GAUR EZ BADA, BIHAR (Fragmentuak)
*
Begiak aski dira mundu mailako jende mugimendu tektonikoak ikusteko. Luziaren itzala hor dago, Etiopiako mendien altzotik Londresko ostatu ilunen magaleraino hedatzen. Bidean galtzeko eta hiltzeko arriskua hartuz. Ludmila Oulitskaia errusiar idazle handiak dio historia ez dela berridazten ahalko, krimenak egin diren lekuetan hobiak geldituko direlako. Entzun dut goiz honetan irratian, Hendaiara trenez abiatu aitzin.
*
Beltzez jantzi poliziak barranda dabiltza Eusko Tren geltokiko aiduru gela zabalean, inguruaren zuritasun zilarrarekin kontrastatuz. Hiru dira. Zutik. Haien artetik pasatu behar da txartelak hartzeko. Automaten aitzinean lerro trinkoa bada, familia oso bat, Donostiara joan nahi dute, pintxoak dastatzera. Trena hurbiltzen da. Ehunka pertsona isil eta presatu jaisten dira. Ibiltari bakoitzak bere nortasun agiria jartzen du polizien muturrean. Bonne journée madame hotza aditzen da.
*
Palto gorri batez jantzi mutiko gazte bat geldiarazi dute. Ez da kontent. Buru makur dago. Ez du paperik. Hiru poliziek eman dute denbora erabakia hartzen. Telefona hona. Telefona hara. Azkenean, topoko harrerara zuzendu dira, billetea erosi dute eta gizona Irungo norabidean ezarri, manu militari, gorroto aierurik gabe, immigranteen muga honetatik urruntzea lan arrunta eta soila bailitzan. Bagoian, gero, segitu dut kanporatua, kopeta apal zeukan, aldi honetan burua kaputxa azpian gorderik. Oroitu naiz Baionako suprefetak goizean irratian erran duenaz: beren zeregina ahalik eta humanitate gehienarekin betetzen dute poliziek. Utz diezaiegun zalantzaren benefizioa...
*
Trena geldoan dagoen hamar minutuetan ateen saihetsean zutuntzen dira poliziak. Alde orotara begira. Norbait nonbait higituko bailitz ekiteko prest. Sekula berantik pairatzen ez duen tren metronomikoa abiatu eta PAFeko hirukotea beste aldera pasatzen da. Oren erdi baten buruan itzuliko dira, eta kontrola eginkizunak errepikatuko dituzte, gauerdiko azken trena kaira iritsi arte. Ordenak finko horiekin ihesik ez dute.
*
Bizkitartean, bagoietan, immigranteak kausitzen dira, han-hemenka eseriak, egoera aldatuko dela esperoan. Trena husten denean altxatzen dira eta begitarteak ateetatik pasatzen dituzte bidea libre dagoenez ikusteko. Poliziak bortetan daude eta gaur ez bada, bihar lortuko dute. Irri algaraz hautematen ditut, elkarri frantsesez mintzo, goraki, eta horietatik baten telefono seinaleak Tiken Jah Fakoliren kantarik ezagunenaren lehen notak harilkatzen ditu. Ene jargiaren parean, bada bat lo, edo alegia lo, ez dakit.
*
Immigranteak Ficoban eta Irunen jaisten dira. Taldeko batek mugimendua txistu batez kudeatzen du. Lagunak han dauzkate. Tren bederarekin saiatzen dira. Neskatxak ere badabiltza. Behin baziren bi, Hendaiara heltzea eta muga pasatzea erreusitu zutenak. Handik gutxira Baionako Pausa egoitzaren parean berriz gurutzatu nituen. Argi daukate alabaina, gazteak eta lerdenak dira, goiz edo berant zeharkatuko dutela, muga hau ez delako Ceuta & Melillakoa, ez da Saharako mortua, ez da patera eskasa, denbora beraien alde dago hemen eta bakarretan, suertez, mugaldeko herritar bat aurkitzen dute 150 euroren truke, Baionara eramango dituela xuxurlaka.
*
Ohitura bat badut. Mania bat? Ene mugikorraren oharren karpetan Hendaiako geltokian entzun-ikusiak idazten ditut, memoria garaikidea osatzeko ezpalak bailiran. Gertatzen dena, haatik, ez da berria. Lurra lur denetik bihikatzen dira bizidun-mugimenduak hegotik iparrera. Ez dezagula ahantz gure amama bakuna Etiopiako Luzia dela. Bizitzaren eta herioaren arteko dantza letalaz irauten du munduak. Barda ETBko berrietan ikasi dut, hiru gazte Bidasoa trabeskatzen saiatu zirela eta haietatik bat desagertu zela ibai zurrunbilotsuaren uretan.
*
Geltokian, poliziak, gazte hutsak hauek ere, neska bat tartean, animaleko metraileta bat soinean. Hor dago trena. Banoa. Bi mutil badira. Ez dira jaitsiko. Ez aldi honetan. Bidasoan sokorritzaileen ontziak. Bilaketak: non dago Mahmoud?