GREZIERAKO IRAKASLEA
Kanadan jaio zen eta grezierako eskolak ematen ateratzen du bizimodua. Horixe besterik ez du ipintzen Anne Carsonen liburu gehienen azal-hegaletan. Literatura Nobel Saridun berriak ez du gehiago behar bere burua aurkezteko. Aski eta sobera bere estiloa berezia, laburra eta hantusterik gabea dela erakusteko. Ez da luzamendutan ibiltzen. Sorterria eta ogibidea baino ez ditu aipatzen, gainerako informazio guztia izate beraren apaindura baizik ez delakoan, antzezle berberaren janzkera eta makillajea. Argazkirik ere ez, sarri askotan. Biografia lakonikoa hautatzen du argitalpenak, sariak, hitzaldiak eta curriculum vitaea puzten duten bestelako merezimenduak zerrendatu beharrean.
Idazleok ez gaude horretara ohituta. Nolabaiteko bertigoa ematen digu, antza, urteetako eginahalen poderioz jasotako uzta gure azken liburuaren erakusleihoan ustezko apaltasunez ez erakusteak. Horror vacui. Nola utziko dut ba hutsik azal-hegal ia osoa nire lorpenak agerian uzteko parada ia bakarrean?
Agian hasiko naiz neroni ere: Euskal Herrian jaio zen eta grezierako eskolak ematen ateratzen du bizimodua. Eta kitto. Baina ez nintzateke lasai geldituko zenbait ñabardura (garrantzizkoak oso, nire uste apalean) argitu gabe. Alegia, jornala grezierako eskolak ematetik ateratzen dudala zehaztu egin beharko nuke, ez baita beti egia: ikasturtearen arabera, ikastetxearen arabera, matrikulazio kopuruaren arabera, zuzendaritza taldearena, aurreko urtean buru-belarri debalde egindako komertzial lanarena eta abar. Argitu beharko nuke, orobat, greziera irakasten den oso eskola gutxi daudela Euskal Herri osoan, eta bizitokitik hurbil samar egotea txaloka eta saltoka hasteko moduko albistea dela.
Halaber, beste gai bat ere aipatu beharko litzateke: grezierakoak ez ezik, latinekoak, kultura klasikokoak (edo haien suzedaneo modernizatuak), tutoretza, proiektu komunitarioa, gaztelania eta espainiar literatura ere irakasteko ahaleginagatik ateratzen dudala bizitzeko lain ematen didan soldata. Bilerak, formakuntzak, zaintza orduak eta bete beharreko txosten amaigabeak ez nituzke aitatuko, ez baitira liburuan ondo gelditzen. Egunero lan saio hori guztia egin osteko azken indar-izpiarekin eta asti apurrean, idazteari edo itzultzeari lotzen natzaio.
Horrez gainera, zera ere gehituko nuke: nahiago nukeela grezierako eskolak ematen beharrean, idazten eta klasikoak euskaratzen ateratzea bizimodua, baina hori ezinezkoa omen, horretarako urrezko aisialdia sakrifikatzeko prest egon behar delako. Carsonek Safo itzuli zuen ingelesera; nik euskarara. Bakoitzak bere eskolaz kanpoko orduetan, demagun asteburuetan eta oporretan. Zenbait zubi ere baliatu nituen tiraderan lotan jarraitzen duen Nobel Saridunaren Saforen bertsioa euskaratzeko. Eta, noski, oso idazle gutxi omen dago mundu osoan idaztetik bizi denik. Ameskeria hutsa, beraz. Etsi eta debalde egiten jarraitzea onartzea baino ez dagokigu, hortaz, klasikoen itzulpenak ez baitu berariazko dirulaguntzarik. Halere, bihotzez eskerrak ematea ere badagokigu argitaletxeren batek halakorik kaleratzea onartzen duen zorte-kolpe bakanetan.
Eta, bestalde, hitz batzuk ere eskainiko nizkioke sorterriaren aferari. Carsoni txiki gelditzen zaio Toronto, antza, horregatik du nahiago estatuaren izena aipatzea. Eta oso erabaki zentzuzkoa dela deritzot, zalantzak eta ezjakintasuna saihesteko, hots, hiriarekiko atxikimendutik haratagoko zabalkundean laguntzeko. Horrexegatik beragatik, hain zuzen, ez nuke galduko denborarik Azkoitia eta Azpeitiaren arteko desberdintasunari buruzko (halakorik balego) azalpen lehorrak ematen. Bizkaiko eskola batean lanean ibili nintzenekoak argi utzi zidanez, bizkaitar gazte askok ez daki Azkoitia non dagoen, eta alderantziz.
Beraz, Euskal Herrian jaio nintzela jarriko nuke zuzenean, ez herririk, ez jaio nintzen urterik ez beste osagairik. Eta zioa erabat taxuzkoa da, ene aburuz, norbere jaioterria zoriak baizik aukeratzen ez duelako. Jaio garen lekuak baldintza ditzake idazlearen hizkuntza eta izaera, baina bakoitzak erabakitzen du, era berean, zein hizkuntzatan sortu, aberriaz ahaztu gabe. Azken hori ez baitu patuak erabakitzen, norberak baizik.
Hedabideek zabaldu dutenez, Carson Islandian zegoen Suediatik deia jaso zuenean, haizea entzuten, munduaren harrabotsetik ihesean, akaso. Ez dakigu, ordea, haizeak zakar jotzen zuen ala firfirak telefonoz bestaldeko zorion mezua garbi entzutea ahalbidetu zuen. Edonola ere, kanadiar poetak eskarmentua du halako deiak jasotzen, 2020an Letren Asturiasko Printzesa Saria ere irabazi baitzuen. Eta, egiaz, ez dauka meritu makala gaur egun batez ere klasiko greko-latindarrei buruzko eta estilo oso bereziko liburu zailak idatzi eta halako sona izatera heltzeagatik. Areago, poesia eta saiakera bezalako genero minoritarioak ondu eta hain goraipatua izateagatik. Eskerrak eman nahi nizkieke, beraz, Nobelaren epaimahaikideei hildako hizkuntzei etekina ateratzen saiatzen garen azken rara avisak aintzat hartzeagatik.
Agian, aurrerantzeko azal-hegaletan Nobel Saria ere aipatuko du Carsonek, bere erabakimenez edo argitaletxeek behartuta, salmentak ugaltzeko. Eta agian ausartuko naiz ni ere autobiografia apal eta xumeak idazten: Euskal Herrian jaio zen eta klasiko greko-latindarrak euskaratzen ditu. Adibidez.