Elkarrizketa :: Hasier Larretxea 2026/04/17
Uxue Juarez

Etxe bat Huksaviken, Uxue Juarez (Balea Zuria, 2025)

Uxue Juarez Gaztelu (Iruñea, 1981) irakaslea eta idazlea da, irrika eta ohiko ikusmiretatik at dagoen horren bilatzaile nekaezina. Haur eta gazte literatura landu du, gaztelaniaz hainbat poesia liburu argitaratu ditu, eta helduentzako bere azken lana euskaraz eman du argitara: Etxe bat Huksaviken (Balea Zuria, 2025).

Poesia liburu honetan nahiz eta bertzeak bertze, dolua eta suizidioa landu, Uxuek ihes egiten die gai hauek literaturan landu ohi diren ohiko intentsitate eta agerikotasunei. Horretarako, elefante gizona, balea ama eta balekumea bezalako pertsonaiak eraikitzen ditu, eta azken bien bidaia abisala abiapuntu hartuta, gai korapilatsu eta konplexuak, tartean galera, mina, bizitza eta heriotza, xamurtasunez eta unibertso propio eta berezi batetik jorratzen. Liburua sendoa da: iruditeria handikoa, arkitektura zainduaz eraikia, eta ahots poetiko bakar batez idatzia. Euskal poesiagintzako rara avis bat da Uxue Juarez, eta Etxe bat Huksaviken ireki berri duen bere bide berriaren erakusgarri argiena.

«Badakizu nola urpean sartzen zarenean oihartzun gisako bat aditzen duzun? Nola sentitzen duzun ur masa handi bat zure gainean, eta zu haren azpian, bakarrik? Nola edozein mugimendu den motelagoa han? Bada, hortik idatzi dut» erran zenuen liburuaren aurkezpen egunean. Nolakoa izan da urazpiko sakontasun horretatik idaztea?

Ba esan dezaket orain igerian lehen ez bezala egiten dudala. Txikitatik gustuko izan ditut igeriketa eta uretan murgiltzea, uretan plisti plasta ibiltzea idazketan jolasean ari garenean bezala, baina liburu hau osatu ostean, ur abisaletan ibilia naizela esan dezaket.

Aipuen artean, Bárbara Mingoren «Poesia liburuak animalia basatien argazki albumak dira» lerroak atentzioa deitu dit. Liburu honetako animaliak hala direla uste duzu?

Alde batetik, badute animalia basatiaren aurpegia (aske mugitzen dira eta nahieran, haientzat, eta soilik haientzat, eraikia izan den urpeko mundu batean), asmatutako animaliak dira eta, hori dela eta, ez dute abereek sufritu ohi duten hezte prozesurik jasan. Bestalde, minak inguratutako dolu prozesu batetan murgiltzen dira eta, zentzu horretan, gizakiarekin emozioa partekatzen dute. Elezaharretako animalien antzera, gizatiartuta agertzen dira.

Balea andrearen elezaharra da lehen atala, Anariren «Alde egiteko behar adina urik ez da, baina bizirauteko behar den adina ezta» aipuarekin irekitzen dena. «Bat» azpiatalean, «Hitzaurrea» horrek, nik uste, liburuan kokatzen gaituela, bete-betean: «Suiziden oinordeko guztiek dute begi-ninian giltzapetutako arrain gorri txikitua. Hona hemen nirea». Poeta bezala itsasoaren sakontasun horretatik, tartean poemen bidez istorioa animaliatasunetik kontatzeak, nolabait gaiarekiko beharrezko distantzia ematen zizun eta bidenabar, zure poesiagintzan agerian izaten den haurren munduarekiko begirada aberats eta arretatsu horretatik idatzi ahal izateko?

