GERTRUDEN DANTZA
“Idazle izugarri txarra”. Horrela definitzen du Gertrude Stein Paris no se acaba nunca nobelako narratzaileak, 51. txatalean, Enrique Vila Matasek 2003an argitaratutako liburuan. Ondoren, modu argigarrian zehazten du bere iritzia “Gertrude Stein, hizkuntzaren gehiegizko sinplifikazio baten bidez ingelesa purifikatzen eta kolpe estetikoak miresten saiatu zen estatubatuar erbesteratua, idazle txarra izan zen, nahiz eta eragin interesgarria izan zuen Hemingway gaztearengan”
Gertrud Stein Hemingway bezalako idazleak laguntzeagatik, babesteagatik eta aholkatzeagatik izan da luzez oroitua. Stein, ordea, diziplina ezberdinetako artisten akuilari izateaz gain, batez ere idazle oparoa izan zen, hala narratiban nola poesian eta antzerkian. XX. mendeko bigarren erdian eszena eta arte bizietako joera performatiboek berreskuratu dute, segur aski, bere ekarpenaren garrantzia.
Euskal kulturan agian ez da oso esanguratsua Steinen lanaren oihartzuna. Antzerkigintzan, dakiguneraino, Iñaki Santosek Gertrudisen lagunak izeneko lana taularatu zuen 2019an. Literaturari dagokionez, bereziki nabarmendu behar da Ixiar Rozasek Beltzuria (Pamiela, 2014) liburua, non egileak sarritan izan zuen Stein aipagai,eta bere testu labur bat ere itzuli egin zuen:
Gertrude Stein aitzindaria izan zen hitza erabiltzeko moduetan. Abilidade eta ironia handiz, errepresentazioaren kritika egiten zuen bere lanetan. Materialak pilatuz idazten zuen, errepikapenak erabiliz harreman berriak sortzen zituen gauzak eta hitzen artean, eta horrek testuen ohiko irakurketa jarraitua iraultzen zuen. Ondorioz, beste atentzio bat eskatzen dute bere lanek. Arreta osoa, testuaren orainean jarri beharra dago eta irakurketa parataktikoa sortarazten du, kosntruktiboa, ez kontsekutiboa. Idazketa horren bilaketa ez zen esperimentatzeko gogoaren ondorio hutsa. Lengoaia eta munduarekiko posizionamendu bat zegoen Gertrude Steinen hitzen atzean.
Ez da ezer berria. Asko dira gizonezko mota jakin batek definitutako kanon literarioak bazterrean gutxietsita utzitako izenak; kanonean sartzen ez ziren gizonezkoenak baita ere, bai, baina esan gabe doa, masiboki emakumezkoenak, eta noski, ez bata ez bestea sentitzen ez ziren artistenak. XX. mende hasierako abangoardietan, bigarren mundu gerraren osteko existentzialismoaren eta absurduaren aurreko hurrenkera historikoan, XX. mendeko bigarren erditik hona borborka egon diren -eta oraindik ere, badauden- joera artistiko askoren lan aitzindariak izan daitezkeenak sortu ziren. Absurdua egun guztiz barneratua dugun arren, Steinen garaian absurdua posible izateko aurrekariak finkatu zituzten orduko egile ugariek. Hans-Thies Lehmannek bere Antzerki Postdramatikoa saiakera ezagunean dio Stein teatroa eta testuaren artean sortutako arrakalan kokatu behar dela, teatro tradizionaleko kanon eta espektatiba dramatikoekin haustura ekarri zuelako.
Greil Marcusen Rastros de carmin liburuan irakurri daitekeen bezala, hari bat marraztu liteke dadaismoa, situazionismoa, punk-a eta antzerki posdramatikoaren artean. Gaurdaino iristen den hari horretan, bazterrean utzitako izen ugari daude: Miren Gaztañagak aipatzen du Claude Cahun Stereo liburuko bere erreferentzien artean, Mikel Elortzak euskaratuta topatu dezakegu Emmy Henningsen poema sorta bat armiarma.eus webgunean, Garazi Arrulak Elearazi proiektuan itzuli zuen Djuna Barnesen testu bat. Ahanzturan egon diren arren, apurka haien eragina hedatzen joan dira guztiak, narratiba egitura klasikoak maite ditugunok ere harritzen gaituen narratibaren pisu (zama?) gehiegizkoari zirrikituak bilatuz, “esperimentalak” jo izan diren arte espresioetan - nahiz eta, beste palabro asko bezala, “esperimentala” hitzaren erabilera sarritan kanon orokorren biziraupenaren alde modu interesatu zein gutxiesgarrian erabilitako kontzeptu bat izan den-. Segur aski, Gertrude Steinen obrari luzez gertatu zaiona.
Donostiako Tabakaleran gauza bitxia gertatu zen abuztu aldean. Performance bat antolatua zegoen egungo Donostiarik dekadenteeneko jaien erdigunean. Idoia Zabaletak sinatzen zuen ekintza, hainbat dantzari eta DJ Bihotzaren kolaborazioarekin. Ekintzaren oinarria Gertrude Steinen poema bat zen: Orta edo nor-bat dantzan. Partitura batetarako ikerketa itzulia zuten Danele Sarriugartek eta Ane Garciak, eta hura oinarri hartuta performance ironiko, energetiko eta, azkenean, publiko guztia mugimenduan jartzeraino dantzagarria osatu zuten. Poema Isadora Duncan-en omenez idatzia zuen Steinek, baina esango nuke bere testuek partitura izateko eta gorpuztuak izateko duten gaitasuna dantzatik haratago ere badoala, Steinena bezalako idazkera batek ekintzarako partituta izan daitekeela. Poz itzela eman zidan duela ehun urte idatzitako poema batek, euskaraturik, gorputz ugari dantzan jarri izanak.
Eta dantza horrek, haren mugimenduak denboran sortzen duen zirrikituak, literatur kanon zamatsuen seriokeria arrakalatzen du. Segur aski, Steinek berak amestu ezin izan zuen moduan.