ETORKIZUNEKO KLASIKOAK
Duela urte pare bat, 2024ko irailean, zehazki, Euskal Idazleen Elkarteak antolaturik, Etorkizuneko klasikoak izeneko ikastaroa eman nuen Bilboko BBK Kunan. Artean ezezaguna zitzaidan modernista estiloko eraikin ederrean elkartu ginen dozena erdi bat lagun hiru larunbat goizez. Ikastaroa euskaraz eta debaldekoa zen, eta ez ziren izena emandako guztiak agertu, ez dakigu zergatik, ez baitzuten hutsegitea jakinarazi. Halere, bertaratu zirenen artean, euskal idazle eta literatura-zale amorratuak zeuden, eta eurei esker, ikastaro zinez aberasgarria izan zen.
Ikastaroaren muina literatura unibertsalaren nondik norakoak aztertzea zen. Irakasle gisa, niretzat erronka handia izan zela aitortu behar dut, baina ez zait inoiz ahaztuko eskolak prestatzeko irakurri behar izan nuen bibliografia osoa irakurtzeak eman zidan gozamena. Asko zegoen esateko, eta denbora gutxi, ars longa, vita brevis, badakizue. Hortaz, denbora-lerroa ardatz harturik, ikastaroa hiru ataletan banatzea erabaki nuen: lehenengo saioa klasiko greko-latindarrei buruzkoa izango zen; bigarrena, gaur egun klasikotzat jotzen ditugun literatura-lanen ingurukoa; eta hirugarrena eta azkena, etorkizunean klasikoen zerrendan ze obra sartuko diren hausnartzeko abagunea izango zen.
Egia esateko, saio bakoitzean, prestatutakoaren erdia baino emateko debora besterik ez zidan eman, baina hori oso seinale ona zen, taldearen partaidetza aktiboak aukera eta ate asko zabaltzen baitzituen, eta bat-batekotasun horrek aurretiaz uste gabeko gai askori buruz jarduteko parada eskaini zuen. Beste hainbat galderen artean, honako hauek erantzuten saiatu ginen: ze obra izango dira klasikoak etorkizunean? Ze obra bilakatu dira klasiko eta zergatik? Nork erabakitzen du zer izango den klasiko? Zenbaterainoko garrantzia izango du adimen artifizialak geroko klasikoetan?
Lehenik eta behin, klasiko hitzaren hainbat esanahi aztertu genituen, eta, besteak beste, Borgesen honako hau aipatu genuen (Inquisiciones y otras inquisiciones): «Klasikoa da nazio batek edo nazio talde batek edo denboraldi luzeak irakurtzea erabaki duen liburua, bere orrialdeetan dena erabakita egongo balitz bezala, halabeharrezkoa, kosmosa bezain sakona eta interpretazio amaigabeak egiteko gai izango balitz bezala. Klasikoa ez da nahitaez merezimendu hau edo beste izan duen liburua; belaunaldiek, hainbat arrazoirengatik, aldez aurretiko mirespen eta leialtasun misteriotsuz irakurtzen duten liburua da».
Egiazki, irakurle bakoitzak bere klasikoak ditu. Irakurle bakoitzaren irakurketek kanon desberdinak sorrarazten ditu, alegia, baina inoiz agortzen ez diren liburuak soilik heltzen dira guztiontzat klasiko izatera, gaiak iraungiezinak direlako, estilo zaildua dutelako eta literaturari ekarpenen bat egiten diotelako, nire ustez.
Iraganeko klasikoei dagokienez, dagoeneko hilda dagoen Pentsamenduaren klasikoak euskaraz izeneko bilduma zoragarriak pentsamenduaren historian garrantzia eta eragina izan duten idazkiak euskaraz irakurtzea ahalbidetu zuen. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izandako Pedro Etxenike zientzialaria izan zen ideiaren sortzailea, eta Klasikoak izeneko Elkarte Anonimoa eratu zen. Gaur egun ez dago halakorik. Hortaz, klasiko greko-latindarrak euskaraz irakurtzeko, itzultzaile gutxi batzuen borondatearen eta haien aisialdiaren baitako aukera dela onartzen dugu, horrek guztiak kalitatean izan dezakeen eraginari serio erreparatzen ez diogularik.
Beraz, behin, beste literatura-lan batzuk ez bezala, gaur egun idazki klasikoak euskaratzeko diru-laguntza jakinik ez dagoela esanda, eta klasikoen inguruko aurreiritzien inguruan jardun ostean, hala nola, zaharkituak, elitistak, ulertezinak, arrotzak eta abadeen kontuak direla, gaur egun klaskikotzat jotzen ditugun lan batzuk zerrendatu genituen eta zerk egiten dituen klasiko aztertu genuen. Faktoreak bitan multzokatu genituen: literarioak, batetik (kalitatea eta originaltasuna), eta extraliterarioak, bestetik (idazlea, arraza, generoa eta jatorria).
Badira, ostera, klasikotzat hartzen ditugun zenbait lan ere, baina norberarentzat klasikoak ez direnak. Munduko edozein literaturatan, kanonaren egiletza erabakiorra bezain adierazgarria da, batzuek baino ez baitute erabakitzen, unean uneko irizpide jakin eta aldakor batzuen arabera, ze liburu indartu eta zein baztertu, klasikoak izan ala ez. Kanonaren eraketa askotan kafkiar samarra izanagatik, On Kixoteren irakurle langabeak erabakiko du, azken batean, etorkizunean zer irakurriko den eta zer ez, baldin eta klasikoak irakurtzen direla onartzen badugu.
Adimen artifiziala izan daiteke etorkizuneko idazlea eta irakurlea, klasikoen zerrendaren sortzailea eta idazlan askoren egilea eta itzultzailea. Eta azkenean, etorkizunaren ostean, ohartuko gara akaso Ellioten hitz eder haien egiaz: «nire hasieran dago nire amaiera».