Artikulua :: Jon Eugi 2024/04/30

ERREALITATEA ETA FIKZIOA: ELKARRERAGINAREN BESTE ADIBIDE BAT

Aurreko artikuluaren ildoari jarraiki, errealitatearen eta fikzioaren elkarreraginaren beste adibide bat dakart lerrootara. Kasu honetan Amerikako Estatu Batuetako literatura, zinema, hilketa saiakerak eta beste kontu ilun batzuk nahasten dira, bertako gizartea, idiosinkrasia, armak lortzeko erraztasuna eta beste faktore batzuk kontutan hartu gabe ulertu ezin daitezkeenak.

1972. urteko maiatzaren 15ean Arthur Bremer izeneko gizon bat George Wallace AEBetako presidentetzarako hautagaia hiltzen saiatu zen Laurel-en, (Maryland). Ez zuen helburua bete; orduko Alabamako gobernadore demokrata bizirik atera zen atentatutik baina gerritik behera elbarri gelditu zen. Egileak atentatua egiteko motiboen artean Wallacek pertsona zuri eta beltzen segregazioaren aldeko jarrera zuela aipatu zen hasiera batean. Baina Bremerrek beste arrazoi batzuk zituela gelditu zen agerian hura atxilotu osteko haren aurkako epaiketan: ezaguna izan nahi zuen. Haren defentsako abokatuak, burutik sano ez zegoela argudiatzeko, lehenagoko hilabeteetan idatzitako eguneroko baten zatiak erakutsi zituen, epaileak errugabetzat jo zezan. Hala ere, Bremer erruduntzat jo zuten eta 53 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 35 urte presondegian egon eta gero, 2007. urtean irten zen handik. Baldintzapeko askatasunean izango da 2025 urtera arte.

Bremerren eguneroko hori, urtebete geroago, 1973an, liburu gisa argitaratu zen An assasin`s diary izenburupean. Eguneroko horretan kontatu zuenez, berak ospea lortu nahi zuen, kosta ahala kosta, eta horretarako norbait famatua tirokatzea bururatu zitzaion. Nonbait, Richard Nixonen atzetik ibili zen haren aurka atentatua egiteko asmoz, baina ezin izan zuen. Orduan, beste pertsona bat aukeratu zuen. Armak eskuratu eta gobernadore demokrata tirokatu ahal izan zuen.

Honek guztiak fikziozko zineman izan zuen isla ondoren. Izan ere, Paul Schrader gidoigilea Taxi driver filmaren gidoia idazteko aipatutako testuan inspiratu zen. Liburuko Arthur Bremerrengan oinarritu zen filmeko pertsonaia nagusia, Travis Bickle (Robert de Nirok antzeztu zuena), definitzeko: Vietnamgo gerlari ohia, taxi gidaria, eta suzko armen zalea. Martin Scorsesek zuzendu zuen filmak ez zuen arrakastarik izan estreinatu zenean baina, denboraren poderioz, kultuzkoa bihurtu zen. Filma ikusi zutenen artean John Hinckley Jr. izeneko gizon bat zegoen. Hamabost aldiz ikusi omen zuen. Izan ere, Jodie Foster da beste aktoreetako bat (12 urteko prostituta baten rola jokatzen du), eta Hinckley emakumezko aktore horrekin obsesionatuta zegoen; harenganako obsesio erotomanoak hartua zegoen. Hilabeteetan ibili zen haren atzetik baina bere proposamen guztiei ezezkoa eman zienez, pentsatu zuen ospetsu bilakatzen bazen, Fosterren pareko norbait bihurtuko zela bera ere. Taxi Driver filmeko Travis Bicklen pertsonaiarekin erabat identifikatuta sentitu zen, eta, hala, inspirazio iturri izan omen zuen politikari bat tirokatzen saiatzeko. Izan ere, Bickleri presidentetzarako hautagaia den senatari baten aurkako atentatu bat egitea bururatzen zaio. Baina, ezin izango duenez ekintza burutu, Fosterrek antzezten duen pertsonaia ezagutu ondoren, hura salbatzeko ahalegina egingo du haren esplotatzailea tirokatuz. Gero aitortu zuenez, John Hinckleyk prestatu zuen atentatuak Jodie Foster inpresionatzea zuen helburu. Ondorioa: Ronald Reagan AEBetako presidentea erailtzen saiatu zen 1981. urteko martxoaren 30ean Washington-en, hark kargua hartu eta 70 egun eskasera. Reagan onik atera zen, zauri arin bat baino ez zion eragin bularraldean eta arazorik gabe agindu zuen legegintzaldian. Hinckley 1982an epaitu zuten eta errugabetzat jo zuten, defentsak aurkeztutako eromenaren argudioa aintzat hartuz. Washingtongo St. Elizabeths Hospital erietxean sartu zuten 2016. urtean askatu zuten arte.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko jolas makabro honetan munstro batek beste bat elikatu zuela da egin daitekeen interpretazio bat. Baina zer pentsatua ematen du, era berean, produktu kultural batek pertsona batengan (bere buru osasuna nolakoa den alde batera utzita) halako eragina izan dezakeela jakiteak.

Jon Eugi