Elkarrizketa :: Mikel Antza 2025/06/09

EZIN DUGU AMA HIL, BETI EGON DA ITZALEAN

Amaia Alvarez Uriarekin elkartu ginen San Inazion berriki argitara emandako Zuzi Iraxegia izeneko liburua aitzakia hartuta.

Zure liburuaren atarikoan hau irakurtzen dugu: “Euskal literaturaren historiari begiratzen diogunean egiten den balorazio hedatuena berantiarra, urria eta erlijiosoa izan dela da. Nagusiki elizgizonek idatzitako dotrina, katixima eta otoitz liburuak direla euskaraz XX. mendera arte aurki ditzakegun euskal testu zaharrak. Baina bada testu laiko eta literario interesgarririk gure hizkuntzan azken sei mendeetan”.
Bai, hala da, kontua da nagusiki etiketa horiekin ezagutzen dugula euskal literaturaren historia, estereotipoekin geratzen gara, baina niri interesatzen zitzaidan ikustea benetan zer zegoen. Eta bereziki interesatzen zitzaidan emakumeek zer egin zuten, ezin bainuen sinistu emakumeek ez zutenik ezer egin. Nahi nuen irudi estereotipatu hori gainditu, eta ezagutza lehen eskukoa izatea, eta ez adituek idatzitako bertsio ofizialak kontatzen zuena errepikatzea.

Batetik emakumeek egindakoa azalarazi nahi nuen, ez dakigulako, ezkutatu delako edota ez delako baloratu. Bestetik, klasikoa da belaunaldiz belaunaldi daukan balioagatik edo potentzialtasunagatik transmititzen dena, eta gaur egun literatura klasikoari ez zaio lekurik egiten, ez dauka prestigiorik, baztertu eta ez zaio aukerarik ematen. Hori berreskuratu nahi nuen.

Deigarria da azalean agertzen den irudia, ez da ohikoa mota honetako liburu batentzat.
Nire ikerketan aurkitu dudana sua izan da, bizitza, indarra, aberastasuna, joritasuna. Hori islatu nahi du azaleko irudiak eta liburuaren izenburuak. Uste dut garrantzitsua dela lekuko hori pasatzea. Erdi Aroko Santxa Otxoa emakume eresilariak kantatzen du nahi duela mendekua, herri osoa erre. Senarra hilda dauka bere parean, eta ez dago triste, malenkoniaz, guztiz kontrakoa, eta uste dut garrantzitsua dela errekuperatzea indar hori.

Zure idazlana burura eramaterakoan kontuan hartu duzuna zehazterakoan hau diozu: “Zapaldutakoa ez delako izan bakarrik emakume idazlea edo andre literaturgilea, baizik eta euskara hizkuntza, bera ere”.
Ez da berdina ingelesez, espainolez edo euskaraz argitaratzea. Badaude hizkuntza hegemonikoak eta hizkuntza zapalduak. Eta guri tokatu zaigu kultura zapaldu batean sortzea. Gure joera izan da homologatzearena, pareko bihurtu nahi izatea inguruko hizkuntza handiekiko. Pareko garela demostratu nahi izate horretan energia piloa gastatu dugu. Uste dut polita eta osasungarria litzatekeela, gure burua balioestea, gure hizkuntzari, gure literaturari eta kulturari balioa ematea, ingurukoei hainbeste begiratu gabe. Testuinguru batean bizi gara, baina berdinetik berdinera aritzeko bakoitzak bere ezaugarriak onartu eta baloratu behar ditu. Horrekin batera kontatu behar da ere, zer baldintzapen, estutasun eta oztopo ekarri dizkigun euskaraz sortzeak. Liburu honetan horren berri emateko modu bat izan da emakume idazle batzuk euskara ez den beste hizkuntza bat, izan gaztelania edo frantsesa, erabiltzeko hautuari buruz hausnartzea. Uste dut interesgarria dela aztertzea zergatik diren Larramendi eta gaztelaniaz idatzi zuten beste gizon batzuk euskal literaturaren erreferente, zergatik aritu garen gure hizkuntzaren balioaren apologia egiten, eta aldi berean zergatik aritu garen sorkuntzari bide emateko orduan biziraupenerako erdaraz.

Horren harira, zure liburuan euskaraz idatzi ez zuten emakumeak sartu dituzu.
Hiru sartu ditut: Margarita Nafarroako erregina, Katalina Erauso, eta Rita Barrenetxea Ilustrazio garaiko Azkoitiko zalduntxoen inguruan ibili zena. Hirurek erdaraz idatzi bazuten ere euskal literatura klasikoaren bilduma batera ekarri ditut. Salbuespen gisa ekarri ditut, gogoeta hori egiteko, geure buruari galdetzeko zergatik ez ote zuten euskaraz idatzi. Euskara garai hartan beste egoera batean egon izan balitz euskaraz idatziko zuketela defendatzen dut nik.