Bai, arrazoi osoa duzu eta horiek dira arrazoiak, baina beste arrazoi bat ere bazegoen: ur masa handi horren azpian egongo zen ahots poetiko bat sortzeko beharrean nengoen. Ur azpiko sakontasun horretatik mintzatuko ziren izakiak topatu behar nituen eta horregatik sortu nituen animalia horiek guztiak. Doluan sartuta zaudenean, kanpoko mundua sordina moduko geruza batek inguratuta heltzen zaizu, soinuak, besteen ahotsak, urrunetik hitz egiten dizute, badagoelako harresi sendo bat soinua eteten duena. Eta zu hor zaude, hunkituta, minduta, ataraxian, hizkuntza-burbuila batean. Horrez gain, suizidio bat ondoan pairatzea oso esperientzia erradikala da eta dena hausten du. Zure mundua hankaz gora jartzen du piztiak duen bortizkeria baliatuz. Horregatik ere animaliatasun hori.

Eta bai, animaliekin eta naturarekin betidanik jolastu izan naiz nire lanetan, fantasiaren munduetatik ere abiatuta eta haurren munduko begirada eta jakinmina eredutzat hartuta. Etxe bat Husaviken poemarioan ere kontzeptu horiek honela jorratu ditut. Txikitan Cousteau kapitainaren dokumentalak ikusten nituen eta bera bezalakoa izan nahi nuen, eta oraingoan, fikziozko dokumental hau asmatu dut nire estilo propioa erabilita. Cousteauren iruditegia beti soinean eraman izan dut.

Erran bezala, ur haundietan gabiltza liburuari buruz mintzo garenean eta geruza horietan, galera, eta existentzia ahituari buruzko bertso indartsu eta ederrak aurki ditzazkegu: «Zenbateko pisua du izandakoaren gorpuak urtzean? / Zenbat kilogramokoa da ezereza? / Zein izango da ametsetan berriro hasteko / zeharkatu beharreko distantzia?». Esentzia eta materia, talkan?

Bai, oso Oteizianoa, ezta? (Kar, kar, kar). Esentzia eta materia baino, ezerezaren esentzia edo ezerezak hainbesteko pisua duenean materikoa bilaka daitekeela esango nuke. Pisu bat dauka ezerezak, trinkotasun bat minak, absentziak. Eta bere pisu horrek itolarrian ipintzen gaitu, arnasestuka ibiltzea eragiten digu, biriken gainean berunezko bola bat izango bagenu bezala. Paradoxikoa da.

Husavic, Islandia iparraldeko herria, baleak begiztatzeko hiriburu gisa da ezaguna. Poesia liburu bat, eta kasu honetan, honakoa, nondik eraikitzen hasten zara? Izenburutik, tonua aurkitzetik, zizelkatutako hasmentako zenbait poemen norabidekotik?

Tonutik. Hasieran ahotsa bilatzen dut eta gero espazio jakin batetan, testuinguru jakin batetan, kokatzen dut ahots hori. Kasu honetan barrunbeetatik, erraietatik, azaleratuko zen tonua behar nuen, pisutsua behar zuen izan, eta ilunpeko mundu batetik argitasunerantz bidaiatu behar zuen. Baina argi hori ezin zuen eguerdiko argia izan, zapaldutako argia edo egunsentiko argi urdin-txuriaren antzekoa zela irudikatu nuen. Eta orduan, Husavikeko argiarekin gogoratu nintzen. Eta duela urteak bertan begiztatu nituen baleekin (sakontasunetik itsas azaleraino arnasa hartzera atera ohi direnak). Eta hortik tira eginez, poemarioa jaio zen.

«Balekumeak galdera asko egiten dizkio amari, jolasteko gogoz dagoelako eta mundua ezagutzeko bere modua horixe delako, jolasa» ere aipatu zenuen liburuaren aurkezpen egunean. Nola irudikatu nahi izan duzu haurren begirada hori gertaeren, tristeziaren inguruan?

