GAUA, BIZIOA
Ez duzu asmatzen ahal, irakurle, zenbat maite ukan dudan, Euskal Herri barnealdean zehar, autoz eta gauez, gidatzea. Euskal Herri diodanean iparraldeko eremu huts hauek ditut gogoan. Bistan denatik, noskin gaindi, prefostaraino. Ilunpearen sakona, leize horizontala, soilik beribilaren argiek zulatzen dutena abiadura hartu eta aitzinatu arau. Neguan, hotza alde orotatik. Udaberrian haize hego beltzaren buhakoak. Udaran aldiz, bide bazterretatik jazartzen diren belar usain gatibagarriak. Ez dut larrazkenik aipatuko, naturaren, kulturaren eta arimaren betetasuna baizik ez didalako burura ekartzen.
Herri eta hiri desertatuak trebesatzen nituen, irratian Sigur Rosen zazpi minutuko Agaetis byrjun erraldoia ozen: Baionatik Maulerako soinu banda izugarria, bereziki Hazparnetik hara urratzean. Ahantz ezinak zaizkit Garralda maldako ehun eta bi bihurguneak, Donostiri, Donamartiri eta Mehaine gurutzatu bitartean. Askapen hasperena libratzen nuen Garruzera heltzean, gogotik kendu nahi banu bezala oraino bide puska bat banuela egiteko. Ez nola nahikakoa, gainera, haran, ordoki eta lepo apalak zetozkidalako bata bestearen atzetik, Mikel Laboaren Lekeitioren baten erritmoan, Gernika ahalaz, kantari donostiarraren ahotsaren dolorea ederki egokitzen zitzaiola isiltasunari, ene pentsamendu inpentsatuen bola herbalari, etxera heltzeko ene ezinegon mutuari.
Autoaren barne hertsi eta itxi hartan, zenbat bider ez ote nuen mundua, nirea eta zurea, ezagutzen nuena, suntsitu, berregin eta alternatiba tentagarriagoetan asmatu. Biharamunean idazteko nituen artikuluen, nobela zatien eta olerki fragmentuen planak burumuinaren baheetatik pasatzen zitzaizkidan, aztarnarik utzi gabe, baina markatzen ninduten eta memoria zigilatzen zidaten luzerako. Gauak bazuen halako magia bat, dena zela posible iruditzen zitzaidan eta bizio bat bezala gozatzen nuen, bereziki nire ondoan nehor ez neukan garaietan. Erromantikoa ezta? Noiz behinka, hala ere, lagunak banituen: kahakak eta huntzak, basurdeak beren umeekin ipularretan musurikan, sagarroiak galtzada erdian nora jo ez jakin edo jauzi arin batez Amikuzeko oihanetik jalgitzen ziren orein eta orkatz bikoteak. Ez nuen sekula, orduan bezain azkar nabaritzen abereen humanitatearen eta nire humanitatearen aberetasunaren indarra. Pertsona egiten ninduen gauza bakarra, agian, hausnar hutsaletan galtzeko ene jaidura zen.
Burkideek ez naute sinesten autoa saltzeko ene desioa aipatzen diedalarik. Alta bietan bederen zalantzan egon naiz. Baina Euskal Herri sakon horren bihotzera gauez ernatzeko perspektiba, autorik gabe bizitzeko gutizia baino nabarmenagoa suertatu zait. Eta musika non entzun, autoan ez baldin bada? Ingurune beltzean, soinuak beste oihartzun bat badu, beste materia batez egina dela dirudi, notak bestelakoa direla. Gauza bat gertatzen da autoa ez duzularik askotan erabiltzen, beldurra sartzen zaizu, halako lotsa bat, autoa are gutxiago hartzera eramaten zaituena. Aitzakiak bilatzen zabiltza garraio kolektiboak hobesteko: autobideak emokatzen dituzten kamioiak, bide sarien astez asteko emendatzeak, abiadurarekiko segurtasun faltak... eta finalean, etxean geratzen zara, joan behar duzun herri edo hirira topoz, trenez eta autobusez joan ezin zaitezkeenean. Hori bai, zure aztarna karbonikoa ona da!
Duela gutxi, nire aspaldiko bidaia gautarren plazer bekaitzak jin zitzaizkidan gogora Irisarritik Baionara itzuli nintzenean. “Emazteak Euskal herrian” izeneko erakusketa estreinatu zuten bertako Ospitalea interpretazio zentroan. Ilunaren sendotasuna hunkigarri zitzaidan Heletara heltzean, Lekorne eta Gerezieta saihestean eta Hazparneko argiak zehaztean. Aldion musika zibilizatuagoa dantzut, femeninoagoa, Olatz Salvador eta Olaia Inziarte, bi artista hauen lanak gauarekin lotzen ditudalarik. Gustuen aldaketa horrek frogatzen duke belarriak sentsibleago bihurtu zaizkidala.
Jean Etxepare mirikuaren antzera, nik ere, Beribilez (1931) bat izkiria nezake, baina gaua liteke ene idazkunaren mamia, ingurunea, gauaren bizioa, gaueko ametsak, errekontruak, onak eta txarrak, eta sustut, musikaren presentzia salbagarria.