Bi helbururekin idatzitako lana dela diozu: “literatura androzentrikoa gainditzea eta emakumeek sortutako lanetatik abiatzea ibilbide literario[a]” eta “testu zaharretara ezohiko modu batean gerturatzea (...) zenbait botere harreman eta zapalkuntza egoera argitan ipiniz bertsio ofiziala galdekatzea eta auzitan jartzea”.
Liburu honetan tekla asko ukitu nahi izan ditut euskal literaturari buruz gehiago eztabaidatzea gustatuko litzaidakeelako. Eta hau da horretarako nire ekarpena. Euskal literatura garaikideari egiten zaio jarraipena eta kritika, baina euskal literatura klasikoan baditugu idazle eta lan hautatuak, biderkatzeko taula bezala errezitatzen ditugu izenak eta izenburuak, baina ez dago benetako ezagutzarik, ez dago begirada aniztasunik, irakurketa pertsonalik. Oso gutxi hurbiltzen gara gaur egun euskal literaturako klasikoetara beste begirada batzuetatik, eta horretarako ere bada liburua.

Atal bakoitzean egin duzu kokapen historiko bat, kokapen kultural bat eta eman dituzu mende bakoitzeko euskal emakumeen sorkuntzaren laginak.
Androzentrikoaren aipamena hortik dator. Esan ohi da gizona dela zentrala, eta periferian daudela emakumeak eta bestelako kolektiboak. Beste ariketa bat izan da gizonak erdigunetik ateratzea, periferiara eraman eta testuinguruan kokatzea, eta ikergaiaren erdigunean emakumea eta haien idazlanak kokatzea. Gizon sortzaile batzuen lana aipatu da zeharka, garaia, giroa eta ekoizpen literario eta kulturala zein zen irudikatzeko, paisaia hori erakusteko.

Irastortzaren hitz hauek ekarri dituzu zure liburura: “Aurreko belaunaldiekin haustea oso literarioa izan arren, euskal emakumezko idazleok ez dugu zerekin hautsi oraindik, geure tradizioaren kontzientzia landu ez dugun heinean”.
Feminismoan askotan hitz egiten dugu genealogiei buruz, eta oso inportantea da belaunaldien arteko transmisio hori ezagutzea eta gero erabakitzea zer egin harekin. Baina lehenengo ezagutu, aintzat hartu eta aitortu behar da. Eta gero erabakiko dugu zer egin horrekin. “Aita hil behar da” esaten da. Baina zer gertatzen da amaren kasuan? Ama beti egon da itzalean, eta ondorioz ama berriak zerotik hasten du behin eta berriro bidea, eta betiko hanka sartzeak egiten ditu, eta betiko leloak errepikatzen ditu. Oso garrantzitsua da lehenengo atzera begiratzea, jakitea nortzuk egon diren gure aurretik, eta gero erabaki zer egin aurrera begira.

Honela diozu atarikoaren amaieran: “lan hau hurbilpen bat besterik ez da, gaia ikertzen hasi gara, etorkizuneko oinarri zenbait ipini nahian”. Eta Iratxe Retolazak idatzitako Hitzostean zure hitzei oihartzun egiten die esanez: “Euskal Literaturaren historiografia femenino horren lehen hezurdura eraiki du[elako], mapa bat eskaintzen diguna hemendik aurrera kate-lanaren bitartez osa dezagun, gara dezagun, eta eztabaidarako tresna ere izan dezagun”.
Nire aurretik ere egin izan dituzte bildumak. Ez da egiten den lehen aldia eta ez da azkena izango. Itxaro Bordak egin zuen 1984an Emakumeak idazle liburuarekin, XX. mende hasieran Nafarroa Garaiko Perpetua Saraguetak emakume handien zerrenda bat argitaratu zuen, eta Karmele Errastik egin zuen ere. Baina uste dut inportantea dela bilketa lan hori. Ez dugulako oraindik ezagutzen. Liburua hori da: handik eta hemendik bakoitzak bere aldetik ikuspegi feminista batetik egin diren ikerketak biltzea, euskal emakume idazleek sortu dituzten lanak biltzea eta nire begirada ere txertatzea. Literaturari buruz hitz egitean testuak ezagutzea inportantea da, gero kritikatu ahal izateko. Irakurle bakoitzari bere dastaketa menua osatzeko aukera eman eta norberaren ibilbide literarioa prestatzeko gutxieneko baliabideak izan ditzan gehitu ditut testu laginak.

