Artikulua :: JON EUGI 2023/03/23

Euskararen biziraupena  

Hizkuntza gizakiaren lorpenik handienetako bat da, handiena ez bada. Pertsona egiten duen bere ezaugarrietako bat da, gainerako animalia espezieetatik bereizten duena. Era berean, giza burmuinaren ahalmenaren erakusgarri paregabea da, soilik hark lortu ahal izan zuelako ideia bat hitzen bidez gauzatzea. Ustez erraza dirudi baina oso prozesu konplexua da, ikusi besterik ez dago zenbat kostatzen ari zaien makina modernoei edozein hizkuntzatan trebatzea.

Steven Mithen antropologoaren teoriaren arabera, hizkuntza kantutik sortua izan liteke, hau da, kantuen eratorria litzateke. Antzinako gizakiek lehendabizi txilioak, oihuak kanporatu zituzten eztarritik eta gero, kantak sortu ziren. Beraz, Neanderthalek eta gure arbaso komun guztiek ere kantatu egin zuten, hitz egin baino lehen. Trebea zen abeslari haietako bat izan zitekeen, gero, xaman baten papera hartuko zuenaren aurrekaria, antropologoak idatzi duenez. Milaka urte atzera eginda egoera irudikatzen badugu, kobazulo bateko galeria ezkutu batean, suaren inguruan, trantze egoeran edo ez, dohain bereziak zituen gizakia alarauak ateraz etorkizuneko aurreikuspenak izan zitezkeenak igorriz, ingurukoen harridura igartzea ez zaigu zaila egiten. Izan ere, hitzek entzulearengan lilura sortzeko duten gaitasuna ukaezina da. Antzinako gizakiaren hasierako hizkuntza tankerako hartan lehen hitzak izenordeak “ni”, “zu”, “hura” eta zenbakiak izan omen ziren, eta protohizkuntza haren funtzioa edo helburua gizakien ugaltzea zen; gizaki arrak bere burua erakusten zuen emearekin harremanak izateko. Ondoren, hizkuntzaren garapenak komunikazio maila jasoagoa ahalbidetu zuen, jakina.

Lengoaia bakarra zenak eboluzionatu egin zuen mendez mende eta hizkuntza ezberdinak sortu ziren, tartean, gure euskara. Haren jatorriaren inguruan 2022an izan genuen albiste potoloa baskonikozko lehen arrastoen aurkikuntzarekin Irulegiko indusketetan; eskuan zizelkaturiko “sorioneku” hitz aski ezaguna dagoeneko, euskararen aurrekaria dena. Zorionekoak gu ikerketaren lehen hipotesiek dioten guztia baieztatzen bada, baina oraindik asko dugu jakiteko. Dena dela, euskarari buruz, jatorria ez, benetako miraria hizkuntzak iraun izana da, Koldo Mitxelena hizkuntzalariak zioenez. Baskonia izeneko lurraldean eta, ondoren, Nafarroako erreinuan ere, euskara osasuntsu zegoen. Egoera aldatzen hasi zen gaztelarrek gure lurrak konkistatu ostean, XVI. mendean. XVIII. mendetik aurrera atzerakada nabarmena jasan zuen gazteleraren inposaketaren ondorioz eta hamarkadaz hamarkada, aurkako baldintza soziopolitikoen erruz, hiztun elebakarrak galdu ziren. Pasa den mendean, frankismo bete-betean, hizkuntza debekatua egon zenez egoera ez zen samurra izan. Jazarpen guztiaren ondorioz euskara hizkuntza gutxitu bat da gaur egun.

Ikerketa soziolinguistikoek diotenez hizkuntzaren ezagutza gora doa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan baina erabilera kezka iturri dugu. Esparru ezberdinetan eragiteko estrategia bat behar da. Gozatzea gakoa da hizkuntzarekin zaletzeko. Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxeetarako aurten onartuko den hezkuntza legeak jasotzen du hemengo bi hizkuntza ofizialetan ahoz nahiz idatziz ongi moldatzea eskatuko zaiela ikasleei. Berandu gabiltza horretan baina ongi etorria izan bedi hori ere. Gaztelaniaz aise jardungo direla badakigu, traba handirik gabe, askoren ohiko jarduna hizkuntza horretan delako. Aldiz, beste askok euskaraz aritzeko zailtasunak dituzte. Ez dakit eskolaz kanpoko jarduerak areagotuko ote diren. Dakidana da, irratia, antzerkia edo bertsolaritza, ariketa primerakoak direla hizkuntzan trebatzeko eta gozamenaren bidetik hura erabiltzen ohitzeko. Kaleko baldintza soziolinguistikoak aldatzea zaila da epe laburrean jende askoren hizkuntza ohituren aldaketa eskatzen duelako. Hori hala izanik, biderkatu ditzagun indarrak internet sarea konkistatzeko, non denetarik topatuko dugun, audio podcastetatik hasi eta telesailetaraino. Halaber, euskarazko hedabideei, jokatzen duten paper garrantzitsuarekin, baliabide gehiago eman behar zaizkie administrazioaren aldetik, erdal eta euskal komunikabideen oraingo diru banaketa gaindituz. XXI. mendean euskarak errazago dauka irauteko iraganean baino? Ala zailago? Hurrengo hamarkadetan ere izango dira euskara bizirik mantenduko duten hiztunak baina espero dezagun mintza praktikan aritzeko tertulietan adimen artifizialeko androideen beharrik ez izatea.

JON EUGI