Galdera hau egin izan didaten bakoitzean, zalantza asko datozkit burura. Poemak sortzerakoan, askotan pentsatzen nuen haurrek ez zutela helduok sentitzen dugun mina modu berean adierazten nahiz ulertzen. Eta orain, denborak aurrera egin ahala, uste dut kode ezberdinak ditugula, besterik ez, umeena sistema misteriotsua dela iruditzen zait. Badu magiarekin eta ulertzen ez dugun guztiarekin, misterioekin, halako lotura. Guzti honen inguruan idazterakoan arintasuna islatu nahi nuen, jolasean dabilen pertsona txikiarena, bere jakinminarena, bere galdetzeko moduarena. Baita helduon munduko duintasuna hankaz gora jartzearen abilezia.

Liburuan deigarria egiten den zerbait, eta zure literaturan ere aski presente dagoen ezaugarrietako bat obraren arkitekturarena da. Poemei dagokienez, badago bilaketetarako joera, estilo, ahots desberdinak aurkitzeko ahalegina, bai eta atalak atontzekoa ere bai («Balea andrezaharraren elezaharra» da lehen atala, «Balea andrearen idazmakinan topaturikoak» bigarrena, eta «Koda», hirugarrena). Poemen muinaz gain, liburu baten bizkar-hezurrarekiko dagozkion hautu hauek poemario bati eusten diotela uste al duzu?

Bai. Poemarioaren egitura ere bada niretzat pieza txiki guztiak (poemak) lotzen dituen azkeneko poema. Liburua poema bakar batek osatuko luke eta, sakoneko egituran, liburua den bizkar-hezur hori pieza laburragoetan deskonposatuko litzateke. Horregatik dut gustuko izenburuak eta atalak ere pentsatzea, poema bakar hori paisai bakuna balitz bezala baina, aldi berean, ikuspegi ezberdinetatik eta denbora ezberdinetatik astintzeko eta aztertzeko. Gainera, garapen bat ikusten dut ekosistema guzti horretan espaziotik espaziora aldatzen doana.

Zer eman dizu edo zer aurkitu nahi izan duzu nolabaiteko fikzioaren eraikuntza hori tresna narratibo bezala baliatzeak mina kontatzeko orduan? Zenbaitetan tonu jostalari eta goxoago bat eta umorea erabiltzea ere garrantzitsua zen?

Fikzioak baditu bere legeak eta poemario bakoitzeko sortzen duzun fikziozko mundu hori baditu bereak. Zentzu horretan, nahiz eta minetik abiatzen zaren, pasarte biografikotik, benetako emozioa azkenean anekdotikoa bilakatzen da abiapuntu hori beste lege eta joko batzuekin harilkatzen duzulako. Biografia aitzaki bat litzateke idazketaren munduan sartu ahal izateko eta sortu nahi duzun zein ulertzen ez duzun guzti hori paper txurian zehar zabaldu ahal izateko. Eta tonu jostalariaz ari zarela, ez dakit, uste dut nire estiloak baduela hori nire bizitzak umorea duen moduan. Gure obrak fikzioak zeharkatutako isla dira hein batean.

Literaturan ibilbide luzeko idazlea zara, poesia liburuak argitaratu dituzu gehienbat, baita haur eta gazte literatura ere bai, gehi argazkigintza eta beste diziplina batzuk batu dituen liburu hibridoa. Euskaraz argitaratu duzun helduendako lehen obra da honakoa. Zuretzat garrantzitsua izan da hizkuntzaren hautua? Liburu honek euskaraz behar zuen?

Egia, lehenengoa da. Haurrentzako liburu ilustratuak euskaraz idatzi izan ditut, baina hau da helduentzako nire lehenengo poemarioa euskaraz. Proiektu berri baten aurrean gustuko dut momentu hori bitarte probatu ez ditudan gauzak probatzea. Poemarioak orain arte gaztelaniaz idatzi nituenez, horrekin zerikusirik ez zuen nire beste hizkuntza honetan saiatu nahi nuen. Jantzi berri bat probatuko banu bezala, denbora eta esperientzia ezberdinak direla medio jantzi hori erabat eroso bilakatu den arte. Horrez gain, liburu honek euskaraz behar zuen izan: euskaraz heldu zitzaidan lehenengo poemaren ahotsa, Donostiako Aquariumean hainbat testu ere idatzi nituelako eta Euskal Herriko kostaldera maiz hurbildu behar izan dudalako urtaro ezberdinetan itsasoak duen portaera gertutik ikertzeko. Azkenean, paraje eta txango horietan entzuten eta erabiltzen nuen ahotsa euskara zen. Bestalde, euskarak duen soinua bat zetorren behar nuen giroa sortzeko (r, rr, s, x, ts, tz eta z fonemei buruz ari naiz batez ere) eta, azkenik, beste elementu batzuen artean, proiektu honen abiapuntua ere Joseba Parron argazkilari donostiarraren iruditegia izan zelako eta Josebarekin euskaraz mintzatzen nintzelako.