Atal bakoitzak mende bat hartzen du. Baina izendatzeko orduan emakume idazle horien izenak erabili dituzu.
Hasieratik erabaki nuen. Hizkera sexistari buruz aritzen garenean nabarmentzen dugu gizonak abizenez izendatzen ditugula eta emakumezkoak izenez. Baina kasu honetan inportantea iruditzen zait izenak erabiltzea, pertsona horiek hurbileko sentitzeko. Ez da oso neurri akademiko formala, baina liburu honek bere hedadura gora behera dibulgaziozkoa izan nahi zuen eta instintiboki inportantea iruditu zitzaidan izenez izendatzea emakume idazle horiek. Salbuespen bakarra Erausorena da, izena askotan aldatu zuen arren beti mantendu zuelako bere sendiarekiko atxikimendua. Katalina jaio zena Antonio bezala hil zen, baina beti mantendu zuen Erauso.

Estibalitz Sasiolaren inguruko eztabaida aipatzea merezi duelakoan nago.
Estibalitz Sasiolaren poemak agertu ziren Juan Perez Lazarragaren eskuizkribuetan, eta izenburua da “De la señora Maria Estivaliz de Sasiola”. Alegia eskuizkribuan egiletza agertzen bada ere gaur egungo ikertzaileek zalantza egin dute, boladan dagoen kontu bat dena bestalde. Baina nolako kasualitatea zalantza egitea emakume baten poemekin. Zalantzarako argudio gisa darabilte bere poemetako batzuetan gizon baten ahots poetikoa agertzen dela emakume ahotsarekin batera. Lazarragak ere gauza bera egiten duen arren hor ez dago zalantzarik. Inportantea da diskriminaziorik ez egotea eta denokin berdin jokatzea, eta hori ez da kasu honetan gertatu.

Sor Luisaren kasuan agertzen den ikerketak badu abentura kutsua...
2007an sortu genuen euskal literatura eta feminismoa uztartzen dituen Sareinak taldearen bloga hartu dut oinarri. Gure iritzi apalean izeneko atalean egiten genuen Euskal literaturaren historiaren errepasoa, eta bertan Luisa Miserikordiakoaren Gabon kantak-en egiletzaren inguruan aritu ginen elkarrizketa moduan Skolastikako Josune Muñoz eta biok. Kontua da Gabon kanta horien egiletza ofiziala Xabier Munibe Peñafloridako kondeari egozten zaiola, Azkoitiko Luisa Miserikordiako serorak sinatzen dituen arren. Serora horrek Gabon kantak-en hitzaurrean aipatzen du zergatik eta nola idatzi zituen. Zergatik egotzi egiletza Xabier Muniberi? Zergatik defendatu emakume baten izena aukeratu izana idazlan hori sinatzeko? Ez dira bertso lizunak, elizan kantatzeko Gabon kantak dira; ez dago kritika sozial gogorrik, ez dago zentsuratu daitekeen ezer... Horren berri zehatza aurkituko du irakurleak atal horretan.

Retolazak ere dio: “Antologia iruzkindu hau, bada, mugako espazio horretan kokatzen da, historiografia femeninoaren eta feministaren arteko eremu batean, mugalari baten begiradatik gorpuzturikoa”.
Femeninoa litzateke emakumeen sorkuntza lanak zerrendatzea. Ikerketa feminista berriz izango litzateke begirada konkretu batekin gauza batzuk auzitan jartzea, beste batzuk salatzea eta beste batzuk berrirakurtzea. Liburu honetan gauza bientzako lekua dago, baina egia da ardatza dela euskal emakume idazleen lan aukeratuak zerrendatzea, eta hori beharrezkoa da ondoren begirada feministaz aztertzeko. Gauza asko dago egiteko oraindik.

Liburuaren amaieran irakurleari zuzentzen zatzaizkio: “Beraz badago lana, nahi duenarentzat, eta bidea egiten jarraitu beharko dugu zidor berriak zabaltzeko.”“Zer egingo duzu liburu honetan irakurri duzunarekin? Zein izango da bertan ezagututakoari emango diozun irakurketa edo interpretazioa, balioa? Zerbaitetan aldatu dira zure gogoan zenituen euskararen, emakume sortzaileen, literaturaren edo historiaren irudikapenak? Orain zure txanda da.
Hau izan da azken hogei urtetako nire kezka eta hau da nire ekarpena eta proposamena, baina badakit asko dagoela egiteko eta jende gutxi ari gara lan hau egiten. Eta horregatik nahi ditut animatu irakurleak bakoitza bere ekarpena egitera, asko dagoelako egiteko oraindik.

Inolako rankingik egiteko asmorik gabe, hurrenkera kronologikoan zure liburuan besteren artean agertzen diren ondorengo hamar euskal emakume idazle hauen berri laburra ematea eskatuko nizuke:
Estibalitz Sasiolakoa:
Irudikatzen dut bere idatz-mahaian jarrita luma esku batean eta papera aurrean leihotik begira bere maitearekin akordatzen, baina baita Europan zehar egin dituen bidaien oroitzapenak biltzen, gero paperera ekartzeko.

