Artikulua :: Pako Sudupe 2024/06/18

Emozioen garrantzia oroitzapenak gordetzeko (I)

Lehenik eta behin, gizakiok badugu ahalmen axola handiko bat: garrantzizkotzat jotzen ditugun informazioak eta sentsazioak burezurraren barruan ondo ahokatua dugun garunean gorde ditzakegu, eta komeni denean haiek gogora ekartzeko gauza gara. Gaitasun natural harrigarri hori erabakigarria da geure historia pertsonala eraikitzeko, nor garen definitzeko eta geure buruaren jarraitutasunaren zentzua atxikitzeko, hau da, goizean esnatu eta ziur egoteko ge geu garela, gauean oheratu ginen pertsona berbera alegia.

Kontzientziaren argia pizten zaigun orduko, oroimenak geure burua eta ingurunea ezagutzeko aukera eta modua ematen dizkigu, eta ezagutzak eskuratu eta aplikatzekoa. Haren bitartez sortzen dugu, imajinatzen dugu eta etorkizuna kudeatzen dugu gure xedeak lortze aldera. Egoki erabilita, bizirik irauten laguntzen digu eta gure bizi-kalitatea hobetzen. Eta oroimenari esker ulertzen ditugu gure lagun hurkoak, gure jakituria eta ezjakintasuna ere transmititzen ditugu, eta hari esker eraikitzen eta mantentzen ditugu gure harremanak.

Oroimenak bere misioa betetzeko axolazkotzat jotzen dugun informazioa eta hunkitzen eta astintzen gaituena harrapatu eta metatu beharra du, eta atzitze eta metatze hori nolakoa den, halakoa izango da oroimen horren izaera ere, zeren iraupen laburreko oroimenean gordeko dugu edo epe luzeagokoan, eta norberaren bizitzaren bilakaerarekin batera joango zaigu oroimen hori ere hein batean eraldatzen, edo zenbait kasutan, bere horretan atxikitzen.

Informazioa ordu, egun, hilabete edo urteetan atxikitzea ezinbestekoa da sentsazioak, hitzak, emozioak, pertsonak, objektuak eta lekuak ezagutzeko. Oroimenean grabatzen ditugun ezagutza eta gertakariekin taxutzen dugu gure bizitzaren haria eta bideratzen dugu eguneroko bizimodua.

Gure buruak etengabe kanpotik eta bere barrutik jasotzen duen informazioa finkatu beharra dugu horretarako ditugun neuronen zirkuituetan, hartara oroimena grabatua geldi dadin. Hala gertatzen da ingurunetik eta inguruneko pertsonengandik zentzumenen bidez jasotzen ditugun irudi, hots, usain eta gainerako estimulu eta mezuekin, eta, era berean, gure oroimenak geure buruari buruzko seinaleak jasotzen ditu geure zentzumen-hartzaileen bitartez. Aurrerago zehaztuko dugun bezala, horregatik bereiz litezke zenbait oroimen mota analisirako; berez, haietako asko neurona-sareen bitartez elkarrekin erlazionatuak egon arren.

Gaur goizean jaiki, eta ordenagailuan idazten jarri naizen arte egin ditudan ohiko ekintzek eta kalera aterata, nirekin gurutzatu diren pertsonek ere ziur samar nago ez didatela aztarna sakonik utziko –nahiz eta paseoetan ikusten ditugun pertsonen soslaiek ere hatzen bat uzten duten epe laburreko oroimenean--, baina duela ez asko Bilboko Guggenheimen izan nintzen, Joan Miró katalan pintore eta eskultoreari eskainitako erakusketa ikusten, eta hura ez zait berehalakoan ahaztuko. Margolanak ez ezik, 85 urte bete zituenean egin zioten elkarrizketa ikusi nuen bertan, non bere bizitzaz eta obraz informazio jakingarria ematen zuen, eta gainera, tailerrean agertzen zen lanean; nola egiten zituen trazuak margo beltzarekin eta berehala behatzak “zikinduz” zabaltzen zituen, eta gero kolorea ematen zien: gorria, urdina, arrea, marroia...; askoz hobeto jabetzen zara.

Nire autobiografian bere lekua duen episodio hau ez ahal zait ahaztuko! Duela ez asko lankide hurbilekoenek, erretiroa hartu behar nuela eta, bi despedida hunkigarri eskaini zizkidaten. Hunkitua eta aldi berean harro sentitu nintzen haien merezidun nintzela ustez izateaz. Hori bai, neure ikuspuntutik gordeko ditut, gertakari nagusietan zentraturik, eta lankide bakoitzarekin ateratako argazkiaren bitartez.

Baina nola bereizten du gure garunak zer ondo gorde eta zer baztertu behar duen?, zergatik ditugu zenbait oroitzapen buruan barru-barruraino ongi iltzatuak –herenegungoak, atzokoak edo oraindik orainekoak-- eta, aldiz, eguneroko bizipen eta esperientzietatik gehien-gehienak di-da batean ahazten zaizkigu?, nola daki gure garunak zer gorde behar duen eta zer ez?

 

Pako Sudupe