European Writers’ Council (EWC)
1973an Bielefelden (Alemanian) jaioa, Nina George hainbat sari jaso dituen eta nazioarteko ospea lortu duen idazlea da eta, 2019az geroztik, European Writers' Councileko lehendakaria. Berarekin hitz egin dugu, EWCi eta bere lanari buruz gehiago jakiteko.
1. EWCez hitz egiten hasiko gara, oraindik ezagutzen ez duten irakurleentzat: zein da bere helburua? Zergatik da beharrezkoa? Zergatik da garrantzitsua kide egitea, egile edo erakunde gisa?
European Writers’ Council (EWC) erakundea Europako idazleen interes eta behar profesionalen izenean genero guztietako testu- eta liburu-sektorean hitz egiten duen federazio bakarra da, baita idazleek elkarrekin lan egiteko ezagutza zabaltzeko eta praktika hobeak trukatzeko Europako plataforma ere. Gure sarea nazioartekoa da, eta gure kideek munduko hainbat tokitako lankideekin lan egiten dute, beharrezkoa denean.
Gaur egun (2023an), EWC irabazi-asmorik gabeko gobernuz kanpoko federazioa da, Europako 31 herrialdetako (Islandia, Norvegia, Bielorrusia, Montenegro, Suitza eta Erresuma Batua barne) idazle profesionalen eta itzultzaile literarioen 46 elkarte eta sindikatu nazionalek osatua. EWCeko kideen artean, testu-/liburugintzako 160.000 autore profesional baino gehiago daude, 31 hizkuntzatan idazten eta argitaratzen dituztenak.
argazkilaria: Helmut Henkensiefken
Gure zereginak hiru helburu eta eremu nagusi ditu Europan: egileen eskubideak (copyright barne), kultura-politika eta kultura-trukea.
DOING THE RIGHTS THING dugu leloa 1977tik, eta idazle eta itzultzaile guztiei eragiten dieten gaien ikuspegi zabala adierazten du: eskubide ekonomikoen eta ordainsarien forma guztiak; profesional horien nortasun etiko, politiko eta intelektualaren defentsa; eta adierazpen-, erlijio- eta pentsamendu-askatasuna eskubide orokor horien sublimazio gisa ikustea.
Beraz, Europako legediaren lehen lerroan kokatutako «abangoardia» gara. Orain Europako Parlamentuan, Kontseiluetan edo Batzordeetan eztabaidatzen denak gure lankideen idazketa-bizitza moldatuko du bi urtetik bost urtera bitarteko etorkizun hurbilean. Beti daukagu «kristalezko bola» bat eskura, etorkizuneko erronkak aurreikusteko —oraina bistatik galtzen ez dugun bitartean, #freeallwords bezalako larrialdi-ekintzekin egin genuen bezala, Ukrainako eta Bielorrusiako egileen aurkako indarkeriari erantzuteko.
2. 2022ko ekainaren 11tik 12ra EWCen urteko batzarra egin zen Madrilen, Círculo de Bellas Artes-ean. Zer esan dezakezu ekitaldi horri buruz? Zer lortu zuen EWCek?
Batzar orokorrak, alde batetik, «barne-eraketaren» ariketa klasikoa dira: kideak eta ordezkariak dira organo erabakitzaile gorena. Haren onespen, proposamen eta eztabaidek EWC eratzen dute, bere lehentasunen, sorreraren eta helburuen norabidean. Kontseiluak komunitatearen interesak zaintzen ditu. Baina, zer egingo luke EWCek alderdi sozialik gabe? Urteko Burning Issues Forum-ean, hainbat erakunde eta herrialdetako kezkak eta lanak ezagutzeko aukera izan genuen, bi kultura- eta grastronomia-gau gozatu genituen elkarrekin, eta bien arteko denbora aprobetxatu genuen hizkuntza-desberdintasunen eta herrialde-mugen gainetik harremanak sakontzeko.