Sor Luisa Miserikordiakoa:
Mojak oso baztertuta eduki ditugu. Eta oso interesgarria litzateke euskal apaizak ezagutu eta kulturgile gisa aitortu ditugun bezala, euskal mojak ere berreskuratzea, zergatik eta ikasi nahi zuenak elizara edo komentura edo monasteriora jotzen zuelako, eta emakume ikasiak hor aurkituko ditugulako, mojen artean. Luisa irudikatzen dut emakume arduratsua, langilea, konprometitua, herriarekin harreman handia zeukana eta bere sortzeko grina konpartitu nahi zuena bere ingurukoekin.

Mari Darburu:
Mari Darbururen gutuna irakurtzen duenari korapilo bat egingo zaio sabelean, hunkitu egingo da. Lau urte pasatu ditu alaba ikusi gabe, etxean miseriagatik bizimodua ezin atera dutelako Baionatik Kanadara joana da. Bere haurrari idazten dio haren berririk ez duelako eta hutsunea sentitzen duelako. Eta ikusiko dugu zer nolako bizimodua zeukaten garai hartan, zer hitz erabiltzen dituzten elkarri maitasuna adierazteko, eta itsaso handi horren distantzia sentituko dugu.

Bizenta Mogel Elgezabal:
Kontuz Bizentarekin! Oso alde eduki zuen bere ingurua. Gurasoak galdu zituenean osaba apaizak hartu zituen besoetan bera eta neba, eta heziketa ona izan zuen. Bere senar Eleuterio Basozabalek editoriala zeukan eta bertan argitaratu zituen bere lanak. Baina gainera Bizkaiko Diputaziorako lan egin zuen itzultzaile gisa, eta Mikoleta eta enparauekin Bilboko San Anton elizarentzat Gabon kantak sortu zituen urte askotan. Ez zen izan Esoporen fabula batzuk baino itzuli zituen idazlea. Eta bere sinesmen eta balio sistemari buruz ere luze hitz egin liteke.

Mariana Hargain Etxepare:
Bertsolariak gutxiago ezagutzen ditut, baina inportantea iruditu zait Pirinioen bi aldetako emakume bertsolari aitzindarien lagin txiki bat ekartzea. Irudikatu Anton Abadiaren Lore Jokoak eta Literatur jaialdiak, Euskal Jaiak, kultur sustapenak ekarri zuen Pizkundea, eta emakume bertsolariek ere horren parte izan zirela agertu.

Plazida Otaño Odriozola:
Bertsolariek ofiziotan aritzen direnean elkarri mokoka, erantzuten eta zirtoka asko baloratzen da umorea eta garaile izatea. Eta liburu hau egiterakoan aurkitu dut gizon bertsolari ospetsu asko plazaz plaza ibiltzen zirela beren emazteekin modu horretan, elkarri mokoka. Baina guri senarrak soilik iritsi zaizkigu.

Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar:
Emakume bertsolari aitzindarien artekoa izan zen. Soslai desberdinak egon ziren. Baziren ama eta etxekoandre zirenak, baina egon ziren lantegietan aritu zirenak ere, eta batzuek herriko salaketa eta protestetan parte hartu zuten protagonismo handia izanik aldaketa sozialetan.

Katalina Elizegi:
Antzerkiari garrantzia handia ematen diot, eta liburu honetan ere badu bere tokia. Katalina Elizegi izan zen nire tesiaren ikerketa gaia, eta bera da nire egile erreferentziala. Behin eta berriro itzultzen naiz beragana, eta beti ikasten diot zerbait berria. Misterio handia da niretzat oraindik, eta gonbidapena luzatzen dut misterio hori argitzera.

Julene Azpeitia:
Irakaslea naiz, eta uste dut XX. mende hasierako euskal emakume idazleak maistrak izan zirela zentzu guztietan. Julene Azpeitiaren eta beste batzuen kezka nagusietako bat hezkuntza izan zen. Herriko ipuinak bildu eta hedatu zituen. Bera izan zen lehena hezkuntza esku-liburu bat idatzi zuena, oso espezifikoa eta metodologia berritzaileekin gurera ekarri zuena.

Maddi Ariztia:
Bera da batzuentzat Aita Barandiaran izan zena. Gaur egun deituko genioke agian antropologoa. Grabagailu bat eskutan hartuta ibili zen baserriz baserri bere inguruan ahozkotasuna eta herri ipuinak jasotzen. Berak jasotako ipuinek badute tradizio europarraren kutsua. Haurrei kontatzen zaizkien ipuin klasikoen oihartzuna dute egituran, pertsonaia motan eta hauek egiten duten iniziazio bidaian. Axular beste modu batera ezagutzeko ekarpena egin zuen.

 

 

Mikel Antza