Greziako poeta eta filosofo handiak eta oroimena
Grekoentzat oroimena axola handiko gauza zen eta horregatik haren izaerari buruz ideia asko zabaldu ziren. Sokrates (k.a. 470-399) eta Platonentzat (k.a. 429-348), oroimena hegaztientzat konpartimentuak dituen hegaztitegi erraldoi bat bezalakoa izan zitekeen. Horrela, ezagutza lortzea konpartimentu hutsak hegaztiekin betetzearen parekoa zen, eta oroitzea, berriz, hegaztietako bat bere lekutik atera eta hara itzuli ahal izatea, etorkizunean berriro erabiltzeko.
Ideia horren alderdi bat da oroimenean sistematikoki antolatutako zerbait bezala pentsatzera gonbidatzen gaituela, nahasketak saihesteko diseinatua dagoela eta kategoriak osatu eta gure oroitzapenak sailkatzeko aukera ematen duela. Hala ere bazegoen beste metafora herrikoiago bat eta zen oroimena argizarizko tableta baten gisakoa izan zitekeela, zeinen gainean gure esperientziek marka bat uzten zuten. Sokratesi egokia iruditu zitzaion ideia hori, eta beste urrats bat aurreratuz adierazi zuen argizariaren trinkotasuna erabakigarria zela oroimenaren iraunkortasunerako. Argizaria oso gogorra bazen, ikaskuntza pobrea izango zen, baina gogoan geratuko zen; aldiz, argizaria biguna bazen, ikaskuntza ona izango zen baina berehala ahaztuko zen. Tabula rasa esapidea garai hartakoa da, eta erabiltzen zen adierazteko jaiotzen garenean argizarizko tableta hori hutsa edukitzen dugula.
Aristotelesentzat (k.a. 384-322) berriz, kanpoko estimuluek odolaren bidez bihotzera bidaiatzen zuten eta hor espirituen mugimendua akuilatzen zuten. Mugimendu horiek ez ziren desagertzen kanpoko estimulua desagertzean, baizik eta irauten zuten neurri txikiago batean. Mugimendu horiek iraganarekin lotu bazitezkeen, oroimena eratzen zuten, eta bestela, irudimena edo fantasia. Ideia hori omen da oroimenari buruz dugun noziorik zaharrena gertaera baten barne-irudikapen gisa. Aristotelesen ideiak esan nahi du zerbaiten irudi mentala (espirituen mugimendua) ez dela nahikoa oroimena deitzeko, baizik eta iraganeko beste gertaera batzuekin lotuta egon behar duela horrelakotzat hartzeko.
Beste ekarpen bat ere egin zuen Aristotelesek: hiru asoziazio lege formulatu zituen oroitzapen bat gogora ekartzea esplikatzeko. Lehena, antzekotasunaren legea: bi gauza antzekoak badira, haietako batek bestea ekar diezaguke gogora. Bigarrena, kontrastearen legea: bi gauza erlaziona daitezke gure oroimenean puntu espezifiko batean bat ez badatoz, eta hirugarrena, albokotasunaren legea: bi gertaera elkarren segidan modu errepikatuan gertatzen badira, biak elkarri lotuak geratuko dira, eta norbanakoak lehenbizikoa hautematean, bigarrena ere hautemango du.
Aristotelesen lanen jarraitzaile abantailatu bat erromatar Inperioan bizi izan zen Klaudio Galeno (k.o. 130-200) filosofo eta mediku grekoa izan zen. Harena da oroimena garunaren zatiren batean gordetzen delako ideia. Medikuntzaren gurasoetako bat da. Erroman hiru enperadoreren mediku izan zen (Marko Aurelio, Komodo eta Septimio Severo) eta hango gladiadoreena ere bai. Aristotelesen uberan, proposatu zuen bizitza-espirituak bihotzean sortzen zirela, baina garunera bidaiatzen zutela animalia-espiritu bihurtzeko eta han gordetzeko. Hala ere, Galenok ez zuen esaten nerbio-ehunean metatzen zirela, baizik eta espirituak garuneko bentrikuluetan zeudela, nerbio-sistemaren barrunbeetan.
Gaur egun badakigu barrunbe horiek likido zefalorrakideoz beteak daudela, zeinen egiteko nagusia den garuna garezurrean flotatzen mantentzea, buruan har daitezkeen kolpeak leunduz; baina k.o. II. mendean enigma bat zen. Aristotelesek hiru jarduera mnemoniko mota definitu zituenez (irudi mentalen eraketa, horiei buruzko iritzien eraketa eta irudi horien gogorapena) eta, aldi berean, aurreko bi bentrikulu zeudenez, tarteko bat eta ondorengo bat, onartzen zen bentrikulu bakoitza jarduera haietaz arduratzen zelako ideia. Horrela, aurreko bentrikuluek estimulu sentsorialak jasotzen zituzten, tartekoa arrazoiketaz arduratzen zen, eta ondorengoa oroitzapenen eboluzioaz. Errenazimentura arte iraun zuen horrek, eta han jada beste urrats batzuk egin ziren.