Artikulua :: Elena Galzusta 2026/06/02

Giza itzultzaile automatikoak

Ezin ukatu Euskal Herriak antzinatik itsasoarekin izan duen lotura. Hala ere, zalantzarik ez dago: marea hitzak hobeto adierazten du zertan ari den itsasoa, itsasaldia baino. Beraz, euskaldunek mendeak eman dituzte marea hitzak eskaintzen dien zehaztasun berexi hori gabe. Bada, mareak ez du mareorik sorrarazten, marea entzutean inor ez baita zorabiatzen. Aitzitik, zorabioa eta itsasaldia dira oraingo hiztunak nahasten dituzten hitzak.

Ez, hemen gaia ez da "garbizalekeria versus zikinzalekeria", hiztunen jarreraz zenbait galdera egitea baizik. Hau da, zergatik itsasaldi eta zorabio hitzak ezagutzen dituzten euskaldunek mareo eta marearen alde egiten duten; ez euskara ikasten hasi berriak direlako ezinbestez nola edo hala hitz egin behar dutenek.

Bide batez, mareoari jarraipena emateko: ezin ukatu Euskal Herrian antzinatik egon direla euri-erauntsiak eta elur-jasak. Hala eta guztiz, euskarak, —askoren iritziz, euria bezain zaharra izan arren—, ez du sekula prezipitazioa esateko hitz egokirik eduki. Prezipitazioa hots handiko hitza da: lehen begiradan ahozkatzen zaila ere bai. Dena den, bi euskal "p" ditu. Eskerrak. Izan ere, Charles Hockett hizkuntzalariaren ikerketen arabera, Neardental gizakien masailezurrek "v" eta "f" ahoskatzeko ezintasuna erakusten dute. Neolito Aroak ekarri zuen geroago hots igurzkari horiek ahoskatzeko gaitasuna, nekazaritzaren bidez jateko ohiturak aldatu zirelako, bai eta hortzak tresna gisa erabiltzeari utzi zitzaiolako ere. Iraultza horrek ondorioak izan zituen munduko hizkuntza guztien hots multzoan. Euskal hizkuntzan, dirudienez, ez. Ezagun denez, euskaldunek duela gutxi arte izan dute "v" eta "f" ahoskatzeko eragozpen hori, Urrezko Aroaren oroigarri. Gogoan izan Pernando (Amezketarra), eta atera kontuak.

Hortaz, prezipitazioa. Pere, zipi eta zioa: pere argi dago, Gipuzkoan behinik-behin; zipi, berriz, "pozoina" da, edo izan da, tokiren batean, zipi-zapa (mauka-mauka) ahaztu gabe, Sarasolaren Orotariko Hiztegiaren arabera, betiere. Zio zaharkituak, agian, gurutze txiki bat eraman beharko luke ondoan; hots, aipatutako hiztegiak (ia) hiltzat ematen zituen hitzek ondoan eraman ohi zuten gurutzetxoa. Inor ez mareatzeko, zehatzagoa da motibo esatea, zio baino.

Prezipitaziora etorrita, beharbada metereologiak, zientzia nahiko berria izanik, hitz berriak behar ditu, teknikoagoak. Baina prezipitazioa ez dute bakarrik euskal metereologoek erabiltzen, edozeinek baizik. Berdin gertatzen da beste arlo askotan. Hitz teknikoak ziztu bizian iristen dira arruntak izatera, baldin eta erdaratik badatoz. Bestela ez. Halaber, euskal jatorriko hitzak, teknikoak izan edo ez, jasotzat hartzeko joera dago; eta erabiltzen dituztenak, sasimaisutzat. Zeren adierazgarri da euskarekiko jarrera hori?

Beste mareo bat: diotenez, morroi batek urte mordo bat egin zuen euskarazko hitz eta esapide bitxiak biltzen. Eder-ederrak, besteak beste, eguraldiari buruzkoak. Demagun hura Mokoroa izeneko bat izan zela. Gizon xelebre hark alferrik galdu zituen urteak halako zereginetan. Haren antzera, garaiko beste ero batzuek lan eskerga egin zuten euskal mareoari aurre egiteko. Ez da aspaldiko zerbait. Gaurko euskaldunentzat, aldiz, in illo tempore gertatua da. Euskaltzale haien emaitzak ur-lasterrak eraman ditu. Egunerokoan, inor gutxi gogoratzen da haiekin; ez esatariak, ez kazetariak, ez eta idazle asko ere.

Protoeuskara hartatik egungo euskarara urrats bat egin eta, une honetan, euskal hiztunek dena har dezakete erdaratik, solaskideek ulertuko dietelakoan. Gazteleraz/frantsesez ongi ez dakiena gutxiengo kaltegabe bat da-eta. Alabaina, atzerritarrei euskara irakasteko orduan ezin hobeto ikusten da ez dagoela euskara irakasterik, ikasleek gazteleraz/frantsesez jakin ezean. Edo bai, egon badago, baldin eta, aldi berean, gaztelera eta frantsesaren gramatika-arauak, hitzak, esapideak eta abar ere azaltzen bazaizkie. Gramatika arloko adibide bakar bat emateko: bat zenbatzailea dela irakatsi ondoren, nola azaldu ikasleei ikasliburua bat zenbatzailea ez dela erakusten duten adibideez josita dagoela? Euskal testuak irakurtzean, antzeko zerbait: pasarte batzuk ulertu ahal izateko euskaratik erdarara itzuli beharra egoten da. Euskara geruza da; erdara, abiagunea, oinarria.

Jakina, historia dela, politika dela, euskaldunak erdararen uretan murgildurik bizi dira. Alegia, Trotskyren etengabeko iraultzaren ordez, etengabeko itzulpengintza nagusitu da. Eta euskaldunak giza itzultzaile automatiko bilakatu dira. Itzulpengintza ikasigabeak, zoritxarrez. Tertzioz aldatu, kuriositateak pikatu..., etenik ez duen mareoa.

Hizkuntzaren egoerak errua duela esan daiteke, eta kitto. Era berean, beste hainbat herrialdetan ikusi denez, hizkuntzaren bilakaera hori gainbeheraren adierazlea da, hizkuntza baten desagerpenaren bidean egin ohi diren urratsak. Zenbat eta gehiago hartu agintzen duen hizkuntzatik, hainbat eta ahalmen gutxiago izango du menpeko hizkuntzak. Galeraren gurpil zoroa.

Nolanahi ere, beti egoten dira norberak egiten dituen hautuak, aitortuak edo aitortu gabeak. Hautuen harira, zinez harrigarria litzateke egiaztatzea erdarak, sakonean, euskararen aldekoei ere lilura eragiten diela. Edo euskaraz behetik gora begira egiten dela; edota arinkeriaz.

 Euskaldunak prezipitazioak mareaturik bizi ote dira? Ezertarako astirik gabe? Horixe da, hain zuzen, prezipitazioaren bigarren adiera gazteleraz/frantsesez, laster euskarara hedatuko dena: "arin(egi) ibiltzea". Ez prezipitatu, arren! Hizkuntza-turismo azkarrari ez. 0 kilometroa.

Elena Galzusta