Fikzioa euskaraz Primeran plataforman
Literaturan saiakera batek edo zinean film dokumental batek kontu errealak egoki azaleratu ditzake. Baina, era berean, fikziozko lan batek gai beraren beste ñabardura batzuk ere erakutsi ditzake, edota, gertaera beraren aitzakian, beste gai batzuk jorratzeko bidea eman. Era horretan, egilearen obra atseginagoa egin dakioke hartzaileari eta gozamen iturri izan, are gehiago, ikus-entzunezkoen kasuan, irakurtzen diren lanak baino errazago kontsumitzen direlako, irakurketak esfortzu gehiago eskatzen duen heinean.
Duela urte batzuetatik hona fikziozko ikus-entzunezkoak boladan daude sektoreko plataformetako telesailei esker. Gaur egun, pertsona askoren aisialdiaren ordu asko entretenimendu mota horrek betetzen ditu. Euskaraz, ordea, pattal gaude arlo horretan, ez dagoelako nahiko genukeen besteko edukirik gure hizkuntzan. Atzerriko plataforma erraldoi horietan euskarazko eskaintza areagotzeko eskatzen duten taldeak sortu dira gurean. Hori oso ongi dago baina, legeak agintzen ez baditu, badakigu euskaldunak ez garela haien lehentasunen artean egongo. Beraz, benetako ahalegina EITBri eskatu behar diogu, argi eta garbi, besteak beste horretarako sortu zelako duela 40 urte, euskararen normalizazioa bultzatzeko.
ETBren kasuan bigarren eta lehenengo katearen artean desoreka nabarmena dago gaztelaniaren mesedetan. Gaztelerazko kateak ordu dezente eskaintzen dizkio fikzioari, askotan bigarren mailako produktuekin, egia esatera. Film benetan onak gutxi emititzen ditu. Euskarazko eskaintza Goazen eta Irabazi arte telesailen eskutik etorri da azken urtean baina familia osoarentzako telesail batekin edo birekin ez dugu aski. Filmak, programazio konbentzionalean, aurrez emandakoak errepikatu baino ez dira egin. ETBren zuzendaritzak ez ditu eskaini nahi datu eskasak dituztela argudiatuta. Oso diskutigarria iruditzen zaidan neurria da zeren telebista publiko bat zertarako da, orduan? Euskarazko katearen ohiko entretenimendu saioen audientzia datuak ez dira ba etxafuegoak botatzeko modukoak!
Gauzak horrela, EITBk Primeran plataforma jarriko du martxan aurten eta jakin ahal izan dugunez, ez ditu bakarrik euskal katearen edukiak jarriko ikusgai sarean; filmak, telesailak, nazioarteko fikzio ospetsuak, dokumentalak eta dibulgazio programak ere bilduko ditu. Eduki horiek jatorrizko hizkuntzan eskainiko dituzte, euskarazko azpidatziekin, eta soilik batzuk itzuliko dituzte. Hala izango ahal da!, prestigiozko telesailik apenas baitago euskaraz. Ikusleen arreta bereganatu nahi badu, eskaintzak telebista konbentzionalekoa baino aberatsagoa izan beharko du nahitaez eta anitzagoa, familia osoari bideratuta ez dauden beste proposamen batzuei zabaldu beharko zaie atea, zeren balio kontserbadoreak transmititzeko produktuekin soilik ez da aski izango. Bestela, lehen bezala egongo gara eta ulertuko nuke batzuek eduki horiek ikusi nahi ez izatea euskaraz daudelako arrazoi hutsagatik. Euskal gizartea aldatu egin da azken urteetan eta plataformak erakargarria izan nahi badu ezin dio bizkarra eman egungo errealitateari.
Plataforma honen ardura izango da adin ezberdineko euskaldunok gure hizkuntzarekin goza dezagun lortzea. Gainera, modu bat izan daiteke jendea euskarara erakartzeko; agian, euskarazko telesailak kontsumituz, eta zaletzearen poderioz, lehen baino euskara gehiago erabiltzera bultza ditzake pertsonak. Eta, hainbeste lortzen ez bada ere, behintzat euskarazko kultur produktuak kontsumituko dituzte, eta ez da gutxi izango. Gainera, film onak ez dira iraungitzen. Entretenimendu saio batzuek, egunerokotasunari lotuta daudenek edo reality-ek, iraungitze data dute; une bat pasarazteko balio dezakete, baina kito, hor amaitzen dira. Istorioek, aldiz, onak badira, denboran irauten dute pertsonak hunkitzeko ahalmena dutelako. Pandemian gertatutakoa ezin da errepikatu; etxeko lanak egin gabe harrapatzea: entretenimendua nahi eta euskarazko nahikoa fikzio ez izatea.