Espresuki onartu gabeko betebeharrak
Ikuspegi liberala kontuan hartzen badugu, betebeharra bi modutara bakarrik sor daiteke: gizakienganako betebehar natural gisa, denok gizaki arrazional garenez, edo bestela, borondatezko betebehar gisa. Betebehar naturalak unibertsalak dira. Horien artean daude pertsonak errespetuz tratatzea, justizia egitea, ankerkeria saihestea eta gisa horretako betebeharrak. Borondate autonomo batetik (Kant) edo balizko kontratu sozial batetik (Rawls) sortzen direnez gero, inor ez hiltzeko edo inori ez lapurtzeko ez da inoren baimen espresurik behar.
Aldiz, betebehar naturalak ez bezala, borondatezko betebeharrak partikularrak dira, ez unibertsalak, eta adostasunetik edo onarpenetik sortzen dira. Bizilagun bati etxean apalategi batzuk jartzeko eskatzen badiot diru baten truke, biok betebehar bana hartu dugu: hark apalak jartzeko eta nik ordaintzeko.
Ikuspuntu liberal honen ondorio deigarri bat da herritarrontzat, erabat harturik, betebehar politikorik ez dagoela, ez daukagula. Beren borondatez kargu politiko baterako aurkezten direnek obligazio bat hartzen dute baina hiritar arruntok ez. Betebeharren kontzepzio liberala zuzena bada, herritarrak ez du betebehar berezirik izango herrikideentzat, bidegabekeriarik ez egiteko betebehar unibertsal eta naturaletik harago.
Askatasunaren kontzepzio liberalaren erakargarritasuna eta haren ahulezia elkarri loturik daude. Ulertzen badugu bakoitza bere baitan askea eta independentea dela eta aukeratu ez dituen lotura moralen mendetasunik ez duela, ezin izango diegu zentzurik eman elkartasunetik eta leialtasunetik, memoria historikotik eta fede erlijiosotik, gure identitatea moldatzen duten komunitate eta tradizioetatik sortzen diren betebehar moral eta politikoei.
Historian, askatasun liberala antidoto gisa sortu zen; norbanakoak jaiotako kasta edo klase sozial edo oinordetzan jasotako gizarte-kategoriek markatutako destinoetatik askatzeko antidoto moduan. Orduan, nola onar daiteke komunitatearen pisu morala giza askatasuna mugatu gabe?
Pertsonaren ikuspegi liberal-boluntaristaren alternatiba gisa, A. MacIntyrek ikuskera narratibo bat aurkezten du. Gizakiok istorioak kontatzen ditugun izakiak gara. Gure bizitzak kontakizun baten sekuentzia bezala bizi ditugu. MacIntyrek hautematen duenez, bizitako narrazio guztiek badute teleologikotik pixka bat. Ez du esan nahi helburu finkorik dutenik. Teleologia eta aurreikusteko ezintasuna batera gertatzen dira. Fikziozko narrazio bateko pertsonaiek bezala, ez dakigu zer gertatuko den jarraian, baina gure bizitzek gure etorkizunera proiektatzen den forma jakin bat dute. Bizitza bat bizitzea nolabaiteko batasuna edo koherentzia lortu nahi duen ibilbide kontagarri bati jarraitzea da. Deliberazio morala nire borondatea gauzatzean baino gehiago nire bizitzaren historia interpretatzean datza. Honela dio MacIntyrek bere liburu famatuenean (Tras la virtud. 2013: 271):
Denok hurbiltzen gara geure zirkunstantzietara, gizarte-nortasun jakin baten jabe izanik. Norbaiten semea edo alaba naiz, lehengusua edo osaba, hiri honetako edo beste bateko hiritarra naiz, honelako edo halako gremio edo lanbideari atxikia nago, klan honetakoa naiz, tribu honetakoa, nazio honetakoa. Beraz, niretzat ona izan beharko du eginkizun horiek betetzen dituenarentzat ona dena. Horrela, nire familiaren iraganetik [...], nire naziotik hainbat zor, jarauntsi, itxaropen justifikatu eta betebehar heredatzen ditut. Horrek ematen dio, neurri batean, nire bizitzari bere berezitasun morala.
Gaur egunean euskaldunok zenbateraino ezagutzen ditugu, zenbateraino sentitzen dugu gure nazioaren iraganetik hainbat herentzia jaso ditugula eta Euskal Herriaren alderako baditugula zorrak eta betebeharrak?, iraganaren eta etorkizunaren artean katebegi garela? Estatu propiorik gabe –onenean, autonomia--, eta hizkuntza bakar propiorik ere gabe –biak edo hirurak gureak omen!-- errazagoa da ikuspegi liberalean erabat murgiltzea eta ohartukiago edo oharkabeago nazio arrotz indartsuagoan urtzea eta haren narratibitatean kokatzea. Horixe dugu arriskurik handiena egungo euskaldunok!