Eragin handia izan zuen #freeallwords proiektua aurkezteak, eta Espainiako komunikabide askok eman zuten horren berri. Hurrengo Batzar Orokorra Berlinen izango da. Han, eztabaida eta foroen gai nagusietako bat adimen artifiziala izango da, eta, zirraragarriagoa dena, beste batzorde bat aukeratuko da.
3. Eskubide digitalak gero eta garrantzitsuagoak dira, batez ere sortzaileentzat; izan ere, nahiz eta aintzatetsiak izan, ez dira beti errespetatzen. Zer egiten du EWCek horri buruz? Zer egin dezake idazle batek bere eskubide digitalak errespetatzen ez badira?
Hemen zehaztu behar dugu: zertaz ari gara, kontratu bidezko erabilera-eskubideez edo streaming, mailegu elektroniko edo tarifa finkoko ordainsariaz, edota pirateriaz?
Kontratuei dagokionez, garrantzitsua da liburu elektronikoen eskubideak eta ordainsariak birnegoziatu ahal izatea denbora-tarte jakin baten ondoren, gutxi gorabehera 2-3 urtean behin. Era berean, garrantzitsua da autoreak uko egin ahal izatea edo adostasun-eskubidea izatea, liburu elektronikoa likidatu edo mailegu elektronikoan denbora luzez ordainsari txikiegiaren truke eman aurretik. Gardentasun handiagoa ere behar da. Askotan, banatzaile digitalek hain komisio edo deskontu handia jasotzen dute, ezen egilearentzako diru-sarrera garbiak gero eta txikiagoak diren —eta aldi berean deskontu-erabakiak ezkutuan gordetzen dira.
Pirateriaren auzia betiereko izurria da (barkatu). Munduko pirateriaren %7 inguru liburuak dira. Eta itzaleko merkatu bat ere badago: konexiorik gabeko pirateria digitala, hau da, postaz bidalitako USB, CD edo disko gogorrak.
EWC behin eta berriz aritu da lanean azken esparru horretan, urteetan zehar, bai pirateriaren ondorioak azaltzeko Europako Parlamentuko diputatuei bidalitako gutunen bidez, bai duela gutxi Batzordeari liburu-sektorearentzako hutsune gehigarriak adierazteko, bizitzako gertaeren pirateriari buruzko lege-proiektu batean. 2021ean eta 2022an, hornitzaileen zerrenda batean gogor lan egin dugu pirateriaren aurkako borroka-proiektu bat prestatzeko, eta kezkaz ohartu gara, Espainian bereziki, pirateria hirukoiztu egin dela.
Editore gehienek ez dute horren ardura hartzen. Hemen, askotan, egileak legez kanpoko atariei eskatu behar diete liburua deskargatzeko lotura ezabatzeko.
4. Azken hamarkadetan, hizkuntza txikietako idazleek laguntza handiagoa dute beren lana garatu, argitaratu eta ezagutarazteko aurreko urteetan baino, baina lortutakoa ez da oraindik nahikoa. Zer egin daiteke egoera hau aldatzeko? Zer egiten du EWCek hizkuntza txikiak sustatzeko?
Hemen ere hutsuneak ikusten ditugu jardueran. Dakizuenez, EUPL (European Union Prize for Literature) protesta publikoekin utzi genuen 2022aren hasieran. Arrazoia: hautatuen eta irabazleen kopuruak murriztu dira (36tik 12ra eta 14tik 1era hurrenez hurren). Horrek ia ezabatu egin zuen gutxien inprimatzen edo hitz egiten diren hizkuntzen ikuspena. Ez genuen onartu nahi Europako hizkuntzen aniztasunetik urruntze hori. Horren ondorioz, partzuergoa utzi genuen. Baita horrek galera finantzarioak ekarriko badizkigu ere. Hemen gure kideen interesak defendatzen ditugu. 2023an, Creative Europe Programme 2021-2027ren tarteko ebaluazioa egingo da. Horretan aktiboki parte hartzeko gomendatuko genieke gure erakunde kideei. Epe luzera, egileek elkarri emandako sari bat ikusi nahiko genuke. Baina horrek ere energia eta denbora behar ditu; plazera izango litzateke batzordeko kide izango denetako bat horretan jartzea.
5. Duela gutxi, EWCek #FreeAllWords proiektua jarri du martxan. Gaur egun, Ukrainako eta Bielorrusiako idazleentzat pentsatua da, eta giza eskubideen urraketak salatzen dituzten edo jatorrizko herrialdeetan isilarazi diren idazleak defendatzea eta ezagutaraztea du helburu. Zer beste herrialdetan, Ukrainatik eta Bielorrusiatik aparte, jarriko da arreta etorkizunean?
#freeallwords proiektuaren lehen zikloa 14 lanekin eta hamaika hizkuntzarekin ezarri da; bigarren zikloa, 17 autorerekin eta hasieran bi hizkuntzarekin, hasi berria da. Proiektu hau donazioetan eta EWCeko Batzordeak ordaindu gabeko ekarpenean oinarritzen da, baina idazleei eta itzultzaileei, jakina, ordaintzen zaie. Donazio gehiago erakartzen saiatuko gara maiatza ingurura arte. Orduan esan ahal izango dugu fidagarritasunez beste herrialde batzuetara zabalduko dugun.
6. Gure gizartea aldaketa-garaiak bizitzen ari da generoari eta nortasunari buruzko gaietan, eta hori hizkuntzan zein literaturan islatzen da. Nola lantzen du EWCek gai hori?
Ondo deritzogu gure kideek horri buruzko informazioa beste herrialde batzuetako erakundeekin ere trukatzeari. Kontua ez dago gure agenda juridiko eta ekonomikoenaren gailurrean. Alde handia dago eztabaida-mailan, eta herrialde batzuetan beste gertaera gordin batzuek lehentasun handiagoa dute; beste batzuetan, berriz, eztabaida zirraragarriak, polemikoak eta adostuak dituzte, hala nola Britainia Handian edo Herbehereetan.
Baina apaldu egiten gaituena Hungarian gertatzen dena da, esate baterako, non LGBTQAI gaiak dituzten liburuak esesten diren eta askotan bere salmenta debekatzen den. Atzerako urrats handia.
7. Salbuespenak salbuespen, idazteko lanbidea beti izan da jarduera ezegonkorra. EWCeko idazle eta kide bezala, nola uste duzu izango dela etorkizunean? Zure ustez, idazleak (idazle berriak, bereziki) baikorrak izan daitezke? Espero al dezakete haien lana gehiago balioetsiko dela?
Galdera horri erantzuten ari naiz ChatGPT idazkera automatikoaz jabetzen ari den une batean, hau da, oso baikor esateko une egokian: IAk kopiatzen eta berrantolatzen duenari esker, gizarteak eta guk geuk inoiz baino argiago ikusiko dugu gizakiak egin dezakeena. Aurrean ditugun garai zailek autoreen balioa nabarmenagoa egingo ahal dute.
8. Eta, amaitzeko, galdera pertsonal bat: zergatik erabaki zenuen EWCean lan egitea? Lanetik haratago, zer ematen dizu pertsonalki?
Elkarte batean parte hartzeak etorkizunari forma emateko aukera ematen du beti. Babesik gabe ez egotea. Zerbait egin ahal izatea, hobetzea eta besteen esku bakarrik ez egotea.
Jabetza intelektualeko eskubideetan interesa izan dut 2011tik, askatasunaren, demokraziaren eta giza zibilizazioaren oinarritzat hartzen ditudalako. Artea, narrazioak, norbanakoari lotuta daude, norberaren gizatasunaren onarpena dira.
Gainera, maitasunaz gain, beti mugitzen nau haserreak: beste batzuk ustiatzen dituzten erakundeen haserreak, desinformazioak erabiltzen duen propagandarako haserreak eta injustiziarako haserreak. Elkarrekin, maitea eta haserrea, lankideei modu eraikitzailean eta oso kolegiatuan zerbitza diezaieket, gure batzordeko kideekin batera.
Azkenean esateko: agian ez nintzen perfektua. Baina ni han nengoen. Lagundu eta nire partea egin nuen.
Argazkia: Helmut Henkensiefken