarriaren La infitrada filma berria aipatzeko. Duela gutxi, kronikari batek lan horrek eragiten zizkion hausnarrak plazaratu zituen egunkariren batean. Gogoeta interesgarriak ziren egiazki, oinarrizko galderak gehigarri hauekin : zer egin mende erdiko ETAren historiaren herentziarekin, nola tratatu hori fikzioaren bidez? Zer ikuspegirekin? Noraino prest gara gu, euskaldunok, berunezko garai horietan bizi izan garenok bereziki, besteek gure historiaz harilkatu fikzioak ikusteko, entzuteko edo irakurtzeko ? Bistan dena, ETArena, etxe alde kontatua denean, txaloz urtzen garela, eta alderantziz delarik, sutan jartzeko jaidura nekez menperatzen dugu. Norena da ETAren historia? Ezker abertzalegoarena soilik? Jatorri eta alde guzietako biktimena?
Den mendreneko injustizia salatzeko altxatzeko gai den herrialde otzana gara. Burumuinak bi zatitan banatzen ditugu, geure buruak babestu aldera -ez dena gaizki funtsean! Haiek -etsaiak, arerioak- eta gu -euskaldun suharrak- gaude oraindik ere bekoz beko. ETAk, IK-k neurri batean iparraldea eta hemen ibili diren mertzenario bandek, luzerako formateatu dituzte gure gogoeta ahalmenak. Eta menturaz, trauma hau ondoko belaunaldiei transmitituko dugu, nostalgiaz eta arbuioz troxaturik. Ez da erraza, baina baliteke atzamar ideologiko morbido horietatik libratzeko -ez dut erabiltzen askatzeko, hitz konnotatuegia delako- on zerbait egingo digute “haiek gutaz” moldatzen dituzten artefaktu kulturalek. Enpatia ariketa baten egiteko aukera emango ligukete, nonbait horren premiarik baldin bagenu. Nik L’infiltrada begiesteko xedea daukat, Atalante zine-gelan programatzen badute bederen.
Bordelen bizi den Eric Plamandon idazle Quebectarrak, bere aldetik, nobela labur bat “kometitu” zuen 2019an Oyana tituluarekin. Ziburuko neska gazte zohitu baten erruduntasun sentimenduen alorra jorratzen du, ume bat hil zen atentatu batean parte hartu zuelako bi hamarkada lehenago. Sorterrira itzultzen da bere burua autoritateei entregatzera. 2011n isildu eta 2016an armak utzi zituen ETA kide ohien mehatxuak jasaten ditu, ez dezan horrelakorik egin. Beldur puntu batekin bukatzen den eleberria. Oyanak bere erbeste denboraren parte handia Quebec-en pasatu zuen, mediku bati ederki ezkondurik. Testu labur honek zerebroak inarrosten ditu: idazleak emazte horren destinoa erakusten du, Grezia zaharreko heroina batenaren antzera, barne-arrangura handiekin, zatikatua, iraganarekiko mutua eta mututua, egia osoa ez duelako erraten ahal. Eric Plamandonek ETAren epoka pixka bat mitifikatzen du, kanpotik ikusten du eta agian iruditzen zaio tematika horrekin Netflixek ekoiztuko duen telesaila baten gidoia izkiriatzen ari dela.
Florence Delay (1941) Baionan sortu Frantziako akademiako kideak ere bere denboran ETAren inguruko trama batekiko nobela bat plazaratu zuen, agian oraindik ere euskaratzea mereziko lukeena: Etxemendi (1990) eleberria preseski. Etxemendi izeneko ingeniaria engainatuko duen qui pro quo baten kontakizuna da, Miarritzeko itsas argiaren maldako ezena antologiko batekin. Lekua ez da izendatzen, emazte pertsonaiak erakundekoa dela ematen du, poliziak bilatzen duela uste duen Etxemendi arrazionala bere sareetara biltzen duena Kalipso abila bailitzan. Marie Darrieusecq-ek ere La fabrique d’une femme (2023) borroka armatuaren gaia hunkitzen du... Zergatik nahi dute absolutuki euskal jatorriko frantses idazleek beren “euskal” nobela idatzi?
ETA eta beste banda armatuek erabiltzen zituzten elementuak frankotan sartu dira fikzio-baheak osatzeko. Nor gara gu, haatik, sortzaileen adierazpen eskubidearen murrizketa aldarrikatzeko, piztia ile alde ferekatzen ez dutelako? Eta zer erran lezake Rosa Peral gaixoak, preso den bitartean Netflixen, Bartzelonako guardia urbanoaren krimenean bere parte hartzeari buruzko telesaila irentsi behar duelarik?