Gorputza
Grezia klasikotik erabiltzen den figura da metafora. Behin Joxerra Gartzia irakasleak metaforaz eman zuen hitzaldiak liluratuta utzi gintuen Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkartean. Toki berean, olerki errezitaldiak egiten ziren tarteka, eta metafora batzuk besteak baino kaskarragoak ziren; barka dezatela orduko entzuleek. Harago daraman hitza, hortaz, metafora. Antzerkirako ere sarri erabilia. Mikelazuloko errezitaldi haietan ibiltzen zen Oier Guillan idazle eta antzerkigilea, eta duela aste batzuk estreinatu du Metrakoadroka taldeak hark idatzitako (Miren Azkarate Badiolaren ezinbesteko laguntzarekin) Bi baso bat ur antzezlana. Tratu txarren osteko alaitasunaz mintzo da, taldeak berak iragartzen duenez.
Gehiago ere bada Edurne Azkaratek zuzendu eta Intza Alkain, Javier Barandiaran, Maria Suarez eta Iraia Elias aktoreek oholtzara eraman duten obra bikaina.
«Gorputz bakoitzak, edo norbanako bakoitzak, desberdin pairatzen du gertatu zaion hori», kontatu zuen Azkaratek Berria egunkarian, antzezlanaren inguruko artikuluan.
“Dantza egitea munduko gauzarik ederrena da. Dantza egitea zure burua abandonatzea da. Plazerera abandonatzea. Baina niri, behin, norbaitek dantza egiteko gaitasuna lapurtu zidan”. Hala dio ahots batek antzezlanean. Eta han dira lau gorputz, lau aktoreenak. Gorputza erabiltzen du azkeneko urteetan Metrokoadrokak antzezlan batzuetan, dramaturgia baliabide gisa. Graziaz eta trebeziaz erabili ere. Gorputzaren erabilera metafora bat da bere horretan Metrokoadroka taldearen lan askotan. Umorea eta hitz jokoak albora utzi gabe. Baina gorputzarekin sentimenduak ikuslea laztanduz. Barneraino kolpatuz.
Apirilean, Ziortza-Bolibar, Hiriburu, Lezo, Hernani, Irun eta Plentzia herrietako oholtzatara eramango dute Bi baso bat ur. Maiatzean, Gasteizera, Zumaiara eta Villabonara.
Gorputzaren erabilera intimoago bat litzateke antzezlan horretakoa, antzokian ikusle mordoxka egonda ere. Bada, ordea, metafora eta gorputza modu kolektibo oso jendetsu batean bi urtean behin irudikatzen dena: Korrika.
Korrikako mezua idaztea egokitzen zaionarentzat bada hor beti erronka bat milaka euskaldun eta euskaltzaleri metafora batekin oihu egiteko. Duela bi urte, kasurako, Baionan Garazi Arrula Ruizek irakurritako mezuak zera esaten zuen: “Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako da, eta guk badakigu sua egiten”. Memoria kolektiborako gelditu ohi diren mezuak dira halakoak, gainera.
Igandean, Bilbon, zazpi lurraldetako zazpi gaztek irakurri zuten 24. Korrikako mezua: Oier Iñurrieta Garmendiak, Oihana Arana Cardenalek, Elene Mengyu Larrinaga Bilbaok, Beñat Jusue Rosanok, Aitzol Gil de San Vicente Plak, Xalbat Alzugarai Etxeberrik eta Leire Casamajou Elkegaraik. Haien mezuaren amaiera aldera, hala diote: “Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere”. Hitz horien aurretik ere, beste hau ageri da mezuan: “Gure gorputzak esan nahi duen dena euskaraz da, baina ez du esanahi bakarrik euskara. Egin nahi du berba nekeaz, pozaz, botereaz, minaz. Egin nahi die orro batzuei eta irri besteei”.
Gaur egungo poesiak ere hitz egiten du nekeaz, pozaz, botereaz eta minaz. Kantatzen diren bertsoetako metafora batzuek ere hala egiten dute.
Eta Korrikaren hamar eguneko (ibil)bideak ere gordetzen eta zabaltzen ditu metafora gehiago. Mezua gordetzen baita egurrezko lekuko batean. Eta lekuko hori ematen baita eskuz esku 2.175 kilometrotan. Orotara, 3.436 lekuko hartze. Hor gorpuzten dena herri baten metafora baino gehiago da. Bertan jartzen du herritar bakoitzak bere gorputza, korrika, beste batzuekin batera. Herritar bakoitzak gorputza une eta toki zehatz batean jartzeak eragiten baitu (edo baitezake) gorputz kolektibo indartsu bat. Ezin ukatu horren esanahia. Eta izango da esanahi literariorik aurkituko dionik, nahi bada.
Pizkundea ere metafora bat da. Baina bada, zalantzarik gabe, euskarak eta euskararen herriak hemen eta orain behar duen zerbait. 25. Korrikari itxaroten egon beharrik gabe.