Gizakia eta Adimen Artifiziala batera nola? (eta V)
Kai-Fu Lee jauna ez da nornahi adimen artifizialaren arloan. Taipéin (Taiwán) jaio zen 1961ean, eta 11 urterekin AEBetako Tennessee-ra joan zen. Lehenik, AEBetan lan egin zuen (Apple, SGI, Microsoft, Google), eta 2009an, Sinovation Ventures enpresa sortu zuen Txinan. Adimen artifizialean punta-puntan dabiltzan bi superpotentzietan bizi eta lan egin izan du zangalatrau, eta bi kulturak eta bi herrialdeetako aurrerapenak ezagutzen ditu ezin hobeki. Harik eta 2013an, laugarren fasean zegoen linfoma bat aurkitu zioten arte, lanaren etika bizi izan zuen mutur-muturreraino, lanari erabat emana bizi izan baitzen (egunero goizeko 2etan eta 5etan jaikitzen zen AEBetako emailak erantzuteko). Kimioterapiaz tratatu zuten linfoma, eta sendatzea lortu zuen.
Esperientzia gogor horrek zer-pentsa handia eman zion, eta aurrerantzean lanari tamaina hartzen ikasi du, eta emazte-alabak eta lagunei eta ikasi nahi duten gazteei denbora gehiago eskaintzen, adimen artifizialak ematen ez zion maitasuna aintzat hartzen, eta alde horretatik eskuzabalago jokatzen irakatsi zion. Bada, interesgarria da jakitea aditu horrek zer diagnostiko egiten duen, eta zer irtenbide aurreikusten dituen gizakia eta AA batera nahiko harmonian bizi ahal izateko.
Lehenik eta behin, duen ikuspegi orokorra aski pesimista da, langabezia eta desberdintasun sozialak asko handituko direla uste baitu. Dio hamabost-hogei urteren buruan, AEBetako lanpostuetatik ehuneko berrogei edo berrogeita hamar automatizatzeko gai izango direla. Hori Europara eta gurera ere iritsiko da dudarik gabe, beranduxeago bada ere. Halere, optimista ere bada, zeren sinesten du gizakiok makinek ez bezala, badugula pertsona bezala hazteko, errukia izateko eta maitatzeko ahalmena, eta hori balia dezakegula koexistentzia orekatu baterako (Superpotencias de la inteligencia artificial 2020).
AAren garaian, gizarte oparoak eraikitzeak funtsezko aldaketak eskatuko ditu gure ekonomian, baina baita kulturan eta balioetan ere. Industria-ekonomiaren baitan bizi izandako mendeek baldintzatu gaituzte, gutako asko, gizartean dugun paper nagusia (baita gure nortasuna ere) lan produktiboan eta soldatapekoan dagoela sinestera. Lana kenduz gero, pertsonaren eta bere komunitatearen arteko lotura sendoenetako bat hausten da. Industria-arotik AAren arora igaro ahala, baina, lana eta bizitza parekatzen dituen edo produktibitatea optimizatzeko algoritmo handi batean gizakiak aldagai gisa tratatzen dituen pentsamoldetik aldendu beharko dugu. Horren ordez, maitasuna, zerbitzua eta giza errukia inoiz baino gehiago baloratuko dituen kultura berri baterantz egin beharko dugu aurrera.
Langabeziari aurre egiteko irtenbide teknikoetara etorriz, hiru kategoriatan sailka daitezke: birziklatze profesionala, lanorduen murrizketa eta irabazien birbanaketa. Lehenak trebetasunak ditu jomugan; bigarrenak, denbora; eta hirugarrenak, ordainsariak.
Langileen birmoldaketa profesionalaren alde egiten dutenek uste dute AAk pixkanaka behar diren trebetasunak aldatuko dituela, baina langileek beren trebetasunak eta gaitasunak egokitu baditzakete, orduan ez da eskulanaren beharra gutxituko.
Lanorduen murrizketaren aldekoen iritziz, AAk murriztu egingo du giza eskulanaren eskaria, eta uste dute inpaktu hori neutraliza daitekeela hiruzpalau eguneko lan-astera igaroz gero, eta horrenbestez, dauden enpleguak langile gehiagoren artean banaturik.
Irabazien birbanaketaren arloa izaten da dramatikoena AAk eragindako lanpostuen galerari buruzko aurreikuspenetan. Horietako askok iragartzen dute, AAk aurrera egin ahala, langileak lekuz aldatu edo lanetik aterako dituela, eta gaitasun- edo doikuntza-ordu kopuru jakin bat ere ez dela nahikoa izango. Horren ordez, birbanaketa-eskema erradikalagoak hartu beharko ditugu, langabeei laguntzeko eta AAk sortutako aberastasuna banatzeko.
Horrenbestez, etorkizun zaila marrazten digu Lee jaunak, eta ahalegin hoberenak eginda ere, bermerik ez daukagu trantsizioa arazorik gabe egingo dela ziurtatzeko baina bistan da saiatu beharra egongo dela, AAren aroa gainean dugu eta.