zutabea :: Itxaro Borda 2023/05/10

ERREGINAREN KOPLAK

Familia bazkarietan dagoeneko, Macronen eta Bornen erretreten erreformaren kontrako lehia galdu dugulako, urrikalgarritzat gauzkate eta galtzearen ardura  gure bizkar jartzen dute. Mila aitzakia aurkitzen dituzte: sindikatuak dira bekatorosak, manifestazio bukaeretan guzia suntsituz jazartzen diren bloke beltzen biolentzia, gobernu ustez progresista baten aurka batailatzea atzerakoia  dela diotenak ere badira mahaiaren inguruan. Hamahiru aldiz karrikara jaitsi dena ihardukitzen saiatzen da, zainetara jauzi egin gabe: han izan bahintz, ez geninan/genian galduko... hamar milioi juntatu bagina Macronek legea berdin promulgatuko zinan/zuan...  mugimendu sozialak ez ditun/dituk gutatik kanpo pizten eta garatzen... bai aldiz akabatzen!

            Maiatzaren 1eko Baionako manifestaldian nintzen, ene ohiko CGTko lagunekin. Etxetik atera aitzin, Jeanne d’Albreten memoria eta poesiak biltzen zituen 1893ko liburuaren faksimilea neukan esku artean, Frantziako Liburutegi Nagusiak editatua duela bospasei urte. Orrialde hauetan Labriteko Joanaren potreta dago, 1566an Genovako Errepublikari erreginak berak opari ziona: so laua eta neurri batean tristea zeukan, sudur aski luzea eta aurpegi eztia, gorputz traka trinko eta “birilekoa” batzuen irudiz. Potreta egin zuenerako bere erresumaren hegoaldeko partea galdua zuen eta Paue, Saliese, Ortheze, Nerac, Paris eta hainbat lekutan bizi zen eratorrian bezala.

            Labriteko Joana erregina protestantearen destinoaz oroitzen naizenean, bihotzean ximiko bat nabaritzen dut: hark, Nafarroa galdu zuen eta guk, aurtengo borroka soziala, nahiz eta ez duen batak bestearekin deus ikustekorik, ezaugarri amankomuna galera distiratsua den arren. Poesia geratzen zaigu, irudi ederrak kasko zokoan dantzari, adiskidantza partekatu zantzuak, su-zirien kea gorriak eta manifestazio buruko banderola altxatzen den uneko emozioa... ez, ez da fini, bistan dena ez dela fini, horixe da Sophie Binet CGTko arduradun berriak errepikatzen duena. Nafarroan ere, iparraldean aldion, 1622an Frantziako inperioan urtu bitartean, iskanbilak eta nekazari erreformatuen kalapitak biderkatu ziren, Jeanne d’Albretek berak bere memorietan kontatzen duen legez: “de Roussillon, je me retiray malade et durant mon absence, le voyage de Bayonne se feit: où les lames des épées, qui respandent aujourd’hui le sang des chrétiens, furent forgées” idazten zuen 1572ko San Bartolomeko sarraskien bezperan.

            Ez dut uste gaur egungo gobernariek koplak izkiriatzeko jaidurarik duten. Bakarrek ChatGPTri galdatuz, zer edo zer etzan lezakete paper zuriaren hutsunean. Baina gutxik. Hain premiazkoa den poesia, langintza zokoratua da, gauza ahalkegarri eta debaldea bailitzan: poetak ez du sekula erretretarik jasoko eta bizirautekotan, bigarren edo hirugarren ofizio bat beharko du. Ez zen hala XVI. mendean: latina, grekoa eta herri hizkuntza bana zekien edonork bertsoak harilka zitzakeen, apez ala erregin izan. Sonetoak zizelkatzen zituzten gehienetan, poesia klasikoaren imitazioaren bidea urratuz. Labriteko Joanak halatan, François I.a erregearen arreba zen Nafarroako Margarita amaren bularrean egoskitu zuen poesiaren lehen esnea. Bazuen zer ikas. Poeta ohoratua bilakatu zen, nahiz eta gerlaz gerla ibilirik, ez zuen asti askorik ukan bertsoaren artea lantzeko!

Rubleko baroiak 1893an osatu liburuan azaltzen diren poesi haboroxeenak Joaquim Du Bellay (1522-1560) poetari zuzenduak dira. Hilabete batzuk pasatu zituen Labriteko Joanaren gorte ibiltarian. Aski zoriontsu sentitu zen bertan eta erreginarekiko harremana zaindu zuen ondoko urteetan. Poeta gisako bere umiltasunaren keinua helarazi zion behin erreginak Du Bellayri:

Le papier gros, et l’encre trop espesse,

La plume lourde, et la main bien pesante,

Stile qui point l’oreille ne contente,

Faible argument et mots pleins de rudesse,

 

Paper gizena eta tinta lodiegia

Luma pisua eta esku hain astuna,

            Belarria asetzen ez duen estiloa,

            Arrazoi ahula eta zakar bete hitzak,

 

Istorio hau nola bukatuko den ez dakigu, ez baitugu oraino den-dena galdu!

Itxaro Borda