Zer irakurri zenuen liburu hau idazten ari zinen bitartean? Zeinen ahotsak presente izan dituzu?

Batez ere Inger Christensenen Eso poemarioa (nire erreferentziazko liburua izan da eta da), John Bergerren entseguak, zenbait euskal musika talderen kantuak, John Gerediaga eta Oihane Garmendiaren poemak eta Marossa di Giorgioren Los papeles salvajes.

Euskal poesiagintzan hain ohikoa diren liburuen eraikuntza eta ahotsetatik landa, liburu honen bertsolerro, poema, eta osotasun baten ekarpena aski garrantzitsua delakoan nago. Poesia idazteko orduan, eta sortzaile gisa, zure kasuan gaztelaniaz idatzi izanak eta bertze literatur sistema baten baitakoak ezagutzeak badu, nolabait, zerikusirik?

Bai, noski. Ikusmin handiko pertsona naiz eta beti ari naiz beste herrialde batzuetan idazten diren poemarioak irakurtzen. Ez dut gustuko poesia itzulpenak irakurtzea nahiago dudalako poesia idatzi den hizkuntza horretan irakurtzea, baina, tira, batzuetan ere irakurri ohi dut proposamen eta apostu berriak ezagutu nahi ditudalako. Logikoa iruditzen zait arlo artistiko bat jorratzen duzunean arlo horretan iraganean sortutakoa eta une honetan egiten ari dena ezagutzea. Horrek aberasten zaitu eta artea ulertzeko eta sortzeko bide berriak zabaltzen ditu.

Eta akitzeko, poesiak minari forma ematen lagundu gaitzake? Liburu honi esker, garai eta aro bat ixteko modua izan daiteke?

Minari forma ematen laguntzen dioten tresna guztien artean (terapia, lagunekin mintzatzea, etabar) faktore bat izan daiteke poemarioa, baina lehen aipatu bezala, uste dut biografiak eta idazketak ibilbide ezberdinak zeharkatzen dituztela. Idazketak biografian bizitakoa ulertzen eta aztertzen laguntzen digu, baina uste dut hori ez dela idazketaren xedea. Niretzat idazketaren artisautza proposamenak luzatzean datza, infinitua den espazio zabal batetan jolastean eta eraikitzean, baina ez ditu zauriak ixten. Ez duzu horretarako idazten. Gauzak desitxuratzen ditu idazten dugunean, gauzen esentziarekin jolasten gara, itzulipurdi bat proposatzeko, eta hortik beste mundu batzuk zabaltzen ditugu hemen ez daudenak. Lengoaia, hizkuntza, desplazatu bat proposatzen du (batez ere poesiak). Eta hori ez da komunikaziorako eta emozioak ulertu eta behar duten lekuan kokatzeko erabiltzen dugun lengoaia berbera. Hizkuntzaren izatearen beste atal bat jorratzen dute idazketak eta poesiak. Hori bai, zerbaitek arreta deitu digunean, bizipen batek gure bizitza bitan zatitzen duenean, normalena da gure testuetan agertzea. Baina jarrai dezake agertzen hemendik 40 bat urtetara (bizirik jarraitzen badugu, noski, kar, kar, kar) mina behin pasata ere. Arreta deitu digun horrek oraindik arreta deitzen digulako, adibidez.

 

Hasier Larretxea
Uxue Juarez