Artikulua 2024/10/10

GEZURRAREN ADARRAK

Umeei esan ohi diegu egia esan behar dutela beti; gezurra esatea txarto dagoela eta gezurtia izatea ume bat izan daitekeen gauzarik txarrenetariko bat dela ia-ia. Horretaz gain, mehatxatu egiten diegu: guk, helduok, lehenago edo geroago jakingo dugu gezurra esan dutela eta ondorioak (errieta, zigorra, edozer) ez dira onak izango. Azken finean, «adar motzak ditu gezurrak», ezta?

Beno, hori da esaten duguna (agian guk ere entzun genuelako umeak ginenean), baina ez da inolaz ere egiten duguna. Erabateko egia bat badago, guztiok une oro gezurrak esaten ditugula da. Berdin dio gure adina, lanbidea, etorkia… zein den. Gure bizitzan gezur gehiago daude egiak baino.

Ikerketek erakutsi dute egun batean 10-200 gezur esan ohi ditugula. Ai, ama. Noski, alde batetik norberaren egoera ere kontuan izan behar da. Egunero, goizetik gauera, jende askorekin egotea, eta bakardadean lan egitea eta egun osoan inor ez topatzea ez dira gauza bera. Bigarren kasu horretan, 200 gezur egunean esatea ia-ia erronka da eta.

Beste alde batetik, lanbidea ere kontuan hartu behar dugu. Ziur nago haurtzaindegi batean lan egiten duen norbaitek inori kalterik egiten ez dioten zenbait gezur esango dituela. Olentzeroren existentziatik umeak jostatzeko konta daitekeen edozein gauzetara. Eta nik ez dut ezer horren aurka, noski. Politikariek, adibidez, gezurra esaten dute etengabe («bozka urte, gezur urte», badakigunez). Botoak lortzeko eta boterea ez galtzeko, edozer esaten dute (kasu honetan, eguneko 200 gezur esatea zehatza izan daiteke, tamalez) eta txarto deritzot horri, noski.

Bi adibide hauek desberdinak diren arren, gauza batean egiten dute bat: guk badakigu pertsona horiek (irakasleak, asmo onekin; politikariek, asmo txarrekin) gezurra esaten dutela eta bost axola zaigu. Onartu egiten dugu beste hainbeste gezur eta iruzur gure eguneroko bizitzan onartzen dugun bezala. Are okerrago, politikari batek beti egia esateak ustekabean hartuko gintuzke, eta kasu askotan txarto iritziko genioke irakasle batek umeei egia esateari.

Hainbat egoeratan, era berean, gezurra esan behar da (edo gezurra esan ohi dugu, hobeto esanda) besteak ez mintzeko. Noiz edo noiz esan dugu lanpetuta gaudela proposatutako plan bat egiteko gogorik ez dugunean edo gezur errukitsu bat esan diogu lagun bati, une zehatz batean enpatia eta ez egia behar baitzuen. Beste kasu batzuetan, pasadizoak «apaintzen» ditugu interesgarriagoak izan daitezen edo gezurtxoak edo egierdiak esaten ditugu edozein egoera konplexutik irteteko (gurasoen errieta edo isun bat ekiditeko, adibidez). Atsotitzen bilduma aurki dezakegun bezala, «gezurrak, askotan onerako».

Ematen du egia kasu berezi (eta gutxi) batzuetan bakarrik entzun nahi dugula. Sendagilearekin hitz egiten dugunean, esate baterako. Bestela, gezurra naturaltasunez onartzen eta espero egiten dugu. Eta gezurra esan ere egiten dugu, noski. Eta guztiok ondo deritzogu, nahiz eta kontrakoa esan. Zenbat aldiz pentsatu edo esan dugu norbait zakarra edo leloa dela egia beti esaten duelako? Zenbat aldiz esan edo entzun dugu «nik ez dut besteei buruz ezkutuan hitz egiten, nik aurpegia ematen dut», hor ez dagoen norbaiti buruz hitz egiten dugun bitartean?

Hau guztia ikusita eta jakinda ere, besteengan (lagunengan, bikotekidearengan…) aintzat hartzen duguna zer den galdetzen digutenean, egiazaletasuna izan ohi da esaten dugun lehenengo gauza. Harritzekoa.

Hori gutxi balitz bezala, ikertzaile eta hizkuntzalari askok esaten duten gauza interesgarri bat hauxe da: umeak hizkuntza kontrolatzen hasten dira gezurra esaten hasten direnean. Nik ez dakit hori egia den, baina zer pentsatu handiak ematen dizkit. Agian bizi garen mundua paradoxa handia da eta errealitatea ulertzeko era bakarra buelta gehiegi ez ematea da. Edo, Markus Gabriel filosofoak esaten duen bezala, posible da mundurik berez ez existitzea, eta bizi garen eta bizi dugun errealitatea bakarrik gure buruan egotea.

Auskalo. Baina horrela izatekotan, orduan hobea izango litzateke gezurretan eta pozik bizi izatea, ezta?