Etxea
Atzerrian bizitzeari buruz hitz egiten denean, erbesteratuak protagonistak diren betiko klixeak datozkigu burura. Onak eta txarrak. Guztiok ezagutzen ditugu eta, salbuespen bat edo beste salbu, egi ia mugiezinak direla sinestea gustatzen zaigu. Gutxitan komentatzen dena, ordea, funtsezkoaren zentzuaren galera da. Inork ez du pentsatzen sinplea edo erraza dirudien etxe kontzeptua, adibidez, labaingarri samarra bihur daitekeela, hainbatetan gertatzen den bezala.
Bilbon nagoenean, gurasoak pozten dira etxean (hau da, familiarekin hazi naizen pisuan) nagoelako. Baina etxea ere herrikoa zen, aitona-amonarena, nire bizitzaren zati handi batean nire jauregia izan zena. Eta zenbait lagunekin bizi nintzen lehenengo etxebizitza partekatua. Baina, gero…
Zortzi aldiz aldatu naiz egoitzaz denboraren poderioz. Lehenengo etxe-aldaketa handia egin nuenean, beste autonomia-erkidego batera joan nintzen. Bigarrenean, Alemaniara. Baina berdin dio aldaketa handia edo txikia den. Azkenean, aldaketa bakoitzean geure burua apur bat galtzen dugula da garrantzitsua.
Etxebizitza berri bakoitzak etxe izena badu ere, guk ez ditugu horrela sentitzen. Aldi baterako gordelekuak baino ez dira, beharrezkoa denean husteko eta uzteko errazak. Mundu honetako ezegonkortasuna barne hartzeko perfektuak. Sustraitzeko hauskorregiak.
Bidean galtzen ari garenaz konturatzen garenean, noski, ezinezkoa da atzera ez begiratzea. Orduan, hiriz hiri zatikatzen joan den horrek astintzen dizkigu barruak eta lehenengo aldiz galdetzen diogu gure buruari ea etxera itzultzeko ordua heldu den.
Arazoa da gure oroitzapenean dugun etxea ez dagoela. Ez dakigu non dituen habeak eta hormak, ezta nolako min egiten dion eguraldiak ere. Eta aurkitzen ditugun orbain ezezagunek eta usain desberdinek argi eta garbi uzten digute hori guretzako lekua ez dela; gure etxea beste nonbait dagoela. Dena den, edo agian horrexegatik, haurtzaroko etxearen apurretara aldaira egiteko eta falta zaiguna hor berreskuratzeko ordua heldu den deliberatu ohi dugu.
Bestela, etxearen mira ez izateko, geratzen den aukera bakarra erbesteratzeko beste leku bat aurkitzea da. Eta, gero, beste bat. Eta egoitzaz egoitza etxe-aldaketen arteko linboan, nostalgiatik salbu, harroin ibiltariko etxea eraikitzea.