Artikulua :: Jon Eugi 2026/06/17

Gauzak

Georges Perec idazleak bere lehenengo liburua argitaratu zuen 1965. urtean: Gauzak 60etako istorio bat (Igela argitaletxea, Itziar Diez de Ultzurrunek itzulita). Bertan Jerome eta Sylviek osatutako bikotea da protagonista. Burges txikien familietan haziak, luxuarekin amets egiten dute, nahi adina gustuko gauzez betetzeko etxea. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Inkesta-egileak dira eta 30 metro koadroko etxe batean bizi dira. Haien bizi estiloa kontatzen zaigu narrazioan: lanaren gorabeherak, ohiturak, zaletasunak, lagunekiko harremanak... Liburuak, irakurtzen dugun bitartean, gure bizi estiloaz eta guk geuk gauzekin dugun harremanaz hausnartzeko parada ematen digu.

Eleberria XX. mendeko bigarren erdikoa izanik, testuingurua asko aldatu da ordutik. Bizitza askoz garestiagoa da eta, azken urteetan, etxebizitza baten jabe izateko aukerak murriztu egin dira populazioaren zati handi batentzat. Jabea izan ezean, emantzipatuta bizi nahi duenak, nahikoa lan du pisu baten alokairua ordaintzeko. Soldataren gainontzeko dirua oinarrizko bizi premiak asetzen xahutzen du. Beraz, etxean sartzeko gauzak erostea zailago dago. Baina, dekorazio kontuetan aditua izan gabe ere, ahal dela, bere ukitua eman ohi dio maizterrak habitatzen duen etxeari. Horretarako, bistan da liburuek asko janzten dutela gela bat. Eleberriko bikoteak diskoak, liburuak eta, hauek kokatzeko apalez gain, beste altzari batzuk ere erosten ditu. Jakina, Perec-en istorio honetan ez da agertzen teknologia konturik; Jeromek eta Sylviek ez dute amesten telebista bat, ordenagailu bat edo beste gailu modernorik erostea. Aldiz, egungo etxeetan presentzia nabarmena dute halakoek, ia ezinbestekoak bilakatu dira internetera sarbidea izateko eta entretenimenduaz gozatzeko. Izan ere, pantailetan bilatzen da zoriona. Baina, horrekin batera, ezin dugu ahaztu internetek gauzak eskuratzeko erraztasuna ekarri duela on line erosketen bidez. Sareak edozein produktu lortzea ahalbidetu du, ustez prezio merkeagoan, kasu askotan. Arropa da produktu horien ehuneko handi bat. Jantziak merke antzean eskuragarri daudenez, erosi egiten dira, gutxi erabiltzeko badira ere; armairua betetzea ez da arazoa. Horren ondorio txarrei ez zaie erreparatzen, ordea: garraioak eragindako kalte ekologikoa eta hurbileko komertzioen itxiera eta desagerpena.

Alabaina, jada ez da nahikoa gauzak erostea. COVID-19aren pandemiaz geroztik areagotu egin da esperientziak bizitzeko joera. Errutina albo batera utzi eta bizitza aspergarritik ihes egiten lagunduko digun hori bilatzen dugu. Horretarako, kontzertuetara joan eta bidaiatu egin nahi dugu. Hori bai, ahal dela, bidaiari gisa, turista izatea gaizki ikusia baitago. Izan ere, turismoaren erruz ingurumenaren aurkako eraso handiak gertatu dira; besteak beste, deforestazioa eragin du, lur sailak etxebizitzak eraikitzeko erabili direlako. Leku xarmagarriak ziren asko eta asko, (arrantza herriak, esate baterako), masifikatu egin dira. Ondorioz, zerbitzuetara bideratu dute ekonomia eta identitatea galdu dute, alegia, jatorrizko izaera galdu dute bisitarien etorreragatik. Hau guztia aisialdia ere kontsumoan oinarrituta daukagulako. Gugandik urruti dauden kirol ekitaldi nahiz ikuskizunetara joateko hegazkin txartelak erosten ditugu, edo, gurutzaontzietan bidaiatzen dugu.

Dirua zertarako erabiltzen dugun gogoeta egiteko balio beharko liguke Perec-en eleberri honek. Kontsumoan oinarritzen den sistema ekonomiko batean bizi garelarik, gehiegi erosteak ekarri gaitu gauden egoerara, ingurumena serioski kaltetu eta Lur planeta hondamendi ekologikoaren atarian jartzeraino. Gure ohiturak berrikusi beharko genituzke, eta, erosten jardun baino, esperientzia pertsonalak hobetsi, dohainik egiten diren ekintzen bidez. Esate baterako, kanpora bidaiatu beharrean, ez litzateke txarra izango bertako bazterrak hurbileko pertsonekin ezagutzea, batere kutsatu gabe. Premisa bat argi izanik: benetan axola duena ez da zenbat gauza daukagun, zer garen baizik.


 

Jon Eugi