Kronika :: Idoia CarramiƱana Miranda 2022/10/17

Euskal Idazleen Elkartearen Lehen Pik-nik eguna

 

Batzuetan iruditzen zait Virginia Woolfek gela bat norberarena izateko plazeraz eta beharraz gogoeta egin zuenetik, hitza zorrotzegi hartu geniola eta idazleok ez garela hortik atera. Izan ere, idazketa oso diziplina bakartia da, eta, txantxak alde batera utzita, gutxitan izaten dugu aukera talde-lanean aritzeko, edo beste idazleekin harremanetan egoteko liburu aurkezpen bezalako ekitaldietan ez bada. Horregatik, Euskal Idazleen Elkarteak idazleen lehenengo piknika antolatzeko asmoa agertu zuenean, ez nuen zalantzarik izan eta nire baieztapen mezua arin-arin bidali nuen: "Kaixo ekipo! Izena ematen dut eta lagunduta joango naiz". Hain zuzen, deialdia irekia zegoen lagun eta senideekin joateko, eta euskal hizkuntzan lehen urratsak ematen ari diren lagun batzuk ditudanez, beren euskaltzaletasuna garatzeko aitzakiaz, hara zuzendu nintzen haiekin. 

Idazleen topaketa hau imajinatzen nuenean, Ingalaterrako lur-eremuetan pentsatzen nuen, belardian hedatutako mahai-zapietan, jantzi almidoituetan eta plazaratu azken argitalpenaren inguruko solasaldi serioan. Tira ba, batzuetan ameslariegia ni! Hala ere, aurkitu genuena askoz harrigarria izan zen, baita gaur egungoa eta onargarriagoa ere, Ingalaterrako ideia horrekin alderatuta, noski. 

42º46'43”I 2º7'38”M. Horiek dira nire gps-ak markatzen zituen koordenatuak, eta horrela kontatu nahi izango nizueke istorio hau, gustatuko bailitzaidake lokalizazioa mugagabe uztea, badakizue, leku sekretu bat ezagutu izanaren xarma edo ilusioa gordetzeko. Baina misterio-jokoak gustuko dituzten horietakoak ez bazarete, eta ostatuaren beraren mesederako ere esango dizuet. Hurreratu zaitezte, (xuxurlatuz) Artaza kanpina. Urbasa erdian dagoen paradisu zatia. 

Heldu ginenerako dena zain zegoen, idazleak eta mahai luze bat prest, janariz eta edariz lepo. Kaixo. Aupa. Agurrak, besarkadak eta, plop, lehen botilari kortxoa kendu eta, sagardo-sasoia txotx ospetsuarekin hasten den gisaz, idazleen piknikari hasiera eman genion. Egia esan, giro lasai eta xaloan gertatu zen guztia. Gainera, eguraldia zoragarria izan zen, giza klima bezala, benetan atsegina, nahiz eta gure artean askok ez genuen elkar ezagutzen. Zer esanik ez paisaia, arkitektura, aurreneko udazken koloreak, baso usaina, hostoen karraska. Guzti horrek gero eta erosoago senti gaitezen laguntzen zuen, kontuan hartuta batek ez duela egunero bazkaltzen bertaratu ziren idazle, itzultzaile, literatura kritikari eta elkarteko arduradun on eta aintzatetsiekin: Leire Vargas, Danele Sarriugarte, Aintzane Usandizaga, Josune Muñoz, Goizalde Landabaso, Iñaki Lopez de Luzuriaga, Joseba Ossa, Itziar Aramburu, Jon Ander Garcia, Asel Luzarraga, Ainara Maya, Garazi Albizua, Oihana San Martin, Nagore Atela eta Oihana Arana. Bai, badakit pertsona arruntak direla, baina pentsatzen dut beren lanak irakurri izanak nire buruan miresle ukitu txikia eragiten duela.

Bazkalondoan iritsi zen aurkezpenen txanda, aurpegia izenarekin identifikatzeko. Benetan lagun interesgarriak bertan ezagutu ahal izan nituenak, arestiko zerrendak adierazi bezala. Haietako bat, Joseba Ossa, idazlea, itzultzailea, eta kanpinean finlandiar gunea izateko aukera zabaldu zuen pertsonetako bat da, kanpoko bainuontzia eta upel itxurako saunak eta guzti. Horrelako aurkikuntza baten ondoren, zer egin behar genuen ba, sauna bat eman? Agian bai, ideia burutik pasatu bazitzaigun bat baino gehiagori, baina azkenean, beste baterako utzi eta, horren ordez, behintzat, kanpinak zituen txoko eder guztiak ezagutzera menturatu ginen.

Ibilaldia eta digestioa amaitu orduko, piknika amaitutzat jo genuen bakoitza bere tokira itzul zedin, Bizkiatik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritakoak bildu baikinen hor. Aitortu behar dut igande baterako planik ezin hobea izan zela. Non, bestela, gurutzatu ahal dira Agota Kristofen gaineko iritziak eta marmelada-opilaren errezeta? Idazleok ez dugulako beti literaturaz hitz egin behar, gorputza eta arima ere elikatu behar ditugu, bai elkarrizketa esanguratsuekin, bai gastronomia bikainarekin.

Horregatik guztiagatik, antolatzen den hurrengorako -ziur naiz gehiago egongo direla-, aurtengoan bezala, ni han agertuko naiz Mecanoren abestiari jarraiki, aldaketatxoren batekin beharbada, "sagardoa guztiontzat eta jateko zerbait" besapean, euskaldunok egiten dakigun horixe baita, jan eta edan, beste gauza askoren artean, jakina. 

Hitzematen dizuet, ba, seguru bigarren piknik-ean egongo garela. Hurrengora arte, idazle eta lagunak!

Idoia CarramiƱana